Imanol

Haurtzaroan lagundu ninduten Ahotsen artean, horrela letra handiz, Natxo de Feliperena (Oskorri), Amaia Uranga, Estibaliz Uranga eta Mocedades taldekoenak, Mikel Laboa eta Benito Lertxundirenak daude. Madrildik Euskal Herrira egiten genituen bidaietan lagun izaten genituen, kotxeko ordu luze haietan. Eta bazegoen beste bat, grabe eta sakona, bibrazio horiek transmititzen zituena: Imanolena.

Ordutik, etortzen zaizkit burura Ruper Ordorika, Petti eta Aiora Renteriaren ahotsak, kateari jarraipena eman diotenak, baina ziur aski Imanolena musikalki beste plano batean dago. Jakina, baita bere ibilbide biografikoa ere. 1971an, neu jaio nintzen urtean, 24 urterekin lehendabiziko erbestealdia hasi zuen. Ipar Euskal Herritik Parisera (Paco Ibáñez, Georges Brassens, Georges Moustaki, Mikis Theodorakis, Gwendal, Lluís Llach…). Eta atzera Hego EHra: 1985ean Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabearen ihesaldia Martutenetik. 1986an Yoyes-en hilketa eta omenaldia Ordizian. Eta 1989an “Beldurraren kontra” kontzertu erraldoia Donostian. 1980ko hamarkada bizia eta latza. 2000an bigarren erbestealdia Alicanteko probintziara, 4 urte geroago haren heriotzarekin amaitu zena.

Zain neukan “Imanol: Azken kontzertua” dokumentala, eta azkenean eseri naiz ikus-entzuteko. Bertan, protagonista batek Imanolena espainiar estatuko ahotsik ederrena izan dela esaten du. Akaso ez da demaseko afirmazioa. Pelikula atsegina da, musikalki ederra bertsio horiekin, baita Imanol beraren ahotsarekin ere. Tristea da halaber, biografikoki goian aipatutako gertaerengatik. Heroia izatetik traidorea izatera. Baketik suminera eta saminera. Eta heriotza hori… Dokumentalean aipatzen da gure Herrian gelditu den zauri handi horietakoa izango dela Imanolekin kolektiboki duguna. Hala da. Errua, damua, tristezia, mingostasuna, hoztasuna, injustizia… Gehitu nahi duzuna. Eta errukia (zentzu negatiboan zein positiboan).

Azaro honetan 76 urte bete izango zituen. Neuk bihar 52.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.

Iñaki Peña

1971ko udagoienean jaio nintzen. Urtaroz urtaro eta mendiz mendi nabil orduz geroztik.
1 comment
  1. Handia zen Imanol. Oso.

    Ni mutiko-gazte nintzela etorri zen Imanol Elgetara. Areto txikia, baina oso handi geratu zena. Handi zergatik? ba orduan ere gailendu zirelako gaur kezkatzeko eta damutzeko diren motiboak eta ez bere kantakera. Ze pena joan ez zirenengatik.
    Ederra izan zen. Txema Garcesekin egin zuen kontzertua, biak bakarrik. Bakarrik, edo publikoko dozena bat lagun entzule zituela. Dozena horrekin batera egin zuen kontzertua, oso komunikatibo, esateko askorekin eta beste dozena bat kantu ederrekin. Eskatutakoak ere jo zituen.
    Ahazten ez diren kontzertu horietako bat. Aipatzen duzun dokumentalak ekarri zidan gogora orduko hura. Berriz ere bai zure testuak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude