Etxezarreta naturgunera!

2019-12-5

Etxezarreta izeneko parkea Arrasateko kanpoaldean dago, oinezkoen pasealekuaren ondoan, Arrasate Oñatirekin eta Bergararekin lotzen duena, Deba ibaiaren bazterrean, inguruko errekaldeko baso natural bakarrenetakoa da.

2018ko azaroan Arrasateko Udalak, Besaide mendizale elkartearekin eta Naturtzaindiarekin elkarlanean, Etxezarreta eremuko 83 hektarea erosi zituen hango zuhaitz eta landareriaren kontserbaziorako babes eremua izateko asmoarekin. Etxezarreta naturgunea ezagutzeko eguna 2019ko urriaren 13a eta gaur, sasoibide taldea hara hurbildu da.

Bidean abiatu eta, hor ezkutuan, txukundutako karobia aurkitu dugu. Luisen laguntzarekin, karea nola lortzen zen eta haren erabilera gogoratzea erraza izan da. Aurrerago, autobidearen zutabeetan, inguruan ezagunak diren hegaztien irudi ederrak.

Etxezarreta eremuan sartu, eta Rafael Ariza Etxezarreta (1874-1934) nor izan zen azaldu digu Loreak: oso pertsonai interesgarri eta garrantzitsua arrasatear gizartean; meatzetako ingeniaritza ikasita, sendagile homeopata, goi kulturako gizona, botanika zalea (Etxezarretako inguruetan 70 bat zuhaitz espezie ezberdin katalogatuak)… Bere etxea, finka handi batean bihurtu zuen, teknologian aurreratuenetakoa, bai Arrasaten, bai Euskal Herrian eta Europan; basoa ustiatzen jardun zuen, abeltzaintzan, hegazti hazkuntzan eta sagardogintzan ere bai. Aipagarria zer-nolako korta eraiki zuen ganaduarentzat, zorua eta hormak baldosa zuriz estalita, edanleku automatikoak animalientzat, eta bagoneta eseki bat lastoa eta satsa mugitzeko.

Oroitzapen garaia: txikitan, Angelines eta lagunak, maiatzean hara hurbiltzen ziren, egun etenda dagoen zubiko kanpaia jo, atea zabaltzen zieten eta barrura lorak biltzera. Han, bi hilobien ondoan, oroitarria, asko maite zuten txakurrarena omen… Gutariko batzuek etxea zutik zegoela gogoratzen dute, sukaldea, kapera, liburutegia… Hori guztia entzun eta gero, guztioi jakin-mina sortu zaigu.

Aurrera egin eta zuhaitzei erreparatu diegu: hagin ederra (tejo), beste hainbat tokitan bezalatsu, Euskal Herrian ere zuhaitz sakratutzat hartu izan dena. Haritzen kopuruari dagokionean, urte gutxitan Gipuzkoako harizti zabalena izango omen da Etxezarretakoa. Sekuoiak, izeiak… eta beste zenbait espezie. Hurrengoan, zuhaitzetan aditu den norbaitekin etorriko bagina… zenbat ikasiko genukeen! Merezi du, eta udaberrian bueltatuko gara!

Bisita bukatu aurretik, Edurne Mongek memoria ariketa bat proposatu digu: hiru zuhaitz izenak aipatu eta, paseoaren amaieran izen horiek errepikatzea. Hagin, Pagoa, Haritza.

Eskertzekoa da, denok ere, taldean egin dituzuen ekarpenak eta, baita , Jose Mª Velez de Mendizabalek emandako informazioa ere.

Informazio gehigarria:

  • https://www.arrasate.eus/eu/udala/udal-sail-eta-zerbitzuak/obra-zerbitzu-mantentze-eta-auzoak/parkeak/etxezarreta-eta-sagasti-etxea
  • https://www.arrasate.eus/eu/udala/udal-sail-eta-zerbitzuak/obra-zerbitzu-mantentze-eta-auzoak/parkeak/etxezarreta-eta-sagasti-etxea/informazio-gehigarria
  • https://www.arrasate.eus/eu/agenda/etxezarreta-naturgunea-ezagutzeko-eguna

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *