Kandela argitan

Amamak mahai gainean eduki ohi zuen plastiko gorritan bildutako kandela. Azterketa genuenero pizten zuen, baita norbait etxeko norbait bidaian zenean ere eta, zer esanik ez, senide nahiz lagunen ospitale egonaldietan. Sugarrak aski argizari urtua zuenean kandelari buelta eman eta mahaiko zura zuriaren kontra gogortzen zen argizaria. Pittin bat itxaronda, baina lorik hartu gabe, moldeagarria eta jostagarria zen gure plastilina primitibo hura.

Gaur hizpide dudan liburuaren kontrazalak dio aski dela kandela baten argitan irakurtzea, liburuak esku artean su hartzen dizun bitartean, saiakera bat fikzio bihurtzeko. Eta hori da lortzen duena, jolasti egon ohi denean bezain iradokitzaile, erudito eta eklektiko, Harkaitz Canok: definiezina izatea bere talentuaren fruitua. Izan ere, zer da Kandelikara? Erantzun errazena da esatea Buñueli buruzko film baterako apunte liburua dela, 162 orrialde dituena, eta Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak argitaratu zutela 2021ean.

Erantzun konplikatuagoa da esatea Luis Buñuel ez dela existitzen, ez dela sekula existitu, eta Canoren garun pribilegiatuak limoi urez idatzitako obra excel ziegatan preso gauden bulegariontzat idatzitako altxorraren mapa dela, Jabier Muguruzaren biniloak alderantziz entzunda aditzen den mezu sekretuaren negatiboa. Askatasuna hor dago eta Buñuelen filmetan bezala oinez edo txalupaz har liteke -ohar mentala, The great escape filmean ere hala askatzen dira ihesa arrakastaz gauzatzen dutenak-. Pikutara Seaskako egutegian astun baina geldo erortzen den egun markagailua, utikan zomorroon miseria miserable guztiak. Kandela eskutan dugula aterako gara Platonen Lezetxikitik.

Niri hegan egiten lagundu didate orriok. Horrez gain pare bat apunte on ere hartu ditut artikulu edota bestelako lanen batean erabiltzeko eta nire ustez ezin dakioke gehiago eskatu gauetan betazalei kontra eginaz garatzen den jarduera bati.

Bada Mikel Laboa

Artelana. Larratxe&Cano&Iturriaga. Laboa.

Aezkoan artelan berbak baditu adiera bi: auzolana eta artearen plasmazioa den zera hori. Kasu honetan, Joseba Larratxe, Harkaitz Cano eta Unai Iturriagak ondu duten komikiak adiera biak hartzen ditu bere baitan. Izan ere, ederra da, oso, Ni ez naiz Mikel Laboa (Elkar, 2022) komikia.

Egileek arriskua hartu dute, baina, bestalde, arrisku hori hartu gabe akaso ez luke zentzurik izango obrak. Izan ere ez zen edozein abeslari Antiguokoa eta norbaiti kronologiaren zama astuna egiten bazaio hori hari da. Arriskua aipatu dudan arren, ziur asko Izagirre eta Fanok Elgetarekin hartutakoa baino puska bat txikiagoa da. Izan ere, Laboa, bere konplexutasun osoan,askoz ezagunagoa da trikitixa berritu zuen umezurtza baino eta berari buruz idatzi nahi duen orok bide ertzeko lorediak araka ditzake irakurleak bidea dakiela jakiteak dakarren lasaitasunaz.

Hori baita hiru birtuoso hauek -digresioa onartzen badidazue ze konplikatua den batzuetan talentu handidun jendea batu eta taxuzko zerbait egitea, galdetu diruz kirol taldeak eraiki nahi dituzten presidente aberats megalomanoei- lortu dutena: Laboaren izakera, inguruabarrak, giroa… orri artean preso harrapatzea. Bereziki miragarria da kolorearen erabilerarekin lortzen dutena -soilik une puntualetan ageri da, irakurle- eta uste dut luzaroan geratuko zaizkidala Yupanquiren ametsa eta Donostiako Erviti denda uztartzen dituen pasartea, Lekeition gerratik ihesi bizi izandakoen kontakizuna, azkeneko orrietan kontatzen den grabazioaren edertasun tristea, zer ondo islatzen den abeslariak publikoan abesteari zion izua…

Zortedun sentitzen naiz komikiekin, aspaldian gauza oso onak ari bainaiz irakurtzen euskaraz: Adur Larrea, Zerocalcare, marabilla bat egiteko gai den hirutasun deabruzko hau… Segi dezala festak!

Aho zabalik

Ogia. Zirkua. Jimenez&Cano.

