
Pandemiako lehenengo hilabeteetan, tentsio handipean, hainbat kontu gertatu ziren gure kaleetan. Jendarteko zati bat orduan konturatu zen bizitzaren bi aurpegiez. Alegia, tabernetako jarduera baimendu zutenean, hainbat herritarrek arindua sentitu eta kalera atera zen, terrazak eta tabernak berreskuratuta.
Aldi berean, kontu ilunagoak azaleratu ziren, azken finean gizakiok ditugun bi aurpegiak (edo gehiago) modu gordinean nabarmendu ziren. Epaiketa moralak eraiki genituen tabernetan zeuden bizilagunen inguruan: “Holakorik! Jendea Intentsiboetan hiltzen dagoen bitartean begitu horiek guztiak zurrutean!“. Balkoietako polizien garai tristea izan zen, nolabait norberak ezin zuena egin beste batek egiten ikusiz gero salatzen ibiltzen zirenak.
Hilabete haietan, saiatu nintzen gogorarazten hainbeste asaldatzen ziren horiei bizitzaren gurpila dela, beti martxan egon dena. Pandemia baino lehen ere gertatzen ziren gauzak zirela, modu kolektiboan jabetzen ez ginen arren. Hau da, San Fermin orotan, Aste Nagusi, San Pelaio eta abar guztietan egon direla (eta daude) hiritarrak ondo pasatzen, beste hiritar batzuk ospitaleetan edo etxeetan hiltzen ari ziren bitartean. Eguneroko bizitzan horixe gertatzen dela, geu ohartu ala ez.
Uda urteko sasoi gordina da zentzu hartan. Bizitzaren bi aurpegiak nabarmentzen dira orduan. Oporrak alde batetik, eta bizitzaren gurpil etengabekoa bestetik. Ataka txarretatik igarotzen ari direnentzat, ziur aski, ez ulertuak sentitzeko sasoi latza izan daiteke uda. Gabonak ere badiren moduan.
Oporrak baino lehen eta ondoren, aurten ere bizi-istorio anitzak ezagutu izan ditut. Adibidez, Perutik etorritako gizona, minbiziak jotakoa, etorri bezala haren herrialdera itzuli dena, hango familiarekin haren bizitzaren azkena igaro ahal izateko. Alaba batzuengana etorri zen, eta pentsatu nahi dut kontsultan atakatik sufrimendu gutxiagorekin pasatzeko tresna batzuk jaso zituela.
Esate baterako, minbizia zabalduegia zeukan emakumearen istorioa ere, tratamendu osatzailea hasteko denborarik ez zuena izan. Hala ere onarpena erakutsi zuena, erabateko duintasuna eta esker ona. Bai eta haren semearen istorioa ere, hain modu argian semeak berak kontatu ziguna.
Halaber, baserritar mutilzahar haren kasua, beldurrez zegoena medikuarengana etortzeko, bere gorputzean gauzak asko okertzen ari zirela sentitzen hasi zenean. Hainbeste okertu, non gurean agertu zenerako beranduegi zela. Gogorarazi zidan naturan gertatzen diren gauzetaz: nola artaldetik aldentzen den gaixorik dagoen ardia, zuhaitz baten azpian heriotzaren zain geldirik.
Hil eta biziko istorio hauek eta beste hainbat, udan gauden bitartean jazotzen direnak.
