Azken bi saioetan, podkastean, amankomunean aitaren ausentziaren presentzia egon da. Blog honen aurreko testuari jarraipena ematen diogu horrela, “Nola erraten zaio agur aita bati”.
#22 Izaskun Arriaran lankidea izan genuen irratira lehengo egunean (argazkian). Ez da soilik lankidea, aspaldiko mendi-laguna baizik. Erizaina da, aditua zauri konplikatuetan, sekulako konpromisoa dabil erakusten bailaran azken urteotan esparru honetako pazienteekin. Miresgarria iruditzen zait bere lana, baita Aita Mari itsasontzian denbora luzez egindako lana ere. Honi buruz egin genuen berba, haren aitarekin hasita. Playlist-ean, Mañukorta, Pavarotti, Gatibu, Gorka Urbizu eta Eñaut Zubizarreta, azken hau “Mendian hil. Hirian hil”-en piezarik ezagunenarekin.
#23 “Vois sur ton chemin”, “Les Choristes” (“Los chicos del coro”) filmaren soinu-bandatik aukeratutako kantuarekin, frantses hizkuntza (azkenean!) gehitu diegu podkastaren zerrendan euskara, latina, katalana, galiziera, ingelesa, gaztelera eta italierari. Musikak gaiztotutako burmuinak pizteko duen magia bizi izan genuen kantu honekin, gure aitaren azken asteetan. Eta musika hau eta une horiek gogora ekarri nahi izan ditut. Ausentzia presente egiteko.
Dolua adierazteko modu maskulinoak eta femeninoak daude. “Nola erraten zaio agur ama bati” (Uxue Razquin) oso adibide ona da bigarrenarena. “Izen baten promesa” (Hedoi Etxarte) Aitor Etxarte aitaren heriotza eta gero idatzitako liburua da, bihotzetik baino burutik idatzitakoa. Emozioak ere zirrikituetatik askatzen ditu Hedoik, baina plano kognitiboan, ideologikoan eta historikoan zentratzen da liburua. Nik ere antzeko zerbait idatziko nuke aitari buruz, burutik gehiago bihotzetik baino.
1970eko hamarkadara egindako bidaia bat da liburua. Erabat erakargarria egiten zait garai hura, jaio nintzena, zuri-beltzekoa. Bizardunen garaia, “Mejor la ausencia” (Edurne Portela) zoragarrian jasotzen den giroa, 1980ko hamarkadako Ipar Euskal Herria. Edo 70etako Iruñea, Hedoik dotore deskribatzen duena. 1978ko Sanferminak (argazkian), Liga Komunista Iraultzailea, Leon Trotski, Gabriel Aresti… Aitaren lagunei egindako elkarrizketen bidez Aitor Etxarteren erretratoa osatzen du semeak.
Arrasate ere osagai garrantzitsu bat da kontaketan, familiaren adar bat hortik etorri baitzen. Amatxi Pilar hortik joan zen Iruñera, eta grazia egin dit elementu hauen kointzidentziak. Gure amatxi ere Pilar zelako, bere bidaia bertzelakoa izan zen arren: Lesaka – Burgos – Leioa – Mungia. Gure historia familiarrean Iruñea eta Ipar Euskal Herria ere presente daude, modu lausotuan bada ere. Azken hamarkada hauetan behe-laino hori uxatu eta paisaia biografiko haiek askoz modu gardenagoan ikusten ari naiz. Erranen nuke horixe bera dela Hedoik bilatu duena “Izen baten promesa”-rekin.
Doluaren inguruan solasaldi hagitz erakargarria antolatu zuten duela aste batzuk Bilbon, Gutun Zuriaren barruan, solasaldi literarioa eta zinematografikoa: “Dolua sormen”, Uxue, Hedoi eta Lur Olaizolarekin. “Bariazioak” deitzen da Lurrek egindako film laburra, doluen bariazioei buruzkoa. Aitaren Eguna ospatu dugu aste honetan, modu anitz dago horretarako. Eta modu anitz daude aita bati adio errateko.
