
Ilea neukanean, kardiologoa eta poeta zen gizon bat ezagutu nuen Gurutzetan. Mediku adjuntu espezialista zen bera, espezialista izateko bidean zegoen egoiliarra ni. Arreta eman zidan, posiblea zela ikusi nuen. Zientziek eta letrek bat egiten duten eremu hartan nenbilen orduan ere, nire moduan. Horri buruz hitz egin genuen pasa den ekainean, lurralde misto horiei buruz, “Narratiba eta medikuntza” izeneko uda ikastaro dotorean.
Aitzindari batzuk topatu ditzakegu Nafarroa Garaia eta Beherearen arteko muga haietan, duela 100 urtetik pasa, XIX. eta XX. mendeen arteko Euskal Pizkunde hartan: Pablo Fermin Irigarai “Larreko” (1869-1949) eta Jean Etxepare “Medikua” (1877-1935). Auritz eta Aldude, 22 km euren artean. Bazter haietan gora eta behera ibili gara uda honetan, atzo bertan izan ere. “Larreko”, Jose Angel Irigarairen aitatxi, sendagilea eta idazlea izan zen, Jose Angel ilobaren moduan, eta Etxepare “Medikua” bezala. Olerkiak, saiakerak, narrazioak, artikuluak. Lehen Mundu Gerra, bidaiak, Herria, eritasunak, natura, eskuara.
Eta 100 urte geroago hemen jarraitzen dugu, zientzien eta arteen mugalariak. Oñatiko A.M. pazienteak esan zidan pozik zegoela mediku “ye-yé” bat tokatu zitzaiolako. Lore handiagorik? Eta bagaude batzuk, adibidez Iñigo Suberbiola Arrasaten egon zen bolada labur batean, Donostian dabil bestela, aspaldiko bidelaguna da eta “Makulu Ken” musika taldean jardun izandakoa. Euskal afrobeat. Medikuntza eta musika.
Ane Negueruela (argazkian) Etxeko Ospitalizazioaren sendagilea da halaber, Arantzazu Ugarte (laster entzungo duzue “Hamabostean behin” podcastean) eta Iñigo bera legez. “Nøgen” talde ezagunaren abeslaria da, berriki Jazzaldian egondakoa eta arestian M. bizilagunaren ama etxean atenditzen, haren bizitzaren amaieran. Musika eta medikuntza. Bizitza eta heriotza. Hil eta biziko kantak. Gonbidatu beharko ditugu ba Iñigo eta Ane podcastera, ea zer kontatzen duten.
Bizi gara!
