Etiketaren artxiboa: historia

Bueltan


Bueltatu naiz. Denbora asko
idatzi gabe egon ostean espero luzarorako gelditzea blogosferako
txoko honetan. Urte hasiera zaila izan dut. Hasteko deskonektatu
beharra nuen eta Peñafiel-eko herrira joan nintzen lagun baten
etxera (ia han erroldatu nintzen egon nintzen denbora luzearengatik).
Pilak kargatu ditut beraz eta urteari aurre egiteko inoiz baino indar
gehiago daukat.

Urte gogorra izango da.
Erabaki garrantzitsu ugari hartu beharko ditut nire etorkizuna zeharo
baldintzatuko dutenak. Ikasketei dagokienez espero karrera amaitzea
eta hortik aurrera momentuz ez dakit zer egingo dudan. Aukera ugari
ikuskatzen ari naiz baina oraindik zalantza ugari ditut. Orain
otsaileko azterketan nago buru belarri. Ikasturtea hala ere ez da oso
astuna baina lan egin beharko dut gauzak aurrera ateratzeko.
Irailetik aurrera beraz momentuz ez daukat proiekturik.

Kirol bizitzari buruz esan
behar haurrekin jarraituko dudala igerilekuan klaseak ematen eta
noizean behin txapelketetara joaten. Momentuz lan honetan pozik nago
eta estres maila igotzen badute ere ezin naiz asko kexatu nire esku
utzi dituzten aurrekin.

Triatloiaren inguruan ere
hitz egin beharko dut. Aurten urte lasaia hartzeko erabakia nuen,
duatloi bat bera ere ez dut egingo. Azken orduko gertaera batzuk uste
hori asko baldintzatu dezakete. Urte honetan ekainaren 26 Gasteizen
Europako txapelketa ospatuko da distantzia luzeko triatloiean.
Denboraldiko helburutako bat horrelako distantziako triatloia egitea
zen eta proban parte hartzea oso zaila izango zelakoan nire agendatik
ezabatu nuen. Federazioan sartuta dauden pertsona batzuek ez zidaten
itxaropenik eman, guztiz kontrakoa, ezinezkoa izango litzatekeela
proba horretan parte hartzea adierazi zidaten. Orain esperantzarako
ate bat ireki da. Jadanik izena eman dut proba honetan parte
hartzeko. Apirilaren 26ra arte itxaron beharko dut nire parte
hartzearen konfirmazioa jasotzeko baina oso ederra izango litzateke
Gasteiz-eko inguruan familia eta lagunak egotea animatzen udako egun
bero horretan.

Azkenik eguneroko bizitzan
egin beharko ditudanak izango ditut aurrean: lagunekin eta
familiarekin egon, idazten jarraitu, irakurri eta 111 akademiako kide
naizen heinean euskal literaturari buruz idatzi diren azken
nobedadeei buruz iritzia eman, bizitzan ahalik eta gehien goxatu…

Urte berri on guztioi
(berandu bada ere) eta animo urte berriari aurre egiteko.

Woodstock, memoriaren kutxara?

Berrogei urte
geroago Woodstock ez da izango Woodstock. Urte honetan ez da egongo
milioi erdi pertsona bakea eskatzen gerraren aurka. Ez da egongo
milioi erdi pertsona marihuana erretzen eta LSD hartzen (sic), ezta
ere goputzak amodio askeari ematen. Uda honetan ez da egongo milioi
erdi pertsona amerikar estatu batuetako rock talde handiak entzuten
momentuko kontrakulturari musika jartzen dietenak” (Público,
2009-08-09. Etxean itzulita).

Hori da atzo hiru orritako
notizian ekarri zuen berria maila nazionaleko Público
egunkariak. Hemen aipatu nuen orain dela hilabete batzuk notizia
zoragarri on bat jaso nuela jakitean Woodstock musika jaia dohain
antolatuko zutela bere berrogeigarren urtemuga ospatzeko. Badirudi
nazioartean bizi dugun krisi ekonomikoak berri horri 180 graduko bira
eman diotela eta oraingo honetan datorren astean ospatu behar zen
jaia bertan behera geratu dela.

