
“Heriotzak, bere kabuz, bakarrik, inolako kanpoko laguntzarik gabe, beti hil du askoz gutxiago gizakiak baino” (Jose Saramago, “As intermitências da morte”).
NASH (Natural, Accident, Suicide, Homicide) horretatik, Zainketa Aringarrietan N-arekin arduratzen gara, berezko heriotzekin jarduten dugu. Beste aldetik, gizakiak eragindako herioak daude: A, S eta H. Beste hauekin modu askotan jokatu dezakegu, mediku moduan. Beste alde batera begiratu ahal dugu, horiek ez direla gurekin zuzenean zerikusirik daukaten gaiak, ez garela sartu behar arazo sozialetan eta, are gutxiago, politikoetan.
Askotan entzuten diren hitzak dira goikoak, geure gremioan behintzat. Askotan entzuten da isiltasuna gai konplikatuen aurrean. “Ez sartu arazoetan”. Niretzat apur bat berandu da aholku horiekin etortzeko. Adibidez, duela 8 urte “S(u/a)minetik batera” egin genuen, gure herrialde txiki honetan arazo politikoek eragindako heriotza eta doluei buruz, bertako gure Troubles-en inguruan.
Horregatik, pozik irakurri nuen oporretan SECPALek ateratako manifestua Palestinan bizitzen ari direnari buruz. Egokia, zuzena, argia, errukitsua, esplizitua. Elkarteak ordezkatzen nauela sentitzen dut. Hementxe irakurri dezakezue:
Zainketa Aringarrietako Espainiako Elkarteak (SECPAL), pertsonen duintasuna eta oinarrizko eskubideak defendatzeko duen konpromisoari men eginez, ahotsa altxatzen du Gazako biztanleria zibilak bizi duen egoera humanitario larriaren aurrean, batez ere haurrek, gaixoek, adinekoek eta desgaitasunen bat dutenek bizi dutena.
Salatzen dugu:
Gazako Zerrendari 2025eko martxoaren 2tik ezarritako erabateko blokeoak elikagaien, edateko uraren, sendagaien eta erregaiaren sarrera eten du, eta bi milioi pertsona baino gehiago elikagaien segurtasun falta larrira, desnutrizio akutura eta oinarrizko osasun-arretaren faltara kondenatu ditu.
Azpiegitura zibilak eta sanitarioak sistematikoki suntsitzea, ospitaleak eta osasun-zentroak erasotuak eta kolapsatuak izanik, funtsezko zainketak eskuratzea eragotziz eta arreta medikoa profesional eta pazienteentzako amesgaizto bihurtuz.
Haur gazatarren sufrimendua, elikagaiez, urez, babesaz, hezkuntzaz eta segurtasunaz gabetua. Milioi bat haur baino gehiago bizi-laguntzarik gabe daude, desnutrizioaren, gaixotasun saihesgarrien eta trauma konponezinen eraginpean.
Gosea erabiltzea eta oinarrizko baliabideak kentzea gerra-arma gisa, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren eta giza eskubide oinarrizkoenen urraketa nabarmena dena.
GENOZIDIOA, terrorismoaren mezu faltsuarekin, Israelen ekintzen larritasuna sozialki “desenkusatzen” saiatzen ari dena.Iradokitzen dugu:
Egoera hori betikotzeak, nazioarteko komunitatearen gelditasunak eta isiltasunak babestuta, Gazako herritarrak sufrimendu jasangaitzera kondenatzeaz gain, zigorgabetasun-aurrekari onartezina ezartzen du gizateriaren aurkako krimenen eta bizitzeko eskubidearen, osasunaren eta ahulenen babesaren aurrean.
Osasun-zerbitzuen kolapsoak eta tratamendu mediko egokia jasotzeko ezintasunak areagotu egiten dute saihets daitezkeen arrazoiengatiko heriotza-tasa, eta larritu egiten dute zainketa aringarriak eta erruki-arreta gehien behar dituztenen sufrimendu fisikoa eta emozionala.Exijitzen dugu:
Ekintza militar oro berehala etetea eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa erabat errespetatzea, biztanleria zibilaren babesa bermatuz, batez ere haurrena, gaixoena eta pertsona kalteberena.
Korridore humanitario seguruak berehala eta etengabe irekitzea, elikagaiak, ura, sendagaiak, erregaia eta oinarrizko hornidurak sartzeko eta egoera kritikoan dauden pertsonak ebakuatzeko.
Osasun-zerbitzuak eta zainketa aringarrietako zerbitzuak berrezarri eta babestea, eta inolako bereizkeriarik eta oztoporik gabe mediku-arreta jasotzeko aukera bermatzea.
Nazioarteko gobernuek eta erakundeek erantzukizuna beren gain hartzea eta irmo jokatzea zigorgabetasunari amaiera emateko, egindako krimenak dokumentatzeko eta arduradunei kontuak emateko eskatzeko.Deialdia:
Gizarte zibilari, osasun-profesionalei eta pertsona guztiei, beste aldera ez begiratzera, ahotsa altxatzera eta beren gobernu eta ordezkariei tragedia humanitario hori iraultzeko jardun dezatela exijitzera, isiltasunak eta axolagabekeriak sufrimendua eta bidegabekeria betikotzen baitituzte.
Osasun-arloko profesional eta zainketa aringarrien defendatzaile garen aldetik, gogorarazten dugu giza duintasunak ez duela mugarik ezagutzen, eta etapa eta egoera guztietan bizitza lagundu, arindu eta babestea dela gure egitekoa. Ezin dugu onartu ahulenen bizitza eta itxaropena sakrifikatzea munduaren pasibotasunaren aurrean.Gazako duintasunaren eta giza eskubideen alde.
Saihets daitekeen sufrimenduaren amaieragatik.
Presazko ekintzagatik eta justiziagatik.
