Meatzerreka auzoko Etxaldebarrira gaurkoan. Baserri ederra, eguzki-begia, arku dotorea… atarian Joxe Mari Langaran, argi, eta azalpenak eskaintzeko prest.
M.L.
Anderola izena zuen, baina suntsitu eta gero berriztu zutenean, Etxaldebarri jarri zioten, horrela azaltzen da XIX. mendeko dokumentuetan. Hala ere, badakite askoz zaharragoa dela. Garai batean, Monterroneko kondea zen jabea, beste zenbait baserriren antzera. Joxe Mariren ama zenak kontatutakoa: errege bidea bertatik pasatzen zen, Bilbora zihoana. Eta diligentzien kaballo aldaketa Loon egiten omen zen.
Etxaldebarriren aurrean ereinotz ederra dago. Bestalde, baserritik gertu bi karezulo, garai batean lurra lantzeko eta maluen kontrako ezinbesteko elementua lortzeko, karea, hain zuzen ere. Lurra lantzeaz gain, basoa, ardiak eta lurren mugak babesteko harrizko paretagintzan lan handiak egindakoak ziren Langaranen arbasoak. Kontu kontari atsegina, eta beste zenbat istorio ote ditu buruan? Gure jakin-mina asetzeko berriz ere bisitan bueltatu beharko. Esker mila, Joxe Mari!!
karezuloa
Ilundu aurretik, Joxe Mari agurtu, eta pausu biziaz abiatu gara. Bueltako bidea, aldapan behera erraza; Meatz Erreka elkartearen aurretik pasatzean, aspaldiko bisitan egin ziguten harrera bikainaz oroitu eta eskertu. Kontu horiekin, konturatu gabe, Muxibarrera heldu gara. Ilundu eta hoztu egin du, kafetxo bat hartuko dugu?
E.A. E.A.