Kale estuetan barrena

Pla. Torrelles. Jaioterria.

Josep Plaren Kale estua (1951n argitaratua El carrer estret izenarekin, 2017an Jexux Mari Zalakainek itzuli eta Igelak euskarari emana) ez da beti izena bezain estu. Batzuetan etorbide da, plaza da, parean menderik ez duen begirada beste. Baina badaki ere estu-estu jartzen, kale izenari berari uko egin eta estrata edo zidor bihurtzeraino.

Izan ere, norbere jaioterriarekin egileak duen harremanaren metafora iruditzen zait liburua. Horretarako komeni da Plaren bizitzari buruzko pare bat zertzelada ezagutzea. Batez ere kazetari eta kronikagile, Errepublika urteetan Madrilen egon zen Cambó Lliga Regionalistako politikari eskuindarrak iradokita. Aurretik, kazetari gisa Europan zehar egona zen, baita Andreu Ninen etxean Sobietar Batasunean sei astez. Gerra hasieran Madrilek ikusitakoarekin izututa Biarritzera joan zen espioi frankista zen bere bikote norvegiarrarekin eta Marseila eta Erroman igaro zuen erbestealdia.1939an Bartzelonan sartu zen tropa frankistekin batera kazetari gisa eta ostean La Vanguardia egunkariko zuzendariorde izan zen Manuel Aznarren aginduetara. Baina frankistak ere gustatu ez eta hauetaz nazkaturik bere herrian, Pallafrugellen auto-erbesteratu zen. Zentsurak utzi ahala katalanez hasi zen idazten eta idazle funtsezkotzat hartzen da hizkuntza horren modernizaziorako.

Kale estua liburuan Torrelles izeneko albaitari batek lehen pertsonan kontatzen du bertan ikusitakoa, bere bizitokia ezartzen duen kale estuko ekosistematik abiatuta. Kapituluak motzak dira eta pertsonaia nagusien artean dago Pura izeneko atsoa, aurreko albaitariaren alarguna eta Francisqueta, albaitariaren neskamea. Orriotan,1951n idatzia da, garaiko landa eremuko gizartearen analisi zorrotza egiten da. Tarteka krudel, inoiz gupidagabe, beste batzuetan goxo. Interesgarriak dira bere irakurketak, adibidez herriko klase sozialak deskribatzen dituenean, nahiz eta ez egon ados berarekin. Ez nago ohitua mota honetako autoreak irakurtzera eta eskertu dut aire freskoa, paradoxikoki den airerik astun eta kirastunenetakoa izan arren.

Pasarte bat ere errekuperatu dut, ziur asko aurrerago beste nonbait erabiliko dudana: Hiri handietan, giza dentsitate berberak erdiesten du jendeak bere baitan daraman misterioa bere baitan geratzea. Herrietan, denak dira ezagunak; gainerakoez jendeak dituen albisteak, errealak ala fantastikoak, ugariak dira, kontaezinak, eta hala, beste batzuen asmoak aztertzeko zorroztasuna, gaitasuna duen jendeak dedukzio bitxi askoak egin ditzake une oro. Horrek herri bateko bizitzan zelatatua sentitzea dakar, une pentsazinetan, lekurik ezuztekoenetan beti begira dauzkazun begiak sumatzea -jakingura lizun, ironiko, hotzekoak-. Horrela eratortzen da giro itogarria -jende askorentzat eutsi ezinezkoa- izatea ez ezik, herri handietako anonimotasun hondagobean itzurtzea eragiten duena.

Horregatik da hain harrigarria bezerorik gabeko tabernako emakume horren bizitza. Ez dut sekula kalera begira ikusi.

Niri lagundu dit irakurkerta aberasten eta tarteka gozarazi dit eta tarteka aspertu nau. Baina Torrellesera bazoazte pasa sin falta kale estutik.

Katalunia

Historia. Sobrequés i Callicó. Dibulgazioa.

Duela 44 urte idatzi zuen Xabier Letek Lore bat, zauri bat diskoa irekitzen duen Canço a Catalunya abestia eta hau dio bertako lehen paragrafoak:

Anai zaharren lur gazte borrokan ezaguna,
ttiki geralako haundi aurkitu nahi duguna.
Guregana zugandik datorkigu eguna,
itsasaldeko eguzki bero eta biguna.

Urte batzuk beranduago, katalanei buruzko hamaika txiste egin eta hamabi janda, urriaren 1ean ikusitakoak hunkituta eta Zahar Berri euskara trebakuntza programari esker aretxabaletar katalan bati euskara ikasten laguntzeak dakarren pozez, iritsi naiz Kataluniako herria errespetatu eta apreziatzera. Bat katalan ikasle ere bada, eta irakurtzearen plazera ikastearen ederrarekin uztartzeko zortea edukita, iritsi naiz Jaume Sobrequés i Callicóren História de Catalunya liburura (Editorial Base, 11. edizioa, 2019koa). Bertan Sobrequés i Callicók, UABeko katedradun eta politikari ohiak, besteak beste “trantsizio” osteko Kataluniako Estatutua idatzi zuen hogeikoteko kide izan baitzen, Kataluniako historiaren laburpena egiten du, historiaurretik hasita 2017ko erreferendumeraino. Modu laburtu eta sintetikoan, bere ideologiari dagozkion ajeak ezkutatu gabe, hori jakinda irakurtzea komeni, nahiz eta ni despistatu nauen esaten duenean Jordi Pujol izan dela XX. mendeko katalan politikari garrantzitsuena eta ez Macià edo Companys.

Bi gauza ekarri dizkit gogora liburuak Euskal Herriarekin alderatzean. Bata, ez diogula ematen dibulgazioari aski garrantzia hemen. Joseba Asironen lanek edota Xamarrenek ez dakit aski oihartzunik duten gurean. Ezta Amaia Nausia edo beste horrenbeste ikerlariren lanek. Hori indartu beharko genuke, garena kontatuko badiogu munduari eta gure buruari. Bestea, ez dakidala hemen ba ote dugun herri gisako historia partekatu eta bakar bat osatzeko besteko heldulekurik. Gure herriaren izenari buruz eztabaidan ari garen honetan, zer esanik ez ereserki bateratu proposamenaz trufaka ari direnez, zer dibulgaturik ez dugu.

Letek itsasaldeko eguzki bero eta biguna egozten dio Kataluniari. Liburu honi esker eguzkipean gusturago egoteko motiboak aurkituko ditu irakurleak.