
Leintz Gatzaga (205 biztanle). 2014. urtea izango zen. “Aulki Hutsak” estreinatu berritan, garai bat egon zen astero proiekzio bat egiten genuela. Debagoienako herri guztietan egon zen dokumentala, Elgetan, Antzuolan, guzti-guztietan. Baita Gatzagan ere. Egun hartan matxura bat izan nuen autoan herrira iristean, eta handik ateratzeko garabia etorri behar zen, arku horretatik eta kale estuetatik pasa eta gero. Ez daukat ahazteko. Proiekzioa leku txiki batean izan zen, tabernaren ondoan. Publiko gutxi, eta haien artean Gasteiztik etorritako bikote bat. Irakasleak ziren, jakin zuten emanaldia zegoela eta haraino hurbildu ziren. Istripuren bat gertatu berria zegoen, euren ikastetxeko norbait hil zen, eta kezkatuta zebiltzan doluaren gaia nola landu ikasleekin. Gasteiztik Gatzagara etorriak dokumentala ikus-entzuteko. Gatza.
Arantza (628 biztanle). Bortzirietako lau herritan egon naiz urte hauetan guzietan, borzgarrena Igantzi bisitatu gabe geratu delarik. Bertzela, Beran AH-ekin, Lesakan, Etxalarren eta Arantzan MHHH-ekin ibili izan naiz. Azken honetan egindako emanaldia bereziki gogoangarria izan zen, bertako liburutegian egin genuen, udazkena edo negua zen, eta berogailua piztuta zegoen. Ez baduzue tokia ezagutzen, txikia eta xarmagarria da, goxo-goxoa, sekulako oroitzapena daukat eta horregatik gaur ekarri dut blogera. Oroitzen naiz hor egon ginen dozena bat pertsona horiekin, gerora piztu zen solasaldiaz. Amaitu eta gero Lesakarat joan nintzela, kanposantura, bertan gauaz orduan bakarrik egon naiz. Aita, ama, amatxi eta abuelo bisitatzen. Xarma.
Ozeta (217 biztanle). Arabako Lautadan, behin bakarrik egonda nengoen trilogiarekin. SBrekin Zalduondon, Aitor, Naia eta Koldo taldekideekin batera. Lehengo egunean Barrundiako liburutegia bisitatu nuen (ikus argazkia), trilogiaren liburua aurkezten, Arantzako bizipena gogoan. Natalia laguna Ozetan dabil liburuzain, proposamena egin eta berehala lotu genuen. Gogoa neukan txoko txiki batean errepikatzeko, eta bete-betean asmatu genuen. Arantza arrebarekin eta Kairekin ibili nintzen goizean Elgeako mendilerroan, Larrean bazkaldu eta arratsaldean tarte oso atsegina pasatu genuen. Beste dozena bat pertsona. Itziar etorri zen Ozetaraino, eta Alberto Zalduondotik. Igone lankidea. Mikel eta Ainhoa Araiatik (elkarrekin afaldu genuen Mendizurren, eguna borobiltzeko). Borobila.
