Aho zabalik

Ogia. Zirkua. Jimenez&Cano.

Jokaldi zikinik bada eskubaloian hau da. Oker ez banago guri behin egin ziguten, Urnietan edo Usurbilen, “U” letraz hasten ziren Gipuzkoa ekialdeko herri ezezagun berdin horietan. Lehen erasoan egin beharrekoa da, berandu egiteak ez baitu eragin bera. Baloia pasatzen zaio hegaleko jokalari bati, eskrupulu gutxien duenari, eta hau joango da joko zelaia amaitzen den erpinera, nondik ia ezinezko duen gola sartzea, ez baitaki, gure kategorian inork ez zekien, nola eman efektua baloiari. Bi aukera ditu beraz, defentsa artean lekua egin nahian dagoen piboteari pasatzea edota, hau da jokaldia, ahalik eta gogorren jaurtitzea baloia kontrako atezainaren aurpegi erdira. Ez du golik sartuko, bistan da, baina atezainak ez du berdin jokatuko partida osoan zehar. Izutu egingo da. Uste dut orain araudiak ez duela zakurkeria hori ametitzen, baina nerabe ginen gu taxuzko gizon izatea espero zuten urte horietan araudiak Brummel usaina zuen. Harkaitz Canoren ipuin bat balitz deskribatu berri dizuedan egoera gure kirol ibilera hegaleko jokalariak zerbait antzemango zuen atezainaren aurpegian. Gosariko kolakao arrastoren bat masailean, marrubi marmelada orban bat ezpainetan, bereak ez diren hortz zuri distiratsuak. Zalantza egingo luke hegaleko jokalari exekutoreak eta orduan, seko gelditu, baloia bi eskuekin hartu, kiroldegitik atera, taxi bati deitu eta aireportuan leon kastillo jokatuko luke nora joan baloi eta guzti. Edota baloiak helmuga bat aukeratuko luke eta jokalariak beste bat: Temuco eta Urdiñarbe, hurrenez hurren. Gainontzeko jokalariok geunden posizio berean geratuko ginateke, zain, zahartuz, batzuk erasoan eta besteak defentsan, mina ekiditea beste helbururik ez zuen formolezko determinazioak izoztutako kantxan preso.

Irati Jimenezek Miguel de Unamuno XXI. saria irabazi zuen Bilbon Ogia eta zirkua (Erein, 2021) lanarekin. Miraria da. Liburua ez baita lur honetakoa, aurreko paragrafoko jokalariari kiroldegitik ateratzeko apur bidea uzten dion orri sorta da. Mapa da liburu hau, iparrorratza dilindan duena, literaturarekiko maitasunera bidea erakusten duena. Hasieran haluzinatu egiten duzu orriokin: baina zer da hau? euskal letratan ez dut antzeko ezer irakurri! Idazle bat beste idazle baten idazlana aztertuta ofizio honen gakoak eskaintzen ari da bekaizkeriarik gabe! Hori baita Neguko Zirkua Canoren liburua aztertuta Jimenezek bilatzen duena: nola izan idazle azaltzea, nola izan gizon, nola izan pertsona. Eta nola batak besterik gabe ez duen funtzionatzen, doilorekeriaz beteek idazle izateko arazo handiak izango dituztela. Beste dimentsio batera daroa Canoren lana Iruñean bizi den idazle bizkaitarrak eta beste dimentsio batera garamatza gu, irakurleok.

Lagun batek maiz kontatu didan anekdota hau. Kontzertu baten ondorenean, areto baten backstagean hogei lagun inguru daude, musikari, teknikari, bikote eta lagunak. Musikarietako bat hurbildu zitzaion eta belarrira esan: “Badakizu zer? Guzti hauetatik zu zara musikaz ari den bakarra, beste guztiak musikaren munduaz ari dira”. Horregatik diot Jimenezen lana berezi dela, literaturaz ari delako. Eta egun dena sare sozialetako beef eta erdipurdiko elkarrizketa denean, idazle askok irakurtzeko ere lanak dituzten garaiotan, literatura bera erreibindikatu beharreko zerbait bilakatu da. Gure zabarkeriak tenpluko sua metxero baten garrera jibarizatu du. Normala, pebeteroa bandalizatu dugu eta ahaztu zergatik egin ginen sinesmen zahar honen jarraitzaile. Baloikada gehiegi atezainen aurpegietara eta zirku zaharra LED pantaila erraldoiek zokoratua dute. Hala ulertu dut nik liburua, suari hauspoa emateko ahalegina, miresmenetik eta maitasunetik egina, literaturari eta beronek gurean duen zerbitzari fidelenetako bati, Harkaitz Canori.

Bistan da gomendagarria dela irakurketa. Hasierako orrietan zuen buruari esaten badiozue “baina zer da hau?” ez etsi, erritmoa hartuta zalantza gozamen bilakatzen baita. Eta euskal liburu hitzaurregintza krisi sakoenean badago ere hau irakurri, Iratik liburu hasieran idazten diren orriak aspaldian euskal literaturan ernatu diren orrialde amultsuenetakoak dira. Bukaeran Cano berari eginiko elkarrizketa dago, blogari honi irudimena pizteko balio izan duena (eta ez da gutxi sasoi hiperestimulatu honetan). Horrenbeste, ze, jakin badakit hegaleko jokalari angulurik gabeek ez dutela zertan parekoaren aurpegia txikitu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude