22. irteera: Santa Teresa ikastolara!

Beroketa, malgutasuna eta oreka ariketak Rosa Otaduik gidatuta egin eta, santa Teresa ikastolarantz abiatu gara. Iban Roak hartu gaitu, eta ikastetxearen datu batzuk eman dizkigu: ikasleak 2 urtetik 12ra artekoak, hau da HH eta LH mailak, berrehundik gora dira. Eraikina, Konfiantzaren Pedagogiaren aplikazioa errazteko eginiko egokitzapen arkitektonikoa, oso erakargarria da: espazio zabalak, kristalezko hormak, kolore zuria eta egurra nagusi, argitasun handia, irakurtzeko sarea… Haurrak jolasean, elkarri fruta banatzen, ingelesa ikasten, marrazkiak egiten… Ikasle nagusienak, Musakolaren azterketa, historia eta garapena islatzeko lanak bukatzen: aspaldiko argazkien bilduma, planoak, maketak… Eta azkenik, jaietako danborradaren entsegua jolastokian. Ongi antolatutako taldea, adin guztietakoak, danbor hotsa nagusi, indartsu, eta ilusioa guztien aurpegietan.

Bisita amaitu, eta Jose Ramon Bardeci erizainak iktusari buruzko informazioa azaldu digu: gaitzaren ezaugarriak, prebentzioa eta sortzen denerako jarraibideak ere eman dizkigu (ikus jarraian). Azken horiek oso garrantzitsuak, iktusa sortu eta lehen orduetan egindakoak eragin handia baitu ondorengo errekuperazio prozesuan. Beti bezala, arreta handiaz entzun eta gogoan izateko modukoak dira.

Gaurkoari bukaera eman aurretik, bi kontu: ekaineko irteera berezia, Getariara joateko plana… Izena emateko epea, maiatzaren 16a. Bestea, sasoibideko partaideen arteko argazki lehiaketa martxan jarri dela. Etxera joan aurretik, salda goxoa hartu, kontu-kontari jardun eta, hurrengo astera arte.

Rosa, Iban, Jose Ramon eta partaide guztiei esker, goiza interesgarria izateaz gain, ederra ere izan da.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *