Etiketa honen artxiboa: maresme

Deja Vú Calellan


Gaur idazteko gai zail bat
aukera dut. Arrazoi nagusia: aste bukaeran bizi dudana zaila egiten
zaidala hitzekin azaltzea. Deja vu bat bizi izan dut Calellan.
Dakizuenez iaz han egon nintzen bertako lehenengo Iron Man
distantziako Challenge Barcelona – Costa Maresme izeneko proban.
Errelebo modalitatean parte hartzen. Aurten bueltatzea suertatu zait.
Oraingo honetan triatloiko epaile bezala. Aukera iragan ostiralean
agertu zitzaidan, irailaren 24ean. Euskadiko Federazioko kide batek
idatzi zidan epaile ofizial baten beharra zeukatela Calellako proban.
Nire egutegiari begiratu ondoren argi geratu zitzaidan ostiraletik
astelehenera arte iraungo zuen bidaian aukera izango nuela joateko.
Beraz asko pentsatu gabe baiezkoa eman nion eskaintza horri.

Ez zen izan ordubeteko lana,
16 orduko lana gutxi gora behera. Ez nituen triatletak hoteleko
balkoitik ikusi igerian goizeko zazpi eta erdietan, bizikletak zeuden
tokira goizeko seietan nola sartzen ziren ikusi nituen. Ez nuen
barnetik eta kanpotik ikusi txapelketa, ikuspuntua aldatuta nuen
baina hala ere ibilbide guztiak ikusi nituen (korrikakoa eta
bizikletakoa). 22 ordu jarraian lo egin gabe (nire errekorra berdindu
nuen). Oñatiko jaietako aste bukaera onena galdu nuen… Baina
merezi izan du. Beste behin horrelako aukera ematen badidate eta
posible baldin bada, erantzuna berdina izango da.

Bizitzan gutxitan maitemindu
naiz. Aste bukaera honetan berriro ikusi dut egoera horretan nagoela
mediterraneoko hiri honekin. Maite dudan kirol bat da triatloia.
Barnetik bizitzea aukera ahaztezina izan da. Ez ditut erraz ahaztuko
14 orduko bidaian zehar egindako barreak Javi eta Jon Anderrekin. Ez
ditut erraz ahaztuko bizitako laguntasuna, egindako lan orduetan
ikusitako irudi ikusgarriak eta Calellako giroa.

Calella, datorren urtean han
izango nauzu (edo hori espero dut gutxienez). Beraz gaurkoz agurtzen
naiz. Gabon, zorte on eta hurren arte.