Gupidaren gurpilean

Egunsentia Zarautzen.

Lau urte dira abiatu ginela saltsa honetan ere Zarautzen. Getxo, Santurtzi eta Gasteiz aitzindariak genituen aurretik, bageneukan nora begiratu eta nori entzun. Komunitate errukitsuak, herri zaintzaileak, hiri gupidatsuak, urrikalkorrak, bihozberak, errukiberak, errukiorrak edo gupidakorrak.

Sinonimo eskasiarik ez dugu, karunabirusaren kutsakortasunean datza gakoa, ez dela zabaltzen beste batzuen moduan. Kontua da martxan jartzea, eta horixe egin genuen. Julio Gómez (Santurtzi) izan zen geure aditu gonbidatua, eta publikoan, udal areto hartan, Amaia Gozategi (Orio) eta Naomi Hasson (Getxo) ere bazeuden, beste batzuen artean.

Zarauztik igaro dira hainbat pertsona interesgarri 2018tik, antolatutako hitzaldietan, Miryam Berruete iruindar zarauztarrarekin hasita, Patxi del Campo (Gasteiz), Jesús Sánchez Etxaniz (Bilbo) eta Julio Gómez bera. Baita Gipuzkoatik bertatik Patxi Izagirre, Aingeru Oiartzabal, Irune Aranguren eta Izaskun Andonegi ere. Baita AFAGI, AECC, Matia, Biziraun, Bidegin, Salbatore Mitxelena ikastola, Antoniano ikastetxea, Zarautz On… ere.

Death Café-ak antolatzea izan zen gure lehenengo urratsa. Heriotzaren errealitatea hain ikusezina eta entzunezina ez izatea da helburuetako bat, eta horrekin batera zahartzea, gaixotzea, hauskor eta zaurgarriak izatea denon kontua dela, denoi dagokigula eta ez bakarrik osasun langileei. Horra komunitatearen garrantzia, familiarena, bizilagunena. Horra zainketen inportantzia, emakumeen esparrua izan dela orain arte (noiz arte?). Bai, gizonak zeregin hauetan topatzea orain ohikoagoa da, hitzaldietara etortzen dira batzuk. Baina oraindik ematen du hauskortasunarena, zaurgarritasunarena, doluarena eta abar ez doazela gizonezkoekin (noiz arte?).

Bere xumetasunean, liburu bat argitaratu dugu, lau baino 14 erruki istorio jasotzen dituena, 14 zarauztarrek idatzitakoak, bertan jaioak izan ala ez. Ana Galarraga, Imanol Epelde, Andoni Egaña, Asier Serrano eta Felix Zubia dira hamalau pertsona horietako batzuk, errukiaren kontzeptu garaikidearen inguruan dabiltzanak. Geure “koroaren harribitxia” da, umiltasun osoz. (Ale bat nahi izanez gero, eskatu lasai eta helaraziko dizuet).

Lau ginen orduan talde sustatzailean, Amaia Arce, Jabi Bereziartua, Anjel Irastorza eta laurok. Amaiaren partez Miren Ros sartu zen taldean. Geroago, Jabik ere laga zuen ekimena eta, azkenik, Mirenen partez Aizpea Manterola dugu gurekin Anjelek eta biok orain.

Garrantzitsua da gurpil honetan zer egin dugun eta zer egiten ari garen, eta halaber inportantea da zer aldatu den geure baitan, zer garen, zer ikasi dugun, zer nahi dugun geuretzat, ataka zail haietan egongo garenean. Nola nahi dugun zainduak izan, noren alboan, non.

Galdetuko banizun 0tik 10era zein nota ipiniko zeniokeen zeure bizitzari momentu honetan, orain arte egindakoarekin, itzalak eta argiak kontuan hartuta, zer erantzungo zenidake?

Heriotza onaz

Luis Lizarralderen argazkia (Elurra Pagoetan, “Karkara”).

Apirilak ongi etorria egin digu elurte dotore batekin, Pagoeta ere zurituta agertu zaigu gaur, aurreko egunetan bestelako giroa zegoen arren. Bai, klimarekin “gauzak” gertatzen ari dira aspaldi honetan.

Aste honetan bertan ekin diot heriotza ona edo duinari buruzko solasaldi sortari, “Bihotzetik” ekimenak antolatua. Izan ere, Javi Aramendia koordinatzen ari da martxotik ekaina arte 40tik gora hitzaldiren egitarau zabal bat, Gipuzkoan zehar, sei komunitate errukitsuak elkarren artean sarea eginda: Tolosa (Bihotzetik bera), Irun-Hondarribia (Bidasoa Zurekin), Elgoibar (Almaur), Donostia (Bidegin), Orio (Zain Bizi) eta gu geu Zarautzen (Zarautz Herri Zaintzailea).

Orion eman nuen lehendabizikoa astelehenean, beteta zegoen Arraunetxe eraikin ederrean. Amaia Gozategi bidelagunak anfitrioi lanak egin zituen, eta luze eta gustura aritu nintzen solasean bertaratutakoekin (batzuk ondoko galaxiatik, Bizkaia maitetik).

