Antoniñako hezegunea

2018an berreskuratzen hasitako hezegunera hurbildu gara, Antoniñako istingara. Musakola auzoan dago, Anporretarako bidean. Arrasateko Udalak 2019an hainbat lan egin ditu eremua berreskuratzeko: istingaren ur maila mantentzeko, enborrak erabilita, presa txikiak egin dira; egurrezko pasabideak istingaren gainetik paseatzeko; inguruan dauden espezie inbaditzaileak kendu dira: Fallopia sp, Buddleja sp, Prunus laurocerasus…

Zuhaitz Egunean, hezeguneetako espezieak landatu ziren: 50 haltz eta  170 sahats.

Antoniña errekatxoaren adar batean, hezegune txiki batzuk sortzean datza bioingenieriaren bitartez eginikoa. Bertako karramarroaren ugaritzean ere lagunduko duen ustean eta, Uraren Euskal Agentziaren oniritziaz. Gune bizi bizia, erakargarria; zuhaitzetan zintzilik txorien babeslekuak ere ikusten dira. Ezagutu eta zaindu beharreko txokoa!!

Gorantz egin dugu ur biltegi aldera, Antoniña Etxebarri baserrira. Arbera joateko tentazioa ere izan dugu, baina beste egun baterako utzi dugu. Behorra hurbildu zaigu, animalia dotorea.

Gustuko paseoa, bueltakoan Debari begira, hazita dator eta uraren abiadurak olatuak ere sortzen ditu. Aurreko egunetako eurien eragina, nonbait.

INFORMAZIO OSAGARRIA

«Antoniña errekatxoa: Antoniña erreka Itturritxipi aldean (Anporretan) jaiotzen da eta Deba ibairantz egiten duen bidean ura jasotzen doa beste errekatxo batzuetatik. Jaitsiera horretan lehen erabiltzen zen minerala garbitzeko instalazioetara iritsi baino lehen, egun, atontzen ari den Antoniña hezegunea zeharkatzen du. 1922tik 1936ra bitartean, Mietza eta Galarragako meategietatik kable baten bidez minerala jasotzen zen Musakolako Antoniña errekaraino minerala garbitzeko eta garbitutakoan, Bergarako Labe Garaietara, hasieran gurdietan eta geroago kamioietan eramaten zuten. Urkulu egin aurretik, 1970ko hamarkadan, auzoa hazi zuenean, herriko auzoetan ur murrizketak izan ziren hainbat urtetan eta horretarako ur deposituak egin ziren ura bildu eta gero etxeetara banatzeko. Horren ispilu Antoniña Etxebarria baserriaren goialdean dauden bi ur deposito dira. Lehen, errekatxoa Musakolako kiroldegiaren ondoan pasatzen zen eta bere ezkerraldean, 1991.urte artean Mojategi baserriak auzotarrei lagatutako ortu asko zeuden (gaur egungo rugby eta futbol zelaien esparrua) eta handik ura hartzen zuten landareak eta barazkiak ureztatzeko. Toki hori, berez oso urtsua zen eta mendiaren aldean zeuden ortuen burualdeetan ur putzuak (osinak) zeuden eta horiek ere barazkiak ureztatzeko primerakoak ziren. Handik distantzia txikira Antoniña erreka Deba errekarekin elkartu baino lehen bere urak elikatzen zuen auzoko garbitokia. Handik metro batzuetara Mojategiko iturria zegoen, ur murrizketak zeudenean auzoaren salbazioa zena ura etxeetara eramateko. Antoniña erreka, Musakola auzoaren bizimoduaren zutabe garrantzitsua.» (eskola agenda 2020-2021 arrasate)

https://www.arrasate.eus/eu/albisteak/antoninako-istingan-220-arbola-landatuko-dira-urtarrilaren-18ko-zuhaitz-eguna-baliatuz

One thought

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *