Nikole

Bijotzekua. EAJ. Jimenez.

Nikole bijotzekua (Elkar, 2021) da Edorta Jimenez idazle handiaren lanik berriena. Bertan, torturatua izan zeneko oroitzapen krudel batek akuilatua eta hasieran blogean idatzi arren, denok ezagutu genuen 2020ko konfinamendu luze gorrian hartan hasi zen idazten nik blog hau abiatu nuen modu antzekoan, liburu forma hartu dute Nikole Atxikallenderi buruzko bere narrazioek.

Saiakera? Bai, oso pertsonala. Nikole Atxikallenderi buruzkoa? Ez bakarrik. Bada baita konfinamenduan bizi izan genituen bizipenenen kontaera apala. Eta nor zen Nikole? Sukarrietako Abina baserriko neska, sabinesie, bitan alarguna. Aipatu dut akuilua tortura saio bat izan zuela Jimenezek, liburu bukaeran aipatzen du kontua, baina ageriko txinparta izan zen 1918ko gripe izurria. Izurritik izurrira piztu zitzaion Nikolerekin egin zen injustizia erreparatzeko nahia. Halakoa baita Edorta, Jaun Zurianoren kastakoa, merezi duten gudatan parte hartzeko lantza eskuetan duen zalduna.

Nikole Atxikallende ez genuke ezagutuko Sabino Aranaren emazte ez balitz. Bikain kontatzen du Edortak bien arteko harremana nola mamitu zen, pena bakarrik Sabinoren kartek iraun izana, eta ezkontza ostean ere Aranaren militantziak eta osasun petralak ekarritako buruhausteak. Nik onartu beharra dut ez dudala ezagutzen JEL munduaren kosmogonia, arrazoi familiarrak eta geografikoak tarteko beste ingurune bat ezagutzea tokatu zait niri, eta balio izan dit mende amaierako Bizkaia hura apur bat hobeto ezagutzeko. Baita Urdaibai paraje horri buruz ere ikasteko, marinel kontuetatik hasita marea eta ehiza kontuetaraino. Horretan lagundu dit Jimenezen honestitate intelektualak, umore zirikatzaileak eta liburuaren beraren egiturak, kapitulu motz eta amenoekin.

Hil ostean gauza itsusiak esan zituzten Nikoleri buruz hainbatek. Historiatik ezabatu nahi izan zuten, Arana Goiriren anaiak berak aurrena, Aranaren bizitzatik ezabatu nahi izan zen gisara. Baina haragia egoskorra da. Eta Edorta da bazter hauetako harakinik maitagarriena.