Estigmak

Diasporan bizi ginenean urtero birritan etortzen ginen Euskal Herrira, uda pasatzeko eta Gabonetan. Lekeition udatiarrak ginen, urte osoan nolabait udaren zain egoten ginelarik. Urte ederrak izan ziren haiek. Orduko udetan, bestela, bageneukan ohitura bat: Hondartzara joateko moduko egunik ateratzen ez zenean, hodeitsua, freskoa edo euritsua, Lesakara joaten ginen, aitaren herrira. Hango izeba batekin egoten ginen, batik bat, eta berarekin batera misterio handi bat sumatzen nuen.

Asuntoa da izebak adineko osaba bat zaintzen zuela, Lesakan hor nonbait zegoen etxe zahar batean bizi zena, ezkutatuta. Ezkutatuta niretzat, noski, baina egia da solas egin gabeko kontuak zeudela hor airean. Dementziaren bat omen zeukan gizon hark, edo osasun mentaleko bertze zerbait. Jakinmin itzela pizten zidan, sekula ez nuen ezagutu senide hura.

Beran, halaber, dementziadun bertze senide bat geneukan, bisitan joaten ginena udako egun euritsu eta hodeitsu haietan. Tia Joxepa. Hain ezkutatuta ez zen bizi, inkluso behin edo behin ikusi ahal izan genuen. Ohean zegoen, eta burua erabat joanda. Txikitan beldurra ematen zidan, nahiz eta guri gailetak emateko arduratzen zen eta guzti. Gure amatxi ere, Pilar Iturria, dementziak jo zuen. Eta orain izeko Pepa, Leioakoa, momentuz nahiko egonkor dagoena.

Hau guztia kontatzen dizuet oso pelikula gomendagarria ikus-entzun genuelako lehengo egunean, “Memory”, Jessica Chastain (Sylvia) eta Peter Sarsgaard (Saul) aktore nagusiak dituena. Saulek dementzia goiztiarra du, eta Sylvia hasiko da berataz arduratzen zaintzaile moduan. Estigma handia dute biek ala biek, emakumea alkoholikoa baita. Gaixotasunen atzean pertsonak daudela ezkutatzen diguten estigma horietakoak.

Hain zuzen ere, maitasuna pizten da bi protagonista nagusien artean, Saulen familia aberatsak onartzen ez duen maitasuna, bateraezina omen Alzheimerrarekin. Ez da ahaztekoa beste film hura, “Still Alice”, Julianne Moore-ek interpretatuta, dementzia goiztiarra ere duen emakumearen rolean. Gai bera plazaratzen dute.

Beste klabe batean, “The Sessions” pelikula gogoangarrian sexua eta desgaitasuna uztartzen dituzte. Protagonistak beste gaixotasun mota bat dauka, baina hemen, fondoan, kontua ez da gaixotasunetan (estigmetan) gelditzea, bata edo bestea izan. Hemen kontua da pertsonak ikusi ahal izatea horien atzean, euren behar, desira, grina eta borondateekin.

Bihar, San Fermin egunean, hondartzara joateko moduko eguna ez da aterako, diotenez. Lesakara joanen gara beraz, aitaren herrira. Gezurra badirudi ere, zubigaineko dantza ospetsua ez dut sekula ikusi, eta bada garaia. Hango hilerrian, amatxi Pilar, abuelo Salva, aita eta ama lurperatuta daude.

Bakoitza gaixotasun batek eraman zuen bestaldera, guraso biak tumore gaizto mota banak. Egia da aurrera egiten ari garela eta minbiziak jada ez daukala lehen zeukan estigma hura, dementziekin ere hor nonbait. Baina osasun mentalarekin, oro har, gauza handirik ez dugu aitzinera egin. Eta bada garaia.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.
1 comment
  1. Asko gustau jata pelikula hau, aspaldixan gehixen gustau jatana. Bizitza errealeko egoera deseroso -eta batzuetan xelebre- batzuk erretratatzen dittu, eta ez da happy endetan eta errezkerixetan gelditzen. Ausarta, ederra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude