Hamabostean behin: #21 (eta bonus track)

Podkastean egin dugun laugarren elkarrizketa entzungai duzue gaurtik. Mediku egoiliar moduan ezagutu nuen elkarrizketatua aspaldian, eta orain osasun-zentro bateko burua da. Bitarte honetan, komunikazio argia eta zuzena (izan) dudan lankidea da, lanean. Kanpoan, ezkontzaren batean kointziditu gara, azken Korrikaren edizioan lekukoa elkarbanatu genuen, Egunean Behinen gupidarik gabe lehiatzen gara egunero…

#21 Argiñe Ibarguren, Aretxabaletan familia-mediku dabilen bergararra, izan genuen estudioan lehengo egunean. Ekarritako musikaren artean, lehendabiziko aukeraketak harritu ninduen onerako (nortasuna!): Luis Mariano. Idoia berriro entzungo dugu podkast honetan, izan ere berarekin estreinatu genuen “Hamabostean behin” saio hau orain dela ia urtebete. Ken Zazpi eta Sorotan Belerekin borobildu genuen elkarrizketa Argirekin, sumatuko duzue zein atsegina izan zen.

Bonus track-a, orain dela urtebete grabatutako pieza bat da. Egun hartan, Mariví Q izeneko paziente ahaztezinaren eutanasia izan nuen Gasteizen, lehenengoa niretzat. Hortik Iruñera joan nintzen, Mikel Idoaterekin “pilota partida bat jolastera”. Eta eguna Gasteizen amaitu nuen, Baskoniaren partida ikusten Alberto Melendezen konpainian. Mikel Izarra tanatorioaren arduraduna da, MHHH-en proiekzio batzuk eurekin ditugu, eta 2025eko urtarrilean elkarrizketa mamitsua izan genuen, hortaz eta hartaz.

Hamabostean behin: #19 eta #20 (eta bonus track)

Ezin naiz kexatu aurtengo negu hotzaz, hemen “Quiet Winter Jazz” entzun eta post hau idazten dudan bitartean. Abenduan grabatutako bi saio dakartzat gaurkoan, otsaila estreinatu berritan, gehi opari bat.

#19 “Fairy tale of New York” abestiari O’Hooley & Tidow bikote britainiarraren cover honek ukitu goxo bat ematen dio. John Breen lagunaren heriotzari eman nahi izan diodan ukitu goxoa. John Bilbon bizi zen musikari estatubatuarra zen, zeltiar musikak eta autosuntsiketa prozesu batek lotzen zutena Shane McGowanekin, saio honetan entzungo duzun abestiaren egilearekin.

#20 “Puntos suspensivos” Robe Iniestaren kanta da, gutariko askoren soinu-bandan ondo txertatuta dagoen ahotsa, bizirik jarraituko duena Roberen heriotzaren ostean ere. Arrasateko eta Debagoieneko euskal extremadurar horiei dedikatu nahi diet, hil eta biziko bide luze honetan ezagututako “hezurbeltzei”, Jon Maiak esango lukeen moduan. Bruce Springsteenen hitzetan, this land is your land.

Amaitzeko, goian aipatu dudan oparia da Urtzi Ugaldek egin didana, “Azken Kafea” bere podkastean egindako elkarrizketarekin. Ordutxo bat irauten du, eta amaitasunaz hitz egiten dugu (Maia berriz ere), besteak beste. Halaber, Patxi Lurraren misterioa argitzen dugu, eta abesti argitsu bat partekatzen dugu, inoizko nire kuttunenen artean dagoena.

Azkena

Ooppera Balletti.

CDz eta biniloez betetako egongela bat, itsaso aldera ematen duten leiho handiekin, laugarren solairu batean. Edo txoko bat, supazterrak argiztatuta eta berotuta. Stereo ekipo zaharra, duela hamarkada batzuk erositakoa, orduan berri-berria zena. Aitarena. Orduak eta orduak musikari entzuten, liburu batekin ala barik, olatuei edo suari begira. Azken orduaren zain.

Ordurarte bisitatu gabeko Europako iparraldearen hiriburu bat zen azken helmuga, ziur aski azken bidaia. Musika garaikidearen bertsioekin egindako kontzertua, hango orkestra sinfonikoak eta abeslari ezagunen koadrila batek lagundutakoa. Etxekoekin eta lagunekin lurralde hotz eta urrun haietan. Zu ere agertu zinen. Borobila.

Beste ziklo bat osatuta. Esaten dute musika arima betetzeko botikarik hoberenen artean dagoela. Gorputzaren gora-beherak arintzeko bestela bazeukan bere armategia. Ukitzen ez den guztia ere existitzen da, sentitzen den guztia hor dagoelako. Zirrara horiek, soinu horiek, giro hori, izpiritu hori, definitzen zaila den hori, sutondo hori, azken desio hori.

Edertasuna

Zein izango da lagako dugun ondarea hil ostean? Hilgo direnean, zer esango du munduak donald j. trump edo benjamin netanyahuren aztarnei buruz? (Aipatzen ditut, letra txikiz, XXI. mende hasiera honetako Satan guztien artean zital-zitalenak aukeraturik, letra handiz).

Baina berba egin dezagun edertasunaz. Naturaz maitemindutako Joseba Alberdik lagatako ondareaz. Zabortegi handia den Twitter (X) sare asozialean jarraitzeko motiboak, hala ere, egon badaudelako. Loreak alegia. Besteak beste, @smithymujika @joxeanjel123456 @gorkaurbizubat @MaiteLpezLasHe1 @egaroa @literlandweb1 @JuanJoseMillas @impression_ists @ignacio_arakis @InmaLizaso @returntobasque @andonimendoz @ekaitzmekola @MJauregiLasa @iratigoikoetxea @Rafael_Narbona @mirenlarrion @daniInnerarity @inakigaldosira @PoliticayModa @FranceskAlbs @AneIrazabal @mikelayestaran @gerardotc @umoreaskea @MarisaBarr31103 @FonsiLoaiza @ideiazabaldub @PalianNavarra @AdorezArinduz @elillemartinez @RealSociedadEUS @Baskonia Mendia, literatura, itsasoa, musika, errukia, maitasuna, kirola, mundua, umorea.

Eta @basafauna Joseba Alberdi naturan murgildu zen, eta argazkietan jaso zuen ikusi, entzun, usaindu eta ukitutako guztia. 2025eko maiatzean hil zen, gazteegi. Mendian bizi, hirian hil. Eta, gure zorionerako, edertasuna oparitu digu liburu batean, “Basafauna argitan”, eskuratu daitekeena bide hauetatik: info@basafauna.eus / 653012011 Ainhoa / 655719437 Amaia.

“Edertasuna bilatu, protestatzeko modurik hoberena da mundu nazkagarri honetan” R. Trecet.

PD.- Edertasunaz hizketan, argazkia Xoxote mendian aterata dago eta Maider da erdian agertzen den ibiltaria.

PD’.- Dardarak.

Hamabostean behin: #17 eta #18

#17 “Leviathan” Nick Cavek konposatutako eta Arthur semeari dedikatutako hil eta biziko kantua da. Leviathan itsas munstro biblikoa da, Arthur Cave irentsi zuena 2015ean. Aitak musikarekin bideratu zuen dolua hildako semearengatik. Anakotz Lasartek “Aitatxo” dokumentalaren bidez egin du aldarrikapena, gizonezkoak ere sentimen eta hausnarketa hauetan egon behar garela.

#18 Etor Larrañagak (argazkian eskuman) aukeratutako zerrenda eklektikoan Amustei, Harria, Bap! eta Hellacopsters topatuko ditugu. Ez da ohikoa pazientearen zaintzaile nagusia gizonezkoa izatea, medikuarenera gaixoarekin datorrena emakumezkoa ez izatea ez da sarri gertatzen. Baina Dimas Larrañagarekin kontsultara zetorrena Etor zen.

Ezin dugu bestela esan jendarte honetako ohiko hiritarra denik Etor, mainstream-ean goxo surfeatzen eta korrontearen alde masarekin bidaiatzen duenik eta bazter guztietan entzuten den musikaren zalea denik. Ezin dugu horrelakorik esan Iker Barandiarani buruz, Anakotz edo ni neuri buruz ere. Amankomunean dugu gainera zainketetan eta doluetan ibilitakoak garela. Eta, hala ere, gizonezkoak garela.

Hurrengo igandean ikus-entzun ahal izango dut Mallabian, gauzak ondo, Anakotzen pelikula. Eta txoko honetan bertan komentatuko dugu.

Bitartean, Aitziber Aranburuzabala eta Peru Atxari (argazkian erdian) eskertu nahi diet podkastaren saltsa honetan ibili ahal izatearen aukera. Aurten hasitako erronka berri ederra izaten ari da.

Soinu-bandak

Lehengo egunean ariketa bat egin genuen Aizpea, Miriam eta Anjel bidelagunek eta laurok: gure bizitzetan garrantzitsuak izan diren 10 abesti partekatu, bakoitza zergatik azalduz. Orduan hamarna kanta aukeratu genituen, orain ariketa bera egin behar izanez gero agian beste batzuk izan zitezkeen, hainbeste daudenez.