Leintz Gatzaga (205 biztanle). 2014. urtea izango zen. “Aulki Hutsak” estreinatu berritan, garai bat egon zen astero proiekzio bat egiten genuela. Debagoienako herri guztietan egon zen dokumentala, Elgetan, Antzuolan, guzti-guztietan. Baita Gatzagan ere. Egun hartan matxura bat izan nuen autoan herrira iristean, eta handik ateratzeko garabia etorri behar zen, arku horretatik eta kale estuetatik pasa eta gero. Ez daukat ahazteko. Proiekzioa leku txiki batean izan zen, tabernaren ondoan. Publiko gutxi, eta haien artean Gasteiztik etorritako bikote bat. Irakasleak ziren, jakin zuten emanaldia zegoela eta haraino hurbildu ziren. Istripuren bat gertatu berria zegoen, euren ikastetxeko norbait hil zen, eta kezkatuta zebiltzan doluaren gaia nola landu ikasleekin. Gasteiztik Gatzagara etorriak dokumentala ikus-entzuteko. Gatza.
Arantza (628 biztanle). Bortzirietako lau herritan egon naiz urte hauetan guzietan, borzgarrena Igantzi bisitatu gabe geratu delarik. Bertzela, Beran AH-ekin, Lesakan, Etxalarren eta Arantzan MHHH-ekin ibili izan naiz. Azken honetan egindako emanaldia bereziki gogoangarria izan zen, bertako liburutegian egin genuen, udazkena edo negua zen, eta berogailua piztuta zegoen. Ez baduzue tokia ezagutzen, txikia eta xarmagarria da, goxo-goxoa, sekulako oroitzapena daukat eta horregatik gaur ekarri dut blogera. Oroitzen naiz hor egon ginen dozena bat pertsona horiekin, gerora piztu zen solasaldiaz. Amaitu eta gero Lesakarat joan nintzela, kanposantura, bertan gauaz orduan bakarrik egon naiz. Aita, ama, amatxi eta abuelo bisitatzen. Xarma.
Ozeta (217 biztanle). Arabako Lautadan, behin bakarrik egonda nengoen trilogiarekin. SBrekin Zalduondon, Aitor, Naia eta Koldo taldekideekin batera. Lehengo egunean Barrundiako liburutegia bisitatu nuen (ikus argazkia), trilogiaren liburua aurkezten, Arantzako bizipena gogoan. Natalia laguna Ozetan dabil liburuzain, proposamena egin eta berehala lotu genuen. Gogoa neukan txoko txiki batean errepikatzeko, eta bete-betean asmatu genuen. Arantza arrebarekin eta Kairekin ibili nintzen goizean Elgeako mendilerroan, Larrean bazkaldu eta arratsaldean tarte oso atsegina pasatu genuen. Beste dozena bat pertsona. Itziar etorri zen Ozetaraino, eta Alberto Zalduondotik. Igone lankidea. Mikel eta Ainhoa Araiatik (elkarrekin afaldu genuen Mendizurren, eguna borobiltzeko). Borobila.
Eleberriaren funtsa da idazle ateo baten eta Aita Santuaren arteko topaketa. Javier Cercas eta Aita Frantzisko. Jaungoikorik gabeko eroa eta Jaungoikoaren eroa. Munduaren amaiera Mongolia da, eta liburuak kontatzen ditu haraino egindako bidaiaren aurrekoak, zergatik aukeratu zuten idazle espainiarra liburu hau egiteko, bidaia kontatzeko, zergatik Mongolia, eta zergatik onartu zuen eskaera idazleak. Esan dezakegu irakurketa ona dela Eliza katolikoaren burua izandakoaren atzean zegoen gizona ezagutzeko, Jorge Bergoglio zein zen, zeintzuk haren argiak eta itzalak.
