
Goiko izenburua du Karmele Mitxelenak idatzitako liburuak, oraintxe disfrutatu eta amaitu dudana. Udarako irakurketa bikaina, goitik-behera gomendagarria. 60 urte inguruko emakume baten barne-bidaia, Empordà-ko kostaldera egindako kanpo-bidaia ere badena.
Abiapuntua bel-beltza da, ezin beltzagoa: emakume protagonistaren senarrak itsasoan egindako suizidioa. Eta horrek eragindako doluaren deskribapena, zehaztasunez eta edertasunez idatzitakoa. Egia esan, aspaldian ez nuen hain desberdin idatzitako zerbait irakurtzen.
Minaren deskribapena, saminarena, modu honetan egiten du:
“Inoiz ez dut jakin nola den zehazki. Ez dakit ekaitzaren ondoren datorren barealdia edo barealdiaren ondoren ekaitza. Gaur bareago dago dena, ni batez ere.
Zakarrontzian ez dira aterki apurtu gehiago kabitzen. Hondartza makilaz, adarrez, eta algaz beteta dago, eta itsasoa zikin, ohi duen gardentasunik gabe. Tabernetako itzalkinak lurretik altxatu ezinda daude, eta edozein bazterretan plastikozko aulki herrenak abandonatuta.
Antzera irudikatzen dut neure barrua, atzoko indarrarekin txikituta. Bihotz eta birika zatiak erraietan, ixten ez diren zauri zaharrak odoletan, zauri berriak gorri”.
Funtsean, liburua zorionaren aldeko aldarrikapena da, zauritutako zorionarena beti ere. Doluan dauden pertsonek berriz zoriontsuak izateko duten eskubideaz datza liburuak, edo horrela interpretatu dut behintzat: “Batzuetan hondamendia behar da berriz hasteko, zati guztiak bildu eta haiekin zerbait eraikitzeko”.
Aita erailda, ama minbiziak hilda, ahizpak bere buruaz beste eginda, anaia mendi istripu batean hilda, semetxoa edo alabatxoa jaiotzean zenduta… galdu eta gero zoriontsua izateko eskubidea.
(Eskerrik asko, Aizpea, liburua gomendatzeagatik).
