Goiz frexkua Biterin. Eguzkitan beroketa ariketak egin, eta Olandixorako bidean abiatu da taldea. Erritmo onean aldapan gora: Udalaitz, eskuman; aurrean, Anboto… Baserriaren atariraino. Gurekin, Jose Ramon Bardeci eta Mila Pérez, biak Osakidetzako erizainak, eta gaurkoan, elikadurari buruzko aholkuak emateko gogoz: ura edatearen garrantzia, egunero bost fruta ale jatea, azukrearekin kontuz, haragi txuriak hobestea… Bukatzeko, plater osasungarriaren osaketa eta proportzioak zein izan behar diren adierazten duen irudia guztioi banatu digute (ikus argazkia). Sortu diren galdera guztiek erantzuna jaso eta gero, baserriaren ingurua ikustera abiatu gara.
Miguel Jiménez taldekideak etxe ondoko erramuari erreparatu dio, eta hari buruzko zenbait datu eman dizkigu. Laurel real eta común bereiztu egin behar direla. Bata, lorategietan sarri ikusten dena eta bestea, aldiz, koxkaduna, usainduna eta sukaldatzean erabiltzen den erramua; digestiorako lagungarria, sitsaren kontrakoa… Aspaldidanik oso preziatua, ohorearen erakusgarri, sarritan etxe aurrean landatua. Olinpiadetan, irabazleari erramuz eginiko koroa jartzea ohikoa omen zen; Aste Santuaren haseran Erramu Eguna ospatzen da. Horrelako eta bestelako gogoetekin, bueltarako bideari ekin diogu. Eta irteerari amaiera emateko, Etxaluzen, salda beroak barrenak goxatu bitartean, hurrengo ostegunerako planak borobiltzen hasi gara.
Aldapan gora indartsu, umore onean, ikusteko eta ikasteko gogoz, norberak dakiena partekatzeko prest, elkarri entzun eta osatzeko jarreraz, hau talde bikaina!!
Guztion izenean, beraien ekarpenegatik, eskerrak, Miguel, Mila eta Jose Ramoni.