Garai hauetan automatikoa da hainbatentzat heriotza duina eutanasiarekin lotzea. Eta horixe da, zorionez, duela 9 hilabetetik zabaldu den beste bide bat heriotza ona lortu ahal izateko. Baina ez bakarra, eta gainera ibilbide luzeagoa duten herrialdeetan ikusten dugunez (Belgika, Herbehereak…), ez kasu gehien biltzen dituena.

Zainketa aringarriak oraindik espezialitate medikoa ez den arlo nahikoa gaztea da, beste esparru batzuekin historikoki konparatuta. Gurean bizpairu hamarkada baino ez dira martxan daudelarik, eta helburu nagusietakoa horixe dugu: heriotza ona, edo duina. Beraz ez da oso bidezkoa eutanasiarekin baino ez lotzea, eta horrela Orion korronte biei buruz egin genuen berba. Zabalago nik gehien ezagutzen dudanari buruz, baina baita bide berriari buruz ere. Kontuan hartuta eutanasian hainbat paliatibista gabiltzala.

Bibliografian, Jacinto Batiz mediku paliatibista bizkaitar ezagunak idatzitako liburua aipatu nuen, eutanasiarekin kritiko agertzen dena, argudio hauek ere irakurtzea interesgarria izan daitekeelakoan. Eta horrekin batera, hurrengo hitzaldietan beste liburu bat aipatuko dut, Cristina Llagostera psikologo katalanak aste honetan ere Gasteizen aurkeztutakoa, aitzindaria den komunitate errukitsuan: “Morir con amor”. Izenburua iradokitzailea irudituz gero, hemen duzue aurkezpena ikus-entzuteko aukera.

Amaitzeko, heriotza duinari buruzko hurrengo solasaldietan parte hartu nahi baduzue, hemen egitaraua eta izena emateko bidea (eta info guztia):

  • Elgoibarren apirilaren 7an.
  • Donostian apirilaren 19an.
  • Zarautzen apirilaren 29an.
  • Tolosan ekainaren 3an.
  • Irunen ekainaren 15ean.

Getxon bidelagunak

‘Getxo Zurekin‘ izan zen ‘Zarautz Herri Zaintzailea’ sortzeko eredu nagusietakoa, Gasteizko ‘Vivir con Voz Propia‘ eta ‘Santurtzi Hiri Zaintzailea‘-rekin batera. 2018ko hasiera hartan horko proiektua ezagutzea izan zen azken bultzada hemen abiatzeko.

Naomi Hasson irlandarra da komunitate errukitsu bizkaitarraren burua, eta aspaldian ezagutu ginen, Arrasate aldean, bera ‘Saiatu’ egitasmoa aurrera ateratzen ari zenean. Ordutik bidelagunak gara eta hainbat saltsatan gabiltza elkarrekin.

Besteak beste, trilogiako hiru aleak programatu ditu Getxon, heriotzaz pedagogia egiteko eta errukia lantzeko testuinguru honetan. “Aulki Hutsak” duela 4 urte proiektatu zuten, lehenengo urratsak ematen ari zirenean. 2019ko irailean “S(u/a)minetik bakera”-rekin ausardia puntua izan zuen Naomik, Euskal Herrian pairatutako indarkeriei buruz hitz egitea oraindik deserosoa delako. Irlandan ere badakite suminaz eta saminaz.

Pasa den ostegunean “Mendian hil. Hirian hil” azkenaren txanda izan zen. Publikoan Monika Fernandez bidelaguna egon zen, Maria mediku egoiliar leondarra etortzera animatu zuena, Bilbon berarekin lan egiten duena. Egia esan jende gaztea ere hurbildu zen Erromoko kultur etxera aurrekoan. Etorkin magrebtar talde bat lehenengo lerroan, adibidez. Hauek ere badakite doluei buruz, migratzaile guztien moduan, are gehiago baldintza latz horietan datozenak. (Kausalitatez, “Aita Mari” dokumentala aste honetan bertan ikus-entzunahal izan dut).

Aretoan lehengusua ere egon zen, ondoko herrian bizi da, asko poztu nintzen bera ikusteaz. Haren amak, neure izebak, doluak zer diren azaldu zidan lehenengo pertsona izan zen. Haren aita, neure osaba, ez nuen ezagutu izan ordea. Hegazkin istripu batean hil zen, bera txikia zenean, eta gertaera hark txiki-txikitatik piztu zidan heriotzaren inguruko kontzientzia. Zorionez, etxean gurasoek kontu garrantzitsu hauei buruz naturaltasunez hitz egiten ziguten. Bide honetan nagoen lekuan nago honengatik guztiagatik, neurri handi batean.

Karunabirusa

Pandemiaren lehenengo urtea amaitzen ari zenean, 2020ko abenduan izan genuen Gasteizen jardunaldi suspergarria. Ekitaldi gutxi egiten ziren aurrez aurre, eta animatu ginen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 10 komunitate errukitsu edo zaintzaleetatik topaketa bat egiteko, on-line konektatu genuelarik Ingalaterra, Portugal eta Txileko jendearekin, sinergia hauetan ere mugitzen dena.