Jokaldi zikinik bada eskubaloian hau da. Oker ez banago guri behin egin ziguten, Urnietan edo Usurbilen, “U” letraz hasten ziren Gipuzkoa ekialdeko herri ezezagun berdin horietan. Lehen erasoan egin beharrekoa da, berandu egiteak ez baitu eragin bera. Baloia pasatzen zaio hegaleko jokalari bati, eskrupulu gutxien duenari, eta hau joango da joko zelaia amaitzen den erpinera, nondik ia ezinezko duen gola sartzea, ez baitaki, gure kategorian inork ez zekien, nola eman efektua baloiari. Bi aukera ditu beraz, defentsa artean lekua egin nahian dagoen piboteari pasatzea edota, hau da jokaldia, ahalik eta gogorren jaurtitzea baloia kontrako atezainaren aurpegi erdira. Ez du golik sartuko, bistan da, baina atezainak ez du berdin jokatuko partida osoan zehar. Izutu egingo da. Uste dut orain araudiak ez duela zakurkeria hori ametitzen, baina nerabe ginen gu taxuzko gizon izatea espero zuten urte horietan araudiak Brummel usaina zuen. Harkaitz Canoren ipuin bat balitz deskribatu berri dizuedan egoera gure kirol ibilera hegaleko jokalariak zerbait antzemango zuen atezainaren aurpegian. Gosariko kolakao arrastoren bat masailean, marrubi marmelada orban bat ezpainetan, bereak ez diren hortz zuri distiratsuak. Zalantza egingo luke hegaleko jokalari exekutoreak eta orduan, seko gelditu, baloia bi eskuekin hartu, kiroldegitik atera, taxi bati deitu eta aireportuan leon kastillo jokatuko luke nora joan baloi eta guzti. Edota baloiak helmuga bat aukeratuko luke eta jokalariak beste bat: Temuco eta Urdiñarbe, hurrenez hurren. Gainontzeko jokalariok geunden posizio berean geratuko ginateke, zain, zahartuz, batzuk erasoan eta besteak defentsan, mina ekiditea beste helbururik ez zuen formolezko determinazioak izoztutako kantxan preso.

Irati Jimenezek Miguel de Unamuno XXI. saria irabazi zuen Bilbon Ogia eta zirkua (Erein, 2021) lanarekin. Miraria da. Liburua ez baita lur honetakoa, aurreko paragrafoko jokalariari kiroldegitik ateratzeko apur bidea uzten dion orri sorta da. Mapa da liburu hau, iparrorratza dilindan duena, literaturarekiko maitasunera bidea erakusten duena. Hasieran haluzinatu egiten duzu orriokin: baina zer da hau? euskal letratan ez dut antzeko ezer irakurri! Idazle bat beste idazle baten idazlana aztertuta ofizio honen gakoak eskaintzen ari da bekaizkeriarik gabe! Hori baita Neguko Zirkua Canoren liburua aztertuta Jimenezek bilatzen duena: nola izan idazle azaltzea, nola izan gizon, nola izan pertsona. Eta nola batak besterik gabe ez duen funtzionatzen, doilorekeriaz beteek idazle izateko arazo handiak izango dituztela. Beste dimentsio batera daroa Canoren lana Iruñean bizi den idazle bizkaitarrak eta beste dimentsio batera garamatza gu, irakurleok.

Lagun batek maiz kontatu didan anekdota hau. Kontzertu baten ondorenean, areto baten backstagean hogei lagun inguru daude, musikari, teknikari, bikote eta lagunak. Musikarietako bat hurbildu zitzaion eta belarrira esan: “Badakizu zer? Guzti hauetatik zu zara musikaz ari den bakarra, beste guztiak musikaren munduaz ari dira”. Horregatik diot Jimenezen lana berezi dela, literaturaz ari delako. Eta egun dena sare sozialetako beef eta erdipurdiko elkarrizketa denean, idazle askok irakurtzeko ere lanak dituzten garaiotan, literatura bera erreibindikatu beharreko zerbait bilakatu da. Gure zabarkeriak tenpluko sua metxero baten garrera jibarizatu du. Normala, pebeteroa bandalizatu dugu eta ahaztu zergatik egin ginen sinesmen zahar honen jarraitzaile. Baloikada gehiegi atezainen aurpegietara eta zirku zaharra LED pantaila erraldoiek zokoratua dute. Hala ulertu dut nik liburua, suari hauspoa emateko ahalegina, miresmenetik eta maitasunetik egina, literaturari eta beronek gurean duen zerbitzari fidelenetako bati, Harkaitz Canori.

Bistan da gomendagarria dela irakurketa. Hasierako orrietan zuen buruari esaten badiozue “baina zer da hau?” ez etsi, erritmoa hartuta zalantza gozamen bilakatzen baita. Eta euskal liburu hitzaurregintza krisi sakoenean badago ere hau irakurri, Iratik liburu hasieran idazten diren orriak aspaldian euskal literaturan ernatu diren orrialde amultsuenetakoak dira. Bukaeran Cano berari eginiko elkarrizketa dago, blogari honi irudimena pizteko balio izan duena (eta ez da gutxi sasoi hiperestimulatu honetan). Horrenbeste, ze, jakin badakit hegaleko jokalari angulurik gabeek ez dutela zertan parekoaren aurpegia txikitu.