David Frikeren esanetan
(gaur egun Rolling Stones aldizkarian dihardu lanean) Woodstock ez
da beharrezkoa eta 1969ko espiritua ez da existitzen
. Hainbeste
aldatu da mundua 40 urteetan? Ez ahal dute garaiko errebindikazio
batzuk zutik irauten? Beste hamaika galdera egingo nituzke gai honi
buruz baina pena bat da 1969an bizi ez zutenek ezin berriz bizitzea
garai hartan gertatutakoa. Woodstock XX. mendean egon zen kultur
ekintzarik handiena izan zen eta horri omenaldi bat egitea hamar
urtean behin gutxienez tristea da. Gaur eguneko gizartearentzat
1969ko abuztuko egun haietan bizi izandakoaren aukera kendu
digutenaren sentipena daukat.

Historiako pelikula onenak

Askotan galdetzen digutenean, zein da
gustukoen duzun pelikula? Bi erantzun posible daude, lehenengoa ez erantzutea
(hamaika arrazoi egon daitezke, horien artean ez gogoratzea ikusi dituzun
pelikula guztiak edo ez jakitea zein den gehien gustatzen zaizuna) eta bat
esatea baina hortik ordu batzuetara berriro oroitaraztea galdera eta damu
izatea. Horregatik jarraian nire uste apalean zinemaren historia garaikidean
egin diren pelikularik onenak aipatuko ditut, eta horretarako nire irizpide
propioak jarraituko ditut (garrantzitsuena: zerbait eragiten didaten pelikulak
asko gustatzen zaizkit). Hor doa lista:

  • Forrest Gump (Behin ikusi eta betiko geratzen zaizu memorian).
  • Rocky (Pasarte ugari historikoak dira. Zein ez da joan
    Philadelphiara eta hango eskailera igo Balboa boxeolaria bezala?).
  • Karate Kid (Mutil ugarik amesten dutena gauzatzen du Samuel
    Larusso karatekariak, lana eginez bere espezialitatean onena izan).
  • Jurassic Park (Ordu pare batez berriro sinetsi genuen posible zela
    dinosauroak bizitzara bueltatzea).
  • Jack (Negar batean bukatzen da pelikula mutikoa 18 urterekin
    unibertsitatera joaten denan, baina errealitatean 80 urte inguru dituelarik).
  • Hook (Gure gaztaroko ipuinetako pertsonaia baten istorio ezezaguna
    askorentzat).
  • Cool Runnings, Elegidos para el triunfo (Motibatzeko pelikula
    dudarik gabe.).
  • El club de los poetas muertos (Adaptazio eskas xamar geratzen da
    liburutik pantailara. Gomendagarriagoa da lehenengo liburua irakurtzea eta
    ondoren filma ikustea).
  • Regreso al futuro (George Lucasen arte lanetako bat, kotxearekin
    denboran bidaiatu genezakeela nahi izan genuen askok hori ikusi ondoren).
  • La milla verde (Justizia askotan itsua denaren froga, garaia
    desberdina izan arren errealitatearen isla)

Eta zuen pelikula gustukoenak zeintzuk dira? Zein uste duzu falta dela
lista honetan?

Arrikrutzeko kobetan

Gaur goizean Arrikrutzeko koba egon naiz
bisitatzen Nafarroako lagun batzuekin. Orain dela hilabete batzuk, ireki zen
garaian, Mikel Irizarrek aipatzen zuen bere blogean turismoa egiterakoan
inguruan ez dugula apenas egiten eta kanpokoek berriz gure baino hobeto
ezagutzera iristen direla gure bailara. Orduan arrazoia bazuela konturatu
nintzen eta nire buruari esan nion haitzuloa bisitatuko nuela. Gaur izan da D eguna.

Historialariontzat eta batez ere aurrehistoria
ikasten dutenentzat ez du aparteko garrantzirik Arrikrutzek. Ikusteko ederra da
eta bisita gidatua oso ondo dago. Kobako historia jakitea oñatiar batentzat oso
ongi datorkio horrela Oñatiko zati garrantzitsu baten historiaren jabe egiten
garelako.

Agian faltan bota dut lokatzara apur bat eta
kaskoak, baina tokia oso ondo egokitu dute adin guztietako pertsonentzat. Eta
nahi baldin badut leku basatiago bat, espeologiara hurbiltzen den ekintzaren
bat, Oñati aberatsa denez kobazuloetan hamaika aukera daukat mundu horretan
barneratzeko eta lokatzez eta urez estaltzeko.

Ondorioztatu dut bisita merezi duela eta oso
gomendagarria da pertsona ororentzat. Beraz aukera baduzue egun hauetako batean
joateko, ez ezazue galdu aukera eta hurbildu Araotzeko auzora kobazulo paregabe
hau ikustera.