Etiketa honen artxiboa: calella

Deja Vú Calellan


Gaur idazteko gai zail bat
aukera dut. Arrazoi nagusia: aste bukaeran bizi dudana zaila egiten
zaidala hitzekin azaltzea. Deja vu bat bizi izan dut Calellan.
Dakizuenez iaz han egon nintzen bertako lehenengo Iron Man
distantziako Challenge Barcelona – Costa Maresme izeneko proban.
Errelebo modalitatean parte hartzen. Aurten bueltatzea suertatu zait.
Oraingo honetan triatloiko epaile bezala. Aukera iragan ostiralean
agertu zitzaidan, irailaren 24ean. Euskadiko Federazioko kide batek
idatzi zidan epaile ofizial baten beharra zeukatela Calellako proban.
Nire egutegiari begiratu ondoren argi geratu zitzaidan ostiraletik
astelehenera arte iraungo zuen bidaian aukera izango nuela joateko.
Beraz asko pentsatu gabe baiezkoa eman nion eskaintza horri.

Ez zen izan ordubeteko lana,
16 orduko lana gutxi gora behera. Ez nituen triatletak hoteleko
balkoitik ikusi igerian goizeko zazpi eta erdietan, bizikletak zeuden
tokira goizeko seietan nola sartzen ziren ikusi nituen. Ez nuen
barnetik eta kanpotik ikusi txapelketa, ikuspuntua aldatuta nuen
baina hala ere ibilbide guztiak ikusi nituen (korrikakoa eta
bizikletakoa). 22 ordu jarraian lo egin gabe (nire errekorra berdindu
nuen). Oñatiko jaietako aste bukaera onena galdu nuen… Baina
merezi izan du. Beste behin horrelako aukera ematen badidate eta
posible baldin bada, erantzuna berdina izango da.

Bizitzan gutxitan maitemindu
naiz. Aste bukaera honetan berriro ikusi dut egoera horretan nagoela
mediterraneoko hiri honekin. Maite dudan kirol bat da triatloia.
Barnetik bizitzea aukera ahaztezina izan da. Ez ditut erraz ahaztuko
14 orduko bidaian zehar egindako barreak Javi eta Jon Anderrekin. Ez
ditut erraz ahaztuko bizitako laguntasuna, egindako lan orduetan
ikusitako irudi ikusgarriak eta Calellako giroa.

Calella, datorren urtean han
izango nauzu (edo hori espero dut gutxienez). Beraz gaurkoz agurtzen
naiz. Gabon, zorte on eta hurren arte.

Finisher 107


Kioskoan badago aldizkari bat
nire eskuetara iristen denean noizean behin aste erdi irauten didala
hasten naizenetik irakurtzen amaierara arte. Finisher
aldizkari da hori. Triatloiari buruz hitz egiten duen aldizkaririk
onenetako dugu gaur egun. Sport life aldizkariak ere urtero
berezi bat ateratzen du triatloi munduari buruz oso ondo egoten dena
baita ere.

Baina oraingoan Finisher
aldizkariari buruz hitz egitera nator. Hilabete honetan, azaroan,
Challenge Maresme-ko kronika dakar (Calellan urriaren 4ean ospatu zen
Iron Man distantziako lasterketa). Oso ondo dago egina eta sorpresa
polit bat aurkitu nuen bertan. Lau orrialde dira argazki eta
testuekin. Hirugarren orrialdean bi istorio pertsonal ekartzen dute
famatu ez diren bi triatleten eskutik. Bigarren istorioak hunkitu dit
gehien. Jon Axeinok, Beasaingo Trigoi Triatloi Taldeko kidea, bere
kronika pertsonala idazten du Calellan bizitako esperientziaz. Zortea
izan nuen horrelako pertsona izugarri bat ezagutzeko urriko egun
haietan. Horrelako pertsonek bai merezi dutela beste askok baino
gehiago txalo bero bat eta lehena bezalako harrera ematea helmugan.

Aldizkari honi esker ere
motibatu egiten naiz. Triatloi munduan gertatzen diren lasterketei
buruz irakurtzerakoan hamaika aldiz identifikatuta sentitzen naiz
istorio askorekin eta horrek aurrera egitea bultzatzen dit. Askotan
esan diot nire buruari aldizkari honetan irakurritakoa ere niri
gertatu zaidala.

Triatloia gustuko baduzue,
aldizkari hau gustura irakurriko duzue.