Etiketaren artxiboa: euskalmusika

Eztarria-motorra berotzen


Bi urte pasa dira azken kontzertua egin zutenetik Katamaloko lagunek. Bihar Jimmy Jazz aretoan izango dira (Gasteiz). Bitartean motorra berotzen myspace-n daukaten tokian beraien kantak entzun behar.


Zehatz mehatz Gotzon Barandiaranen poema musikatuak dira Bihotz Bakartien Klubeko egiten dutena. Plazer bat horrelako ekimenak aurrera eramaten direla ikustea eta, noski, zuzenean bizitzea. Gainera jendeak eskatzen zion zerbait zen. Eta publikoak ez dio defraudatuko taldeari. Dagoeneko Donostia eta Bilboko emanaldiko sarrerak agortuta daude.


Jimmy Jazz aretoa


Ez da lehen aldia Jimmy Jazz-en egongo naizena. Harrigarria badirudi ere eta ikasturte asko eman ditudan arren Gasteizen (5 uste dut, oker ez banago) Jimmy Jazz-era behin soilik joan naiz. Uste dut Gasteizera iritsi nintzen garaian (2005eko irailean???) Azkena deitzen zela.


Bizardunak talde nafarra egon nintzen ikusten. Saio polita egin zuten. Bigarren diskoaren aurkezpenaren biran sartuta zeuden. Kontzertu entretenigarri batean lehen eta bigarren diskoko kantak entzuteko parada izan genuen.


Aretoa saio familiarrak egiteko egokia iruditu zitzaidan. Eszenatokia ondo kokatua, audio ona… Bihar uste dut berriro musikaz eta literaturaz eta poema musikatuez eta… gozatzeko aukera izango dudala.

4 urte

Gaur, 2009ko
maiatzaren 18a, 4 urte bete ditut goiena.net-eko blog komunitatean nire lehen
artikulua idatzi nuenetik. Gogora etortzen zait Lor euskal taldearen Zure
doinuaren kantaren hasiera: Euri asko egin du neska, lehenengo laztanetik…
Balada tristea baina kantu bakoitzari gertatzen zaion bezala, pertsonaren
arabera esanahia aldatu egiten zaio. Niri kanta horrek oroitzapen onak ekartzen
dizkit baina aurrera begiratzeko indarrak ere ematen dizkit.

Euri asko egin du
lehenengo artikulu horretatik. Garai onak eta ez hain onak bizi izan ditut lau
urte hauetan. Lau uda pasa ditut lanean Lizarra inguruan. Selektibitateko
probekin hasi nuen ibilbide hau eta orain unibertsitatean nago historia
ikasten. Kirol lehiaketa ugaritan parte hartu dut. Aloñako bi igoera,
Arrigorriagako distantzia luzeko bi duatloi (bietan hirugarren postua
lortuta)… Bidaia garrantzitsuak ere burutu ditut denbora tarte horretan: Done
Jakue bidea, Lisboara egindako 2008ko udaberrian, aurtengo otsailean
Budapestera joan nintzen astebete…

Artikulu bat
aukeratu beharko banu ezingo nuke hori egin. Guztiak hartu beharko nituzke bere
osotasunean baloratzeko. Guztiak izan dira garrantzitsuak. Baliteke batzuk
beste batzuk baino hobeagoak izatea baina guztietan izan dut sentsazioa idazten
nuen bitartean zerbait esaten ari nintzela.

Agian garairik
bereziena azken hilabete hauetan izan zen beste goiena.net blog komunitateko
beste blogari bati omenaldi txiki bat egin nionean izan da. Hark izandako ideia
jarraitu nuen, hain zuzen ere, maratoira begira egindako jarraipen berezi bat
egitea.

Horregatik sartu
nintzen mundu honetan. Uste nuelako zerbait nuela esateko munduari. Hemeretzi
urteko gazte baten ikuspuntua egunero ematea zen nire helburua. Inguratzen
zidanaren berri ematen nuen. Hemeretzi urteko mutil gazte hura hogeita hiru
urteko gizona bilakatu da. Ikuspuntuak, ideiak… aldatu zaizkit baina idazteko
gogoa inoiz baino handiagoa da.

GOTBn botatako
saio bati esker jakin nuen blogen inguruan lehen aldiz. Ideia nagusia gustatu
zitzaidan eta aste batzuetara goiena.net blog komunitatean blog propioa nuen.
Uste dut inoiz ez dela berandu hasteko eta hemendik jende guztiari animatzen
diot euskal blogosfera haztera eta beraien bloga abiarazteko. Beldurrik ez izan
eta animatu interneteko komunitaterik interesgarrienetako batean parte hartzea.

