Altamira baserrirantz, aldapan gora, eskailerak igo… Heltzerakoan, arte eder horren irudiak, itzalak, harrapatu gaitu. Arte dotore, bikaina; garai bateko erregebidea babesten zuena.
San Kristobal aldera, bidean aurrera, Jose Luis Iñarra kalean gora. Seguru asko, Arrasateko kalerik luzeena da. Gaina hartu eta, Beneras auzora jeisteko bideak Iñarraren izena mantentzen du eta. Beraz, Arrasateko kalerik luzeena? Bitxia.
San Balerio
Herriko auzorik zaharrena Beneras edo Meatzerreka. Bide ertzeko kartela Erregebideaz, Galarragako kobaz, San Balerioaz… mintzatzen da. Hori guztia interesgarria, baina pinturaz estalitako zenbait hitzen artean ez da erraza mezua ongi ulertzea. Saiatu arren, ez dugu lortu. Grafitero kaskar horien lanak, hemen informazioaren oztopo.
Ermitarantz jotzen dugu eta hor, beste kartel interesgarri bat, oraingoan guztiz garbia! Meatz auzoaren inguruko informazioa. Itsasoren telefonoak, aplikazio baten bitartez, testua, ahots gardenaz, irakurri egiten digu. Guztiok harrituta teknologiaren garapenaz. Oso lagungarria sistema, gustatu zaigu. Jarraian aplikazio horren inguruko galderak: izena, nola deskargatu… Interesa sortu du ikusitakoak!