Gaur, Naroa Arenazak eta Gaizka Bengoak «Bastoien erabilera» edo «Nordic Walking«-en inguruan azalpenak eman dizkigute, eta probatzeko aukera ere izan dugu. Teknika interesgarria!
Oinez hasi Biteritik, S. Andresen dagoen Dr Córdoba y Oro plazaraino, zeina ezkutuan dago, eguzkitsu eta baketsu. Zergatik izena? Noren omenez? Arrasaten, 1615ean jaio eta Coria zein Cuencako Canónigo Magistral izan zenaren izena du; Ciudad Rodrigo eta Orenseko apezpiku proposatua eta, Ciudad de Méxicorako artzapezpikua ere bai baina, bere apaltasunak eraginda, kargu horiei guztiei uko egin omen zien (Letona eta Urangaren artxibotik). Cuencan, 1658.an zendu zen.
Jarraian, Arrasateko udaletxera. Harlanduz eginikoa, XVIII. mendean, barroko estiloan eraikia. Balkoiak eta burdinez egindako elementuak R. Ametzola elorrioarrarenak dira eta, fatxadako armarria M. Carrerarena, 1766. urtean egindakoa.
Pleno aretoan, Ander Garai zinegotziak eta, María Ubarretxena alkateak hartu gaituzte. Lehen azalpenak Marijo Axpek, udal-artxiboko arduradunak, Arrasateko antzinako dokumentu garrantzitsuak erakutsiz: Hiri-gutuna eta Pribilegioaren pergaminoak. Lehena Alfontso X.ak emana, bestea, aldiz, Gaztela eta Leoneko erregeek. Udaletxea ezagutzeko biran, linterna moduko espazio ederra, Carrarako marmolezko zutabe ikusgarriaz inguratua, alkatearen bulegoa… Azalpenetan, udalaren gobernuan, idazkari eta kontu-hartzailearen garrantziaz jabetu gara. Beti ere, ezjakintasunean, gauzak sinpleagoak direla uste izaten dugu; beraz, ongi etorria jasotako informazioa. Sortu diren galderen erantzuna jaso eta agurtu aurretik, eskailera eder horietan argazkirako prestatu gara.
Erdiko kalean behera, portaloiko eskulturari erreparatu diogu, Iñigo Arregik sortutako Harresi Ezkutua. Burdinazko (corten altzairua) obra arina eta, esanguratsua. Arrasaten jaiotako eskultoreak, Jorge Oteiza gaztetxotan ezagutu eta haren jarraitzaile bihurtu zen. Egun, bere obra hainbat galeria eta erakusketetan ikusgai dago.
Eskertzekoa udaletxean jasotako harrera, eta gaurkoan ere, denok gustura.
Informazio iturriak, gehigarria:
- https://eu.wikipedia.org/wiki/Martxa_nordiko
- Mondragón, sus calles. Letona Arrieta, José
- Letona eta Urangaren artxiboak (KulturAte)
- https://eu.wikipedia.org/wiki/Arrasateko_udaletxea#/media/File:Arrasate_udaletxea.jpg
- https://www.arrasate.eus/eu/arrasate-herria/historia/hiri-gutuna
- http://www.iarregi.com/
- http://www.euskonews.eus/0567zbk/elkar_eu.html
- https://patrons.org.es/inigo-arregi/
Arrasateko udaletxea, XX.mende erdialdeanI
1260.an Alfontso X Jakintsuak eman zion gure herriari Hiri Gutuna