Halaber, interesgarria da sinesmen erlijiosorik ez duen idazlearen hurbilketa sinesmen kristaura. Hasteko eta behin, idazlearen amaren fedea ulertzeko saiakera, idazlearen aita beste bizitza batean berriz topatzeko zeukan itxaropen horretara hurbiltzeko. Nire amak eta beste hainbatek zeukaten itxaropen ber-bera, bidenabar esanda.
Eleberria esku artean neukan bitartean, Imanol Epelderen testua irakurri nuen. Sinesteaz, zentzuaz, barne bakeaz eta soseguaz. Izeba Marikruzez idatzi du Imanolek, Oñatiko Santa Ana komentuan zegoen mojaz. Izeba Conchitaz oroitarazi zidan, Boliviako Santa Cruz aldean urte luzeetan bizi eta lan egin zuena, eta bizitzaren azken urteak Karitate Alaben komunitatean eman zituena, Iruñean. Barne bake eta sosegu hori zeukan berak ere heriotzaren aurrean, testigantza hori laga zigun. Lehengo egunean Imanol topatu nuen, Eroskin, eta ez zen lekurik egokiena honetaz kontu kontari ibiltzeko (hemen idatzita askoz ere hobeto).
Liburura itzulita, eta amaitzeko, pasarte batean hauxe irakurri nuen: “ezerk ez du hobeto definitzen kultura bat hildakoekin duen harremanak baino”. Mendebaldean heriotza nola ekiditen saiatzen garen kontu jakina da, baina nork esango zuen Mongolian kontua are bitxiagoa dela. “Hildakoa” hitza ere ez dute erabiltzen, “ez daudenak” dira, “joan direnak”. Garai batean mendietara igotzen zituzten gorpuak eta han lagatzen zituzten, txoriek jan eta eurekin eramaten zituzten Zerura, Jaingoikoarekin.
Beste horrek esaten zuen moduan, heriotzaren ostean ez dakigu beste bizitza bat ote dagoen, haratago dagoen mundu haren misterioa horixe da, misterioa. Baina badakiguna da heriotza baino lehen bizitza badagoela. Bizitzeko dagoena.
Podkastean egin dugun laugarren elkarrizketa entzungai duzue gaurtik. Mediku egoiliar moduan ezagutu nuen elkarrizketatua aspaldian, eta orain osasun-zentro bateko burua da. Bitarte honetan, komunikazio argia eta zuzena (izan) dudan lankidea da, lanean. Kanpoan, ezkontzaren batean kointziditu gara, azken Korrikaren edizioan lekukoa elkarbanatu genuen, Egunean Behinen gupidarik gabe lehiatzen gara egunero…
#21 Argiñe Ibarguren, Aretxabaletan familia-mediku dabilen bergararra, izan genuen estudioan lehengo egunean. Ekarritako musikaren artean, lehendabiziko aukeraketak harritu ninduen onerako (nortasuna!): Luis Mariano. Idoia berriro entzungo dugu podkast honetan, izan ere berarekin estreinatu genuen “Hamabostean behin” saio hau orain dela ia urtebete. Ken Zazpi eta Sorotan Belerekin borobildu genuen elkarrizketa Argirekin, sumatuko duzue zein atsegina izan zen.
Bonus track-a, orain dela urtebete grabatutako pieza bat da. Egun hartan, Mariví Q izeneko paziente ahaztezinaren eutanasia izan nuen Gasteizen, lehenengoa niretzat. Hortik Iruñera joan nintzen, Mikel Idoaterekin “pilota partida bat jolastera”. Eta eguna Gasteizen amaitu nuen, Baskoniaren partida ikusten Alberto Melendezen konpainian. Mikel Izarra tanatorioaren arduraduna da, MHHH-en proiekzio batzuk eurekin ditugu, eta 2025eko urtarrilean elkarrizketa mamitsua izan genuen, hortaz eta hartaz.
