San Fermingway

Hemingway. Jimenez. Eraikuntza.

Azkenaldian maiz akordatzen naiz duela urte gutxi hil zen Arrasateko Antxon Mendizabal irakasle eta idazleaz. Haren ile orrazkera aldrebesak, estilo informalak, eta protagonizatu zituen hainbat anekdota amultsuk, maiz lausotu zuten besteren begietara bere zorroztasun intelektuala. Haren artikuluak, liburuak -Hiruk argitaratu zionetatik bat eman zidan eta urrearen balioa du niretzat- eta batzarretako iruzkinak oso kontuan hartzekoak ziren egin zituenean eta baita gaur egun ere.

Esango nuke antzeko zerbait gertatzen dela Edorta Jimenezekin eta ez dela nahikoa aintzatesten jartzen haren ikerketa lana. San Fermingway -Otras historias de Ernest Hemingway (Txalaparta 2005, originala euskaraz, Susak 2003an) obra irakurtzean zera pentsatzen dut: hau lan mardula eta ondo egina! Izan ere, datu ugariz, prosa eraginkorrez, narratzaile tonu doituz, bi mirari txiki egiten ditu. Bata, guk geuk ere sinetsi dugun frankismoaren makillaje operazioa desarmatzen: Falangista eta enparauen neurrira eginiko Hemingway otzan, lau eta akritikoa ispilu aurrean jarri eta biluzik erakusten digu dokumentazio lan oparoari esker. Bestea, Hemingwayk euskaldun hainbatekin eginiko laguntasun harremana kontatu, baita Hemingway gure herriari buruz zekienari buruzko zantzu bibliografikoak eman ere, eta gerrak zartaturiko gizon-emakume ugariren biografia ezezagunak -bai irakurle honentzat gutxienez- argitara ematea.

Ernest Hemingwayen argi-ilunak agerian utziz, haren kontura diktadura justifikatu nahi zituztenak salatuz, operazio hura topikoz topiko irentsi zutenak lotsaraziz eta etorkizuneko balizko ikerketatarako galdera iradokitzaileak utziz, kontuan hartzeko moduko lana da, izenburuan aipatzen den idazlea maitatu nahiz gorrotatu.

Nikole

Bijotzekua. EAJ. Jimenez.

Nikole bijotzekua (Elkar, 2021) da Edorta Jimenez idazle handiaren lanik berriena. Bertan, torturatua izan zeneko oroitzapen krudel batek akuilatua eta hasieran blogean idatzi arren, denok ezagutu genuen 2020ko konfinamendu luze gorrian hartan hasi zen idazten nik blog hau abiatu nuen modu antzekoan, liburu forma hartu dute Nikole Atxikallenderi buruzko bere narrazioek.

Saiakera? Bai, oso pertsonala. Nikole Atxikallenderi buruzkoa? Ez bakarrik. Bada baita konfinamenduan bizi izan genituen bizipenenen kontaera apala. Eta nor zen Nikole? Sukarrietako Abina baserriko neska, sabinesie, bitan alarguna. Aipatu dut akuilua tortura saio bat izan zuela Jimenezek, liburu bukaeran aipatzen du kontua, baina ageriko txinparta izan zen 1918ko gripe izurria. Izurritik izurrira piztu zitzaion Nikolerekin egin zen injustizia erreparatzeko nahia. Halakoa baita Edorta, Jaun Zurianoren kastakoa, merezi duten gudatan parte hartzeko lantza eskuetan duen zalduna.

Nikole Atxikallende ez genuke ezagutuko Sabino Aranaren emazte ez balitz. Bikain kontatzen du Edortak bien arteko harremana nola mamitu zen, pena bakarrik Sabinoren kartek iraun izana, eta ezkontza ostean ere Aranaren militantziak eta osasun petralak ekarritako buruhausteak. Nik onartu beharra dut ez dudala ezagutzen JEL munduaren kosmogonia, arrazoi familiarrak eta geografikoak tarteko beste ingurune bat ezagutzea tokatu zait niri, eta balio izan dit mende amaierako Bizkaia hura apur bat hobeto ezagutzeko. Baita Urdaibai paraje horri buruz ere ikasteko, marinel kontuetatik hasita marea eta ehiza kontuetaraino. Horretan lagundu dit Jimenezen honestitate intelektualak, umore zirikatzaileak eta liburuaren beraren egiturak, kapitulu motz eta amenoekin.

