Jan goikoa

Arregi&Jimenez. Eztabaida. Elkar

2007tik hona zenbat euri egin du? Gero eta gutxiago, esango du batek, klima aldaketa tarteko. Ni AEKn ari nintzen lanean urte urrun hartan, artean Donostian bizita. Loiolako elkarrizketen hondarrak ari ginen ezagutzen. ETA indarrean zegoen eta oraindik Guardia Zibilak ez zituen nire ezagun batzuk torturatu. Twitterrek urte bete eskas zuen. Mikel Laboa bizirik zegoen. Ez genekien zer ziren subprime hipotekak. Bipartidismoak Espainian betiereko zirudien. ANV hozkailutik atera berria zen. Jason Bournek akzio pelikulei arnas apur bat eman zien John Wick-Godoten esperoan.

Xabier Mendiguren Elizegik elkartu zituen Joxe Arregi teologo ezaguna eta Edorta Jimenez idazle ateoa Jainkoa eta erlijioari buruz eztabaidatzeko Jainkorik bai ala ez? (Elkar, 2007). Galdera gutxi batzuen bueltan batak eta besteak erljioei, kristautasunari, etikari, elkarrekiko errespetuari, erruari edota inposaketei buruz jarduten dute liburu interesgarri batean. Ez akaso ondorio argiak ateratzen dituztelako, ez zuten gainera hori xede hitzaurrean bertan esaten zenagatik, elkarrizketa bat josteko gai izan zirelako baizik. Izan ere, ez dut alferrik aipatu twitter, gaur egun oso nekeza den ariketa egiten dute bi gizonek (Edortak feminismoari buruz egiten dituen apunteetan ezik oso gizon baita liburua elkarrizketak Uxue Alberdik transkribatu arren, hor ere nabari da akaso urtea, feminismoak zenbat eraldatu gaituen jabetzeko beta ezarriz): batak bestea entzun, ezadostasunak nahiz adostasunak berariaz aipatuz.

Beste kuestio bat, egun posible litzateke horrelako liburu bat elizak haurrei eginiko sexu abusuak aipatu gabe? Nik ezetz uste dut eta hori berresteko Alberto Barandiaranen lana datorkit burura, esate baterako, egun horrelako zerbait isilaraztea ezinezko egingo zukeena. Eta ez nuke hau ulertzerik liburuan parte hartu duten pertsonekiko kritika gisa, kazetaritza lanaren gorazarre gisa baizik.

Natorren berriz liburura. Bigarren paragrafoan aipaturiko josketa ariketa horretan hainbat hari mutur hobatzen dituztenez gero, interesgarria iruditu zait bat hona ekartzea orri artean aurki daitekeenaren lagin gisa. Etikari buruz ari dira Arregi eta Jimenez kapitulu honetan: “Edorta: Nik beste kontu bat gehitu nahi dut etikari buruzko eztabaida ixteko. Inteligentziaren bilakaera hizkuntzaren bilakaeraren eskutik dator, eta inteligentziaren bilakaerari esker dator hizkuntzarena… Etikari, etika berriari eskatu behar zaiona hizkuntza zuzena da, eta horrel aldeko konpromisoa oraintxe hartu behar da. Gizarte honetan, hizkuntzaren erabilera okerra da bidegabekeriarentzako lehenengo atea: hor ikusten dugu iruzurra publizitatean, iruzurra mezu politikoetan, hizkeraren erabilera interesatua, eufemismoak, hau eta bestea…”.

2007 urtean halakoak egin zitzakeen euskal liburugintzak. Krisiak eta argitaletxeen egoera prekarioak halakoak kendu dizkigu, nik uste. Horregatik iruditu zait erlikia tankerako artefaktua. Eta ondo legoke halako gaiei ekitea, txio eta hari artean inbertitzen dugun denboraren kostua kalkulatuta hainbat merkeago baita pentsamendua hala jasotzea. Noski, beti ere, a priori urrun egonda ere Jimenez&Arregi bezain mintzakide eskuzabalak lortuz gero.