
“Hunkigarria, inspiratzailea, baikorra”. “Komunitate elkartasunaren istorio poetikoa”. Hitz gutxitan, horrela definitu dute “Rebuilding” (Max Walker-Silverman, 2025) neo-Western film dramatikoa. Izan ere, drama batetik zenbat argi atera daitekeen ondo erakusten duen pelikula da.
Dolua ez dela bakarrik heriotzarekin lotu behar sarritan esaten dugu, eta hala da. Izan ere, dolu ugari daude islatuta lan honetan, baina nagusiak ez dauka lotura heriotzarekin, hondamen “natural” batek eragindakoa baita. Colorado (AEB) estatuan kokatuta dago pelikula, baina izan zitekeen hemen. Bete-betean kolpatzen ari da “natura” udako sasoi honetan, urtero bezala, han eta hemen. Gero eta gehiago, datorren urtean berriro harrituko garen arren “ezohiko” bero-boladekin eta abarrekin.
Istorio honetan, sute batek etxe barik lagatzen du familia bat, eta gauza bera gertatu zaien beste familia batzuekin elkar biziko dira aita eta alaba protagonistak. Aita eta alabaren arteko harreman horrek ziur aski ukitu nau bereziki, baina filmak orokorrean hunkitzen duen horietakoa da. Bere soiltasunean, kokapenak lau direlako, antzezlana izan daiteke erraz asko. Azpian dagoen soinu-banda ere apaindura handirik gabekoa da, edertasun gordin horixe dauka.
Etxerik gabe gelditzea galera handien artean dago, ezin dugu erraz irudikatu akaso, baina hor gertu dagoen errealitatea da. Etxebizitzaren krisialdiaz eta hondamendiez gain, Ekialde Hurbilean amaitu ez den genozidioan arazo handienetarikoa horixe da, bizirik jarraitzen dutenen artean. Eta horrekin lotutako guztia, gaixotasunak eta abar. Erresilientzia da palestinar herriaren ikur handienetarikoa, eta hauxe izan daiteke etxe barik oro har geratu den jendearen ezaugarri nagusietakoa. Baita pelikula honen protagonistengan ere. Duintasuna beste guztiaren aurretik.
Heriotza ere presente dago, noski, eta tarte ederra hartzen du gainera. Erretako basoaren erdian gelditutako hilerri txikia txukuntzen dute protagonistaren amaginarrebari agur esateko, erritual xumea bezain politaren bidez. Naturala. Zirraragarria.
Suarekin lotutako beste harribitxi horrekin batera, film hau pasatu da niretzat, meritu guztiekin, pelikula kuttunen zerrenda horretara.
Osasuna!