Hil ostean gauza itsusiak esan zituzten Nikoleri buruz hainbatek. Historiatik ezabatu nahi izan zuten, Arana Goiriren anaiak berak aurrena, Aranaren bizitzatik ezabatu nahi izan zen gisara. Baina haragia egoskorra da. Eta Edorta da bazter hauetako harakinik maitagarriena.

Aho zabalik

Ogia. Zirkua. Jimenez&Cano.

Jokaldi zikinik bada eskubaloian hau da. Oker ez banago guri behin egin ziguten, Urnietan edo Usurbilen, “U” letraz hasten ziren Gipuzkoa ekialdeko herri ezezagun berdin horietan. Lehen erasoan egin beharrekoa da, berandu egiteak ez baitu eragin bera. Baloia pasatzen zaio hegaleko jokalari bati, eskrupulu gutxien duenari, eta hau joango da joko zelaia amaitzen den erpinera, nondik ia ezinezko duen gola sartzea, ez baitaki, gure kategorian inork ez zekien, nola eman efektua baloiari. Bi aukera ditu beraz, defentsa artean lekua egin nahian dagoen piboteari pasatzea edota, hau da jokaldia, ahalik eta gogorren jaurtitzea baloia kontrako atezainaren aurpegi erdira. Ez du golik sartuko, bistan da, baina atezainak ez du berdin jokatuko partida osoan zehar. Izutu egingo da. Uste dut orain araudiak ez duela zakurkeria hori ametitzen, baina nerabe ginen gu taxuzko gizon izatea espero zuten urte horietan araudiak Brummel usaina zuen. Harkaitz Canoren ipuin bat balitz deskribatu berri dizuedan egoera gure kirol ibilera hegaleko jokalariak zerbait antzemango zuen atezainaren aurpegian. Gosariko kolakao arrastoren bat masailean, marrubi marmelada orban bat ezpainetan, bereak ez diren hortz zuri distiratsuak. Zalantza egingo luke hegaleko jokalari exekutoreak eta orduan, seko gelditu, baloia bi eskuekin hartu, kiroldegitik atera, taxi bati deitu eta aireportuan leon kastillo jokatuko luke nora joan baloi eta guzti. Edota baloiak helmuga bat aukeratuko luke eta jokalariak beste bat: Temuco eta Urdiñarbe, hurrenez hurren. Gainontzeko jokalariok geunden posizio berean geratuko ginateke, zain, zahartuz, batzuk erasoan eta besteak defentsan, mina ekiditea beste helbururik ez zuen formolezko determinazioak izoztutako kantxan preso.

Irati Jimenezek Miguel de Unamuno XXI. saria irabazi zuen Bilbon Ogia eta zirkua (Erein, 2021) lanarekin. Miraria da. Liburua ez baita lur honetakoa, aurreko paragrafoko jokalariari kiroldegitik ateratzeko apur bidea uzten dion orri sorta da. Mapa da liburu hau, iparrorratza dilindan duena, literaturarekiko maitasunera bidea erakusten duena. Hasieran haluzinatu egiten duzu orriokin: baina zer da hau? euskal letratan ez dut antzeko ezer irakurri! Idazle bat beste idazle baten idazlana aztertuta ofizio honen gakoak eskaintzen ari da bekaizkeriarik gabe! Hori baita Neguko Zirkua Canoren liburua aztertuta Jimenezek bilatzen duena: nola izan idazle azaltzea, nola izan gizon, nola izan pertsona. Eta nola batak besterik gabe ez duen funtzionatzen, doilorekeriaz beteek idazle izateko arazo handiak izango dituztela. Beste dimentsio batera daroa Canoren lana Iruñean bizi den idazle bizkaitarrak eta beste dimentsio batera garamatza gu, irakurleok.

Lagun batek maiz kontatu didan anekdota hau. Kontzertu baten ondorenean, areto baten backstagean hogei lagun inguru daude, musikari, teknikari, bikote eta lagunak. Musikarietako bat hurbildu zitzaion eta belarrira esan: “Badakizu zer? Guzti hauetatik zu zara musikaz ari den bakarra, beste guztiak musikaren munduaz ari dira”. Horregatik diot Jimenezen lana berezi dela, literaturaz ari delako. Eta egun dena sare sozialetako beef eta erdipurdiko elkarrizketa denean, idazle askok irakurtzeko ere lanak dituzten garaiotan, literatura bera erreibindikatu beharreko zerbait bilakatu da. Gure zabarkeriak tenpluko sua metxero baten garrera jibarizatu du. Normala, pebeteroa bandalizatu dugu eta ahaztu zergatik egin ginen sinesmen zahar honen jarraitzaile. Baloikada gehiegi atezainen aurpegietara eta zirku zaharra LED pantaila erraldoiek zokoratua dute. Hala ulertu dut nik liburua, suari hauspoa emateko ahalegina, miresmenetik eta maitasunetik egina, literaturari eta beronek gurean duen zerbitzari fidelenetako bati, Harkaitz Canori.

Bistan da gomendagarria dela irakurketa. Hasierako orrietan zuen buruari esaten badiozue “baina zer da hau?” ez etsi, erritmoa hartuta zalantza gozamen bilakatzen baita. Eta euskal liburu hitzaurregintza krisi sakoenean badago ere hau irakurri, Iratik liburu hasieran idazten diren orriak aspaldian euskal literaturan ernatu diren orrialde amultsuenetakoak dira. Bukaeran Cano berari eginiko elkarrizketa dago, blogari honi irudimena pizteko balio izan duena (eta ez da gutxi sasoi hiperestimulatu honetan). Horrenbeste, ze, jakin badakit hegaleko jokalari angulurik gabeek ez dutela zertan parekoaren aurpegia txikitu.

Jan goikoa

Arregi&Jimenez. Eztabaida. Elkar

2007tik hona zenbat euri egin du? Gero eta gutxiago, esango du batek, klima aldaketa tarteko. Ni AEKn ari nintzen lanean urte urrun hartan, artean Donostian bizita. Loiolako elkarrizketen hondarrak ari ginen ezagutzen. ETA indarrean zegoen eta oraindik Guardia Zibilak ez zituen nire ezagun batzuk torturatu. Twitterrek urte bete eskas zuen. Mikel Laboa bizirik zegoen. Ez genekien zer ziren subprime hipotekak. Bipartidismoak Espainian betiereko zirudien. ANV hozkailutik atera berria zen. Jason Bournek akzio pelikulei arnas apur bat eman zien John Wick-Godoten esperoan.

Xabier Mendiguren Elizegik elkartu zituen Joxe Arregi teologo ezaguna eta Edorta Jimenez idazle ateoa Jainkoa eta erlijioari buruz eztabaidatzeko Jainkorik bai ala ez? (Elkar, 2007). Galdera gutxi batzuen bueltan batak eta besteak erljioei, kristautasunari, etikari, elkarrekiko errespetuari, erruari edota inposaketei buruz jarduten dute liburu interesgarri batean. Ez akaso ondorio argiak ateratzen dituztelako, ez zuten gainera hori xede hitzaurrean bertan esaten zenagatik, elkarrizketa bat josteko gai izan zirelako baizik. Izan ere, ez dut alferrik aipatu twitter, gaur egun oso nekeza den ariketa egiten dute bi gizonek (Edortak feminismoari buruz egiten dituen apunteetan ezik oso gizon baita liburua elkarrizketak Uxue Alberdik transkribatu arren, hor ere nabari da akaso urtea, feminismoak zenbat eraldatu gaituen jabetzeko beta ezarriz): batak bestea entzun, ezadostasunak nahiz adostasunak berariaz aipatuz.

Beste kuestio bat, egun posible litzateke horrelako liburu bat elizak haurrei eginiko sexu abusuak aipatu gabe? Nik ezetz uste dut eta hori berresteko Alberto Barandiaranen lana datorkit burura, esate baterako, egun horrelako zerbait isilaraztea ezinezko egingo zukeena. Eta ez nuke hau ulertzerik liburuan parte hartu duten pertsonekiko kritika gisa, kazetaritza lanaren gorazarre gisa baizik.

Natorren berriz liburura. Bigarren paragrafoan aipaturiko josketa ariketa horretan hainbat hari mutur hobatzen dituztenez gero, interesgarria iruditu zait bat hona ekartzea orri artean aurki daitekeenaren lagin gisa. Etikari buruz ari dira Arregi eta Jimenez kapitulu honetan: “Edorta: Nik beste kontu bat gehitu nahi dut etikari buruzko eztabaida ixteko. Inteligentziaren bilakaera hizkuntzaren bilakaeraren eskutik dator, eta inteligentziaren bilakaerari esker dator hizkuntzarena… Etikari, etika berriari eskatu behar zaiona hizkuntza zuzena da, eta horrel aldeko konpromisoa oraintxe hartu behar da. Gizarte honetan, hizkuntzaren erabilera okerra da bidegabekeriarentzako lehenengo atea: hor ikusten dugu iruzurra publizitatean, iruzurra mezu politikoetan, hizkeraren erabilera interesatua, eufemismoak, hau eta bestea…”.

2007 urtean halakoak egin zitzakeen euskal liburugintzak. Krisiak eta argitaletxeen egoera prekarioak halakoak kendu dizkigu, nik uste. Horregatik iruditu zait erlikia tankerako artefaktua. Eta ondo legoke halako gaiei ekitea, txio eta hari artean inbertitzen dugun denboraren kostua kalkulatuta hainbat merkeago baita pentsamendua hala jasotzea. Noski, beti ere, a priori urrun egonda ere Jimenez&Arregi bezain mintzakide eskuzabalak lortuz gero.

Kilkerrak ixil-ixilik

Kilker. Jimenez. Mundaka.

Kilkerrak ixildu egin dira Hawaiin. Hala jasotzen du Zientzia Kaiera webgune guztiz interesgarriak hemen. Bizirauteko ezinbesteko dute ixiltasuna. Izan ere, testuak dioen bezala, Hawaii artxipelagoan arerio latza dute: Ormia ochracea izeneko euli parasitoa. Hain zuzen kantu doinuari esker topatzen ditu euliaren emeak kilker kantariak eta kantariaren inguruan eta gainean uzten ditu bere larbak.

Beste kilker batzuk ere, itsaso bat honantzago, ixiilik geratu ziren 1937an eta 1939an faxisten artean biziraungo bazuten. Ihes egitea lortu zutenek oinaze eta min artean ere ez zuten kantu ozenik haizatu. Borrokatu, galdu, traizioa jasan eta erbestea dastatu zuten hainbatek.

2003an idatzi zuen Edorta Jimenezek Kilkerren hotsak nobela (Susa, 2003) Alejandro Mallona alkate jeltzalearen fusilamendua ardatz. Fikzioan zahartzaro betean den Uriarte gudari eta espioi oihari bisita egiten dio ezezagun batek. Elkarren arteko elkarrizketek hainbat hari ateratzen dituzte eta Jimenezek hari bakoitzari tiraka onduko du eleberria: zahartu den gudari ohiaren nahia berarekin ezagutza gal ez dadin, arbaso denak gaurko begiz eredugarri ez izatearen zama, gerran Jaurlaritzak xaloki eginiko akatsak, jende gazte eta fin askoren eskuzabaltasuna, ezinezko maitasunaren zauria, laguntasuna… Dena kresal zaporez, Intxortako historia ezagutu duen irakurle honentzat liluragarri eta esker oneko. Gutxi egongo da euskaraz itsasoari buruz egun hain ondo idazten duenik.

Vox eta Desokupa gurean diren egunotan liburu bukaerako pasartea dakart. Musakola nire auzoko agure batzuei gauza bera entzun nien umetan: xaloegiak izan ginen, ez genuen gerra egiten jakin. Muga estua dago noblezia eta tentelkeriaren artean. Ez da indarkeriarako deia nirea, Arestik etakideen amez dioena maiz dut gogoan, baina ez dut espero gizatasunik faxisten artean. Horrek galdu zuen Mallona eta hori erakutsi ziguten anarkista, akzioko, sozialista eta komunistek

-Halaxe duk, bai. Baina zer nahi duk?- barrea bareturik esan nion-. Hortxe daukak, eskutitzean, Falangeren definizioa -eta solemne jarraitu nuen-. Falange, abnegazio handiz eta sentimendu onen aldekoa zen gazteriaz beterik jaiki zen partidua da; baina era berean Falange justizia hotz eta motz egiteko ere sortu zen; hala bada, ni orain ordezkari nauten juezen aldetik, berori zigortu edo errugabe aitortu behar duten juezen aldetik, inongo bidegabekeriarik izango denik ez du zertan uste izan behar berrorrek.

Ikerketa lan handia dago Jimenezen lanaren atzean, ezagutza. Datuak, kazetariak, giroa, toponimoak. Harrapatu nau istorioak ere, jakin arren, 36ko altxamendu faxistako kontakizun oro legez garratz amaituko duena. Galdera bakarra izan da nola une batean, bukaeran, aholkatzen dion Uriartek bisitariari ahazteko iraganeko Mallonak eta egungoetan jartzeko arreta. Ez zaio arrazoirik falta, eta, halere, ezin diogu ihes egin 1936ko uda sargoriari. Ziur erantzuna interesgarria dena.