Orain dela urte bi Shawn McGowan hil zen, abendua zen baita ere. Zerbait idazteko bultzatu zidan bere heriotzak (ireki aurreko linka), eta bere hileta grabatuta gelditu da YouTuben (bilatu 37. eta 42. minutuen arteko tartea). Nenagh herriko St. Mary’s of the Rosary elizan egin zuten zeremonia, Tipperary konderrian, Irlandan. The Pogues taldea ere egon da neure bizitzaren soinu-banda hartan, eta Azkena Jaialdian ikus-entzuteko zortea izan nuen duela urte mordo bat, Gasteizen.

Mikel Laboak ere abendua hautatu zuen hiltzeko. Jorge Martinezek ere bai (Ilegales). Eta baita Robe Iniestak ere (argazkian). Extremoduro nire fonoteka pertsonal horretan dago halaber. Urte gogoangarriak izan ziren 1990eko hamarkadako haiek, hainbat oroitzapen ekartzen dizkidate. Eta gaur goizean, Euskadi Irratian lehenengo albistea haren heriotzarena izan denean, ondo azaltzen du zer izan den gizon hau Euskal Herrian. Beste euskal extremadurar bat. Arrasaten bizi diren hainbat eta hainbat bezalakoa. Edo Zarautzen.

Roberen heriotzak ere eragin du post bat blog honetan. Baita saio bat ere “Hamabostean behin” podcastean, hurrengo asteetan entzungai egongo dena. Horrekin batera, beste saio bat egongo da McGowanen abesti ezagun batekin, Eguberriko kutsuarekin. Eta elkarrizketa bat, kriston gogoak ditudana grabatzeko.

Musika terapeutikoa da.

Hamabostean behin: #13, #14, #15 eta #16

Udazkena aurrera doa, egia esan uda herenegun oraindik bueltaka zebilen, negua bat-batean sartu zenean. Baina bitartean azken lau saio hauek izan ditugu podkastean, horietatik azkena orain arteko bigarren elkarrizketa izan delarik (ikus argazkia).

#13 “Jerusalem” Hubert Parryk musikagile britainiarrak 1916an konposatu zuen himno eder hau, “Chariots of Fire” (Hugh Hudson, 1981) pelikularen soinu-bandan agertzen dena. Palestinako hildakoei eta bizirauleei dedikatu nahi izan diet, ezinbestean.

#14 “Cedeira” Galiziera sartu dugu hil eta biziko kanten zerrenda honetan abesti argitsu honekin, Guadi Galegok eta Ivan Ferreirok interpretaturik. Rakel Taracidoren omenez, berarekin ezagutu genuen Ferrol aldeko herri eder hura, Alberto Garbaio, Oier eta Mikelekin batera. Gugan bego betiko.

#15 “Efemerideak” Anari ez dugu pintxatu orain arte, bazen garaia. EHra itzuli gara, Azkoitira, egun esanguratsu haiek gogoratzeko: Zainketa Aringarrietako nazioarteko eguna, edo zeure aitaren heriotzaren urteurrena edo… E-fe-me-ri-de-ak.

#16 Hauxe da Miren Ezenarro lankideari egindako elkarrizketa, Bruce Springsteen-en lau abesti hartuta eta ingelesa hizkuntzen zerrendara gehituta. Hain zuzen ere, Belen Ortiz de Zarate eibartarraren abeslari kuttuna zen New Jerseykoa, Mirenen amarena. Berari buruz eta bere omenez ibili gara patxadaz solasean.

Hamabostean behin: #10, #11 eta #12

Udako azken bi hil eta biziko kantuak eta udazkeneko lehenengoa dituzue hemen entzungai:

#10 “El ball del vetllatori” María Arnal eta Marcel Bagés-en abestia etorri zitzaidan gogora Juan Laderas hil zen egunean. Bilboko laguna, Valdepeñasetik (Ciudad Real) Figueresera (Girona) eta azkenik gurera bidaia egin zuena. Ana Santorcuatoren bidelaguna eta Leire eta Aneren aita. Bizitza nahiko paraleloak izan ditugu bi familiok, ikastetxe berdinetan egon dira sema-alabak. Eurei dedikatuta doa.

#11 “Min hau”Katamalo‘-ren bertsioa ‘Berri Txarrak’-ena baino leunagoa eta egokiagoa izan zen “Aulki Hutsak” dokumentalaren hasiera emateko. Bata bestearekin lotuta gelditu zaizkigu askori oroimenean. Batzuetan luze dirau minak inguruko baten batentzat, eta berau arintzeko hortxe egotea, alboan, lehenengo pausua dugu.