Balentin Deunaren bezpera (mila esker Arantza Zufiriari loreengatik!), ostirala eta 13, euria lagun. Baskonian gutxi gelditzen diren liburudenda-aterpetxe horietako batean. Trinitate kalean. Geure amaren izena daraman Zarauzko txoko horretan, atzo bereziki faltan bota nuen ama, Trini, Irune.
Flor Illarramendi ez nuen ezagutu baina, haren bizitzaren azken txanpan zegoelarik, hiru gizon agirretarrekin bildu nintzen lur azpian, Garoaren barrunbeetan, nola lagundu asmatu nahian. Barrunbe haietan bildu ginen hainbat lagun atzo (milesker Jaione, Izaro, Julia, Miren, Lourdes, Juantxo, Ibiltarixa…), dokumental trilogia baten inguruan idatzita dagoen liburu atipiko baten aurkezpen atipiko batean (mila esker baliabide teknikoak erraztu zizkidan aingeruari!). Idazlea izan nahi nuen, Medikuntza ikasi baina Zientziek eta Letrek bat egiten duten gunea azkenean topatu ahal izan nuen.
Medikuntza narratiboaren ariketa bat da, azken finean, “Heriotzak eta doluak”. Hiru tontor ditu Aiako Harriak, azalean agertzen den mendiak. Hiru ataletan bananduta dagoena: heriotza, bera baino lehen eta ostean. Hiru hizkuntzatan idatzitakoa (eu, ca, es). Hiru probintzietan (Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaia) errodatutako hiru pelikuletan oinarrituta. Bigarrenean, SB-n, narratzaile moduan parte hartu zuten Imanol Epelde eta Ana Galarraga zarauztarrek. Hirugarrenean, MHHH-en, Susanna Llavina eta Felix Zubiak. Ana atzo egon zen aurkezpenean, hain zuzen berari esker Booktegiren arrastoa hartu eta liburua argitaratu genuen iazko otsailean, orain urtebete (thank you pilo bat, Aritz Branton!).
Etxean nengoen beraz atzo (mila esker Imanol, Ibai eta Olatz hirukoteari!), Zarauztik ihes egiteko asmorik ez daukadanez. Zarautz Herri Zaintzailearen beste hiru kideak ere han egon ziren, Aizpea Manterola eta Miriam Mendoza, eta Anjel Irastorzaren proiektorea eta arima. Bidaia errukitsu ederra egiten gabiltza 2018tik.
Amaitzeko, aipatu nahi dut liburu honen ibilbidearen hasiera etxean ere izan zela, Bilbon. Orduan, Zazpi Kaleetako adinekoen elkarteak antolatu zuen. Ostegunean, Donostiako Easo politeknikoan egon naiz, 16-20 urteko ikasleekin. Bi muturretan dauden adin tarteko publikoak izan ditu liburuak, zaharrak eta gazteak, eta tartean gu atzo, hirugarren multzokook, adin ertainekook.
PD.- Jada ez dauden pertsona aunitz egon ziren presente atzo Garoan. Aunitz. Besteak beste, Gaizka Agiriano arrasatearra, paziente izan nuena. Haren proiektorea azkenean ez nuen erabili, baina haren alabak utzi zidan badaezpada ere, ganbararen batetik erreskatatuta. Naiara Agiriano, orain dela urtebetetik, nirekin batera Zainketa Aringarrietako Debagoieneko ospitaleko ekipoan dago lanean, erizain.
PD’.- Zainketa Aringarrietako Masterra egiten ari nintzela, Vic-en (Osona), Amaierako Lanaren aurre-aurkezpen moduko bat egin nuen 2024an, ikaskide eta irakasleen aurrean. Kataluniaraino joan ziren ikus-entzutera Maider eta Itziar Zarauztik, 550-570 km. Atzo ere hor egon ziren, Maider diapositibak pasatzen laguntzen. Ez San Valentín ez esnerik, ez esan.