Horietako pertsona batzuk, pisu handiko erreferenteak dira. Gonzalo Brito bezala. Interes handiko hitzaldia eman zigun Txile aldetik, eta hitz jolas hau egin zuen hasteko, post honen izenburura ekarri dudana. Izan ere, Karuna hitzak, sanskritoz, errukia esan nahi du. Begitu zein abiapuntu polita.

Sufrimenduaren aurrean, batzuetan saihestu dezakegu, eta beste batzuetan arindu. Errukitik egin dezakegu, motibazio enpatikotik ekintzara pasatuz. Gonzalok kontzeptu garrantzitsu bat transmititu zigun, errukia entrenatu daitekeela. Neuronek plastizitatea daukatelako. Eta pasa den hilabetean hil den Thich Nhat Hanh maisuaren hitzak ekarri zizkigun. Era berean, sozioplastizitatea dugu, pobrezia eta aberastasunaren artean. Gero eta murritzagoa, bestalde, biodibertsitatearen galeragatik.

Erruki instintiboa oso murritza da, esaten zigun Britok, zeure zirkulu hurbila bakarrik hartzen duelako barne. Zirkulua zabaltzea da erronka, etsaiak edo hain ondo moldatzen ez garen pertsona horiek barne. Eragile eraldatzaileak behar ditugu, eredu moduan.

Apunteen artean, errukia lehiaren beste muturrean dagoela jaso nuen. Gu besteen kontra baino, gu besteei esker. Gu garela beste batzuk izan direlako, alegia.

Paul Gilberten eredu ebolutiboan hiru sistema mota daude, eta hiruren artean oreka modukoa topatu behar dugu: Sistema urdina dugu alde batetik, lorpenarena. Desioak eragiten du, progresatzea edo aurreratzea, eta dopaminarekin lotuta dago. Bestetik, sistema gorria dugu, mehatxuarena. Adrenalina eta kortisolarekin lotuta eta antsietatea, sumina eta nazkarekin. Hirugarrena, sistema berdea da, bakearena. Oxitozina eta opiazeoekin harremanetan, poza, segurtasuna, babesa, konfiantza eta zainketarekin.

Eta horrela, 2020ko abendutik 2022ko otsailera egingo dugu salto. Izaskun Andonegiren eskutik duela 3 aste ekin nion errukia lantzeko entrenamenduari, berak gidatutako ikastaroan. Hiru urrats eman ditugu orain arte, beste bost ditugu aurretik.

Bai, ederra izango litzateke errukia kutsatzea koronabirusarekin bezain erraza izango balitz.

Betirako

Ez, ezer ez da betiko. Pertsonak, lekuak. Gu geu. Agur ondo esatean datza doluaren prozesua egiteak. Azken urte bi hauetan koronabirusaren pandemiak baldintzatu ditu doluak eta gu geu baldintzatu gaitu. Kutsatze, ospitaleratze eta hiltzearen olatuekin batera, osasun mentalaren asalduren olatuak ere badatoz. 2020ko udaberri hartatik bertatik hasi gara horretaz ohartzen: depresioa, antsietatea, angustia, estresa, deliriuma, fobiak eta abar.

Gabonen hasieran, MHHH dokumentalaren proiekzio pribatu oso berezia egin genuen Bilbon, urteko azkena izan zena. Betirako zerbitzua Eusko Jaurlaritzak abian ipini zuen izurritearen hastapenetan, eta ordutik ia urte biko ibilbide honetan ehundaka senide lagundu dituzte dolu pandemikoaren bide zail hauetatik. Hain zuzen ere, norabide berean lan egiten duen Izaskun Andonegi izan nuen lagun proiekzio eta solasaldian. Agintzari elkarteak antolatu zuen topaketa, eta talde ederra batu ginen Deustuan, euren egoitzan (ikus argazkia). Egun hartan jakin genuen Betirako ere ez dela betiko izango, haienak egin duela. Beste zeregin batzuetara egokituko dira hemendik aurrera. Biba zuek!

Gabonak ere amaitu dira, eta egun hauetan irakurri dut artikulu oso interesgarria Gonzalo Britoren eskutik, errukiaren kontzeptua balioztatzen duena buruko osasuna babesteko pandemia luze honetan; “Compassion protects mental health and social safeness during the COVID-19 pandemic”. Hilabete hauetan jende askok ikasi duen beste kontzeptu hori, erresilientzia, errukiaren bidez indartu dezakegu izan ere. Hala geure buruarenganako nola besteenganako gupida lantzea zein garrantzitsua den ere ikasi dugu garai luze honetan.

Izaskun Andonegi bidelagunak berak eskaintzen digu otsailean eta martxoan zehar errukia lantzeko tailer on-line bat, gazteleraz, Compassion Cultivation Training izena duena ingelesez, CCT. Batzuk irrikaz izena eman dugu, zinez merezi izango duelakoan. Hemen gonbitea (info eta izen ematea).

Urteari ondo ekiteko modu bikaina.