#12 “Xalbadorren heriotzean” inoiz idatzi den heriotza kantarik ederrenen artean dago. Hemen entzungo duzue Rozalén-en ahots dotorean. Izan ere, emakume dotore honentzat euskara batzen gaituen elementu bat da, zeharkatu nahi izan duen zubi bat. Mota honetako pertsonekin elkarbizitza askoz ere xamurragoa da, bizigarriagoa. Berarekin estreinatu dugu udagoiena.

Hamabostean behin: #9

Bederatzigarren hil eta biziko kantua Miren Narbaiza MICErena da, “Zertarako iraun”. Zerta(ra)ko (biz)iraun. Zertako bizialdia luzatu, zertako bizi kantitatea, bizi kalitatea ez dagoenean.

Hasteko, bizi kalitatearena hain subjektiboa da, non ez genukeen guk erabaki behar zein bizitza den kalitatezkoa eta zein ez. Hortik hasita, errespetua, eta hortik aurrera, errespetu gehiago.

Presaka bizi den jendarte batean bizi gara, eta bizitzaren amaieran ere gero eta presa gehiago antzematen da hainbat familiatan eta pazienterengan. “Sufrimendurik ez dezala izan” eta “lehenbailehen amaitzea”. Ohikoena hauxe entzutea da, lehendabiziko zatia argi dago, baina bigarrenarekin, denbora markatzearena, azkartzeko normalean, zalantzak sortzen dira.

Denbora mantsotzearena, amaiera atzeratzearena, berriz, ez da maiz gertatzen. Eta sarritan kostatzen zaigu onartzea eta ulertzea zertarako iraunarazi. Arrazoi batengatik edo bestearengatik izan, ulertu ala ez, bi irtenbide (edo hiru) ditugu: onartu, errespetatu eta, ahal bada, ez epaitu.

Azkena

Koldo Soret “Chico Tornado”-rekin Andra Maria Zuriaren enparantzan.

Arestian Maialen Akizuk idatzitako “Azken-azkena” artikulua argitaratu zuten egunkarian, gustukoa izan nuena. Kontatzen du nola bizi zuen Aritz Egeak haren azken Zegama-Aizkorri lasterketa, nola ez zuen amaitzerik nahi, azkena zelako. Eta zelan aurreratu zuten hainbat korrikalarik, nahita mantsoago joaten ari zelako. “Kuriosoa da azken aldiz ezer egitea. Gertatzen da harremanetan: bukatu baino lehen bukatzen dira beti. Gertatzen da ikasturte amaieran, parrandaren espueletan, elkarrizketetan. Hildakoak ere, askotan, eguna baino lehen hiltzen dira”.

Ezinegon puntua dago zerbait hori azken aldiz egiten dugunean, atzera-bueltarik ez dagoen horretan, amaiera benetakoa delako. Berdin agur esaten diogunean pertsona bati betiko. Etapena ondo barneratzea ez da beti erraza, bizitza etapak direla eta horietako bat amaitzear dagoela onartzea.

Azkena musika jaialdian egotea, azken urteotan, klimaren gora-behera bortitzak pairatzea da. Bero errea eta ekaitza egun berean, atzo bezala. Txar guztia kenduta, ARF-an beti daude deskubrimendu atseginak, betiko iltzatuta gelditzen direnak, musika harribitxiak. Urte hauetan guztietan Gasteiztik igarotakoen artean aipatu ditzaket Beasts of Bourbon, Tropical Fuck Storm edo Ty Segall.

Aurten, 1960-70eko hamarkadetako musika egiten duten gaztetxo batzuk izan dira aurkikuntza nagusia, “The Carpenters” edo “America” bezalako klasikoak gogorarazi zizkidatenak. “Happy” musika eta roilo-ona transmititu besterik ez dituztenak. Erabat eskertzekoa, egia esan: The Lemon Twigs deitzen dira, oso gomendagarriak.

Beste aurkikuntza bat, baina iazko Aste Nagusikoa, Ez ez ez bilbotarrak dira. Aurtengo ARF-ra joateko nire arrazoi nagusia, atzoko kontzertua are gehiago gustatu zitzaidan iazkoa baino. Gorantza doazen lotsabako kuadrilla bat da, erabat elektrikoak eta indartsuak, oso ongi etorriak.

Ez dakit Azkena-ren edizio hau azkena edo azken-aurrekoa izan den niretzat. Urteren batean izango da. Bitartean, bizi gara!