Ezin naiz kexatu aurtengo negu hotzaz, hemen “Quiet Winter Jazz” entzun eta post hau idazten dudan bitartean. Abenduan grabatutako bi saio dakartzat gaurkoan, otsaila estreinatu berritan, gehi opari bat.
#19 “Fairy tale of New York” abestiari O’Hooley & Tidow bikote britainiarraren cover honek ukitu goxo bat ematen dio. John Breen lagunaren heriotzari eman nahi izan diodan ukitu goxoa. John Bilbon bizi zen musikari estatubatuarra zen, zeltiar musikak eta autosuntsiketa prozesu batek lotzen zutena Shane McGowanekin, saio honetan entzungo duzun abestiaren egilearekin.
#20 “Puntos suspensivos”Robe Iniestaren kanta da, gutariko askoren soinu-bandan ondo txertatuta dagoen ahotsa, bizirik jarraituko duena Roberen heriotzaren ostean ere. Arrasateko eta Debagoieneko euskal extremadurar horiei dedikatu nahi diet, hil eta biziko bide luze honetan ezagututako “hezurbeltzei”, Jon Maiak esango lukeen moduan. Bruce Springsteenen hitzetan, this land is your land.
Amaitzeko, goian aipatu dudan oparia da Urtzi Ugaldek egin didana, “Azken Kafea” bere podkastean egindako elkarrizketarekin. Ordutxo bat irauten du, eta amaitasunaz hitz egiten dugu (Maia berriz ere), besteak beste. Halaber, Patxi Lurraren misterioa argitzen dugu, eta abesti argitsu bat partekatzen dugu, inoizko nire kuttunenen artean dagoena.
CDz eta biniloez betetako egongela bat, itsaso aldera ematen duten leiho handiekin, laugarren solairu batean. Edo txoko bat, supazterrak argiztatuta eta berotuta. Stereo ekipo zaharra, duela hamarkada batzuk erositakoa, orduan berri-berria zena. Aitarena. Orduak eta orduak musikari entzuten, liburu batekin ala barik, olatuei edo suari begira. Azken orduaren zain.
Ordurarte bisitatu gabeko Europako iparraldearen hiriburu bat zen azken helmuga, ziur aski azken bidaia. Musika garaikidearen bertsioekin egindako kontzertua, hango orkestra sinfonikoak eta abeslari ezagunen koadrila batek lagundutakoa. Etxekoekin eta lagunekin lurralde hotz eta urrun haietan. Zu ere agertu zinen. Borobila.
Beste ziklo bat osatuta. Esaten dute musika arima betetzeko botikarik hoberenen artean dagoela. Gorputzaren gora-beherak arintzeko bestela bazeukan bere armategia. Ukitzen ez den guztia ere existitzen da, sentitzen den guztia hor dagoelako. Zirrara horiek, soinu horiek, giro hori, izpiritu hori, definitzen zaila den hori, sutondo hori, azken desio hori.
Zutabegile kuttunen artean daukat Goizalde Landabaso, aspalditik gustu-gustura irakurtzen ditut haren testuak, adibidez gaurko egunkarian argitaratu duena: “Onen saldoa”. Bertan, gaur egungo jendartean ona izatea zer ote den galdetzen du. Eta apuntatzen du oso puntu interesgarria, fedearen gainbeherak ekarritako balio mudaketarena. Balioak aldatu dira, bistan da, tarteka erabat alderantzizkoak dira ezagutu eta ikasi genituenak eta oraingoak. Zer dira orain ontasuna eta honen antonimoa, txarkeria?
Zer da bakea? Gerrako gaurko jaunek zer esaten dute bakeari buruz, zer da bakea haien ustez? Zer da terrorismoa gudako maisu hauen arabera, eta zer ezinbesteko indarkeria saihetsezina? Zer dago ongi eta zer gaizki? Jaungoiko eta deabru berriak nolakoak dira?