4 urte izan dira,
espero beste lautan jarraitzea gutxienez. Gaurkoa egun berezia da, ez soilik
urtemugarengatik, eta hau primizia bat da irakurleentzat, lehen aldiz nire
bizitzan literatur lehiaketa batean sari bat emango didatelako. Gaur Euskal
Herriko Unibertsitateko Arabako kanpuseko Letren fakultatean Galiziar letren
eguna ospatzen da eta bertako arduradunek literatur lehiaketa bat antolatu
zuten. Bertan parte hartu nuen eta euskarako sailean irabazlea irten naiz.
Beraz gaur letra idatziek ematen didaten poza bikoitza dela esan dezaket.

Nere herria

Ruper Ordorikak disko berria atera du (Memoriaren mapa) eta bere lehen single-a Hiriak izan da.

Zeure
gorputza da orain nire hiria,


zeu zara orain nahi dudan aberria.

Bizitzeko
ez zait horrenbeste ardura:


Paris, Tombuctu,
New York, Bombay, Segura,
Berlin, Katmandu,
Sidney, Addis Abeba,
Aljer, Lisboa,
Buda, Pest, Kiev, Ottawa.


Baina orain zeu zara nire hiriburua,
aberri, hilobi, neure sorlekua.

Hiltzeko
ere berdintsu zait herria:

Lome, Friburgo,
Quito, Tallinn, Luanda,
Tashkent, Mutriku,
Shangai, Istanbul, Praia,
Praga, Kigali,
Bangkok, Amsterdam, Basora.

Baina
orain zeu zara nire hiriburua,
aberri, hilobi, neure sorlekua.

Bizitzeko hiri guzti horietatik New York
aukeratuko nuke, Amerikar Estatu Batuetako europarrenetakoa delako alde
batetik eta orain dela gutxi La Sextan ikusitako erreportai batek liluratuta utzi baitzidan.
Baina bizitzeko gaur egun eta momentu honetan Gasteiz aukeratuko nuke. Egun bizi naizen hiria eta, agian, etorkizun batean gustatuko litzaidakeena bizitzeko.
Baina nire bizitza labur honetan ez dut ahaztu behar bizi izan naizen lekutan. Oñati,
pertsona bezala hazi egin naizen herria izan da, eta Aiegi, nire
lehenengo lana bertan aurkitu dudalako eta denbora ugari eman dudalako
lur horietan.
Eta aukeratzekotan hiri bat atzerrian, Amsterdan izango litzake. Hiri harrigarri bat iruditzen zait, askatasun handi bat dagoena eta berdin diona nongoa zaren.
Horiek izango lirateke nire bizitzako aberriak eta neure hiriburuak 🙂

Durangoko Azoka 2006

Ostegun arratsaldean Durangoko azokan izan
nintzen. Bigarren urtez joan nahiz eta aurten ere primeran pasatu dut.
Lehenengo aldiz kotxez joateko aukera izan dut, eta esan beharra daukat herrira
gerturatu alazbat, nabaria dela azokaren eragina.

Sarreran trafikoa handia zegoen eta edozein
lekutan aparkatzearekin konformatu behar izan nuen. Ez nuenez dirurik aske gune
urdinetik aldentzea erabaki nuen eta hilerrian aparkatzeko erabakia hartu nuen.
Ordu batzuetara nire lasaitua hartu nuen jakinda herriko poliziak isunak jarri zizkiela
gaizki aparkatu zutenei eta ez zutela infrakzio bat bera ere barkatu.

Azoka urtero haziz baino, egonkortzen doala
esan daiteke. Sentsazio ez da jendea denbora pasa doala azokara, euskal kultura
ikustera baizik: nobedadeak, idatzi dena, gehien entzuten dena…

Erosketa helburu batzuekin joan nintzen, baina
argi dagoen bakarra da liluratuta bukatzen duzula hainbeste eskaintzaren
aurrean eta dirua oso azkar joaten dela eskuetatik. Berria-ko estilo liburua,
Iban Zalduaren Etorkizuna eta Boltxe aldizkariko zenbaki batzuk erosi nituen.

Gainera Durangora hurbiltzen ari nintzela
Euskadi Gaztea entzuten Ibaizabal ikastolakoek egutegi bereziak saltzen zutela
aditu nuen (azken aldian modan dauden egutegi biluzi horietako bat),eta
badirudi ez zutela zorte handirik izan salmentekin. Horregatik eta badakidalako
zer den gaizki pasatzea proiektu bat aurrera ateratzeko, nire laguntza eman
nien halako bat erosiz.

Datorren urtean berriro itzuliko naiz, uste
dut ohitura hartuko dudala urteko zubi honetan kanpora joan beharrean Durangora
hurbiltzeko.