“S(u/a)minetik bakera” (SB) obra eszenikoaren laugarren eta azken atalean berba egiten dugu higatutako hitzei buruz, hainbeste erabiltzeaz gastatzen eta desitxuratzen diren kontzeptuei buruz (elkarbizitza, bakea, demokrazia…). 8 urte igaro dira estreinatu genuenetik, Irakeko gerraosteko garaia aipatzen dugu obran. Gero etorri ziren Siria, Ukraina… eta Palestina. Eta 8 urte hauetan hitzak are gehiago higatu eta itxuragabetu dira. Azken hilabeteetan abiadura handian gainera, albistegiak jarraitzen baldin badituzue ongi jakingo duzue.
Javier Cercas-en azken liburuari ekin diot egunotan, “El loco de Dios en el fin del mundo”. Idazle ateo baten hurbilketa Francisco Aita Santuarengana, Mongoliara egindako bidaia batean eta horren aurretik. Besteak beste, bere ustez Aita Santua da gaur egun nazioarteko figura bakarra eragin moral bat eduki dezakeena. Bakarra edo bakarrenetarikoa, Dalai Lama ere kontuan hartzen baldin badugu adibidez. Bestela, moraltasunaz gero eta lider gutxiago interesatuta daudela ematen du, edo benetako boterea dutenek behintzat giza eskubideak, etika eta ontasuna erabat baztertuta dituzte. Eta beldurgarria da.
PD.- Igorren egingo dugun SB-ren emanaldia dataz aldatu dugu: Apirilaren 10ean izango da, barikuan.
Jon Maia handiaren berba da: amaren maitasuna = amaitasuna. Eta “Ama” artefaktuaren hitzaurrean agertzen da, Urtzi Ugaldek asmatutako sorkuntzan. Mara-Mara liburudendan aurkeztu zuen atzo Gasteizen (argazkian), eta bere hitzetan “poeta, artista, kazetaria eta marrazkilaria ez den” arren, horietatik eta gehiagotik badauka Urtzik. Liburuko hiru pasarte azpimarratuko nituzke: “Hutsa” poeman galdera: “Eguzkirik al da ilargirik gabe?”. “40” poeman, hiru elementu terapeutiko: sorkuntza, kirola eta musika. Eta “Astekaria”-n, 12. astean duintasun terapiaren elementu garrantzitsuak: argazki albumak ikustea eta agurraz eta amaieraren antolaketaz hitz egiten hastea.
Bestela, Naiz Irratian abiatu du “Azken kafea” podkasta, heriotzari, doluari eta lotutako gaiei buruzkoa. Lehenengo kafea Pili Kaltzada kazetariarekin izan da, linkaren bidez entzun dezakezuena. Amaren heriotzak lotzen ditu Pili eta Urtzi, eta solasaldi atsegina sortu dute.
Uxue Razquinek ere amaren heriotzari buruz idatzi zuen (“Cómo se le dice adiós a una madre”), eta bere galderari erantzutea ez da hain erraza. Zaila den moduan amaitasun horrek amairik ote duen ala ez jakitea. Ama hilda egon arren.
Izan Iñurri elkartekide bat ere egon zen atzoko aurkezpenean (podkastean hurrengo asteetan agertuko da Julene Illarramendi beste elkartekidearekin egindako saioa). Ekimen interesgarria, astintzailea eta ezinbestekoa, “Ama” artefaktu zazpikaletar honetan parte hartzailea. Liburua izateaz gain, QR baten bidez abestien playlist luze batean sartzeko aukera dago, Urtzik prestatutakoa. Kanta horien artean, oso gustukoa daukadan “Hau dena” (Fermin Muguruza) dator.
Amaitzeko, zorionekoa ni proiektu honetan parte hartu dudala, “Azken kafea” Urtzirekin hartu nuelarik (laster argitaratuko da gure saioa, uste dut). Eta zorionekoa ni, despiste baten ondorioz, bi aldiz dedikatuta daukadala “Ama” liburua. Bizi gara!