Etiketaren artxiboa: araba

Dortsal gorriarekin Behobia-Donostia lasterketara

Lortu dut. Ordu asko entrenatu ostean denboraldiko
helburu garrantzitsuenetako bat bete dut. Datorren azaroaren 11an ospatuko den
Behobia-Donostia lasterketan dortsal gorriarekin irtengo naiz.

Antolatzaileek irteera kolore desberdinetan
zatitzen dute, horia, berdea, gorria, urdina eta zuria. Gero eta denbora
hobeagoa orduan eta irteeratik gertuago.

Nik igandean gorria lortu nuen. Donostiako
zazpigarren maratoi
erdian 1:33:24 segundoko marka egin nuen eta horrek balio
dit Behobian lehendabizikoz kolore batekin irteteak. Lasterketa ez zitzaidan
zaila suertatu, urduri nengoen baina abian jarri eta gero tentsio guztiak kendu
nituen eta erritmo konstante batean burutu nituen lehen hamar kilometroak. Erditik
igaro ondoren kapaz ikusi nintzen ordu eta erditik behera jaisteko, baina
tenperatura altuek ez zidaten utzi hori lortzen.

Gasteizen hamalaugarren kilometrotik egin zitzaidan
gogorra, oraingo honetan azken hiru kilometroak pasa nituen gaizki. Baina hiru
kilometro 18 pasa eta gero ez da ezer (kar, kar). Okerragoa da Gasteizen pasa
zitzaidana (7 kilometro falta zitzaizkidan eta erritmoa erabat gorabeheratsua neraman).

Denboraldia ia amaitu dut (26an Bilboko
III. duatloiarekin
amaitzen zait lasterketen egutegia), eta oso pozik nago egin
dudan lanarekin. Asko dut eskertzeko batez ere Gasteizen aurkitu dudan lagun
taldeari entrenatzeko. Eskerrik asko ondoan egon zareten guztioi: familia,
taldekideak, ikaskideak… zuei esker nire denboraldia eramangarriagoa egin zait.

Eta ni galdetzen naiz…

Zergatik kontratatzen dituzten maratoi
erdietarako eta maratoietarako erbiak erritmo batean joateko, gero erritmo hori
ez badute betetzen? Zergatik kontsigna hitzak ez du esanahi bera Gasteizeko
maratoian eta Donostiako maratoi erdian? Zer egin behar da jendeak lehenengo
korrikalaritik azkeneraino animatzen egoteko?

Hurrengo astebukaerak kirolaz gozatzeko hamaika aukerekin

Gaurtik hasita eta maiatzaren 27ra arte,
kirolaz gozatzeko hainbat aukera izango ditugu gure lurraldean eta hemendik at
ere. Nik txapelketa batzuetan parte hartuko dut, eta besteak gozatzeko aukera
izango dut ikusiz.
Hemen ikus dezakezue agenda txiki bat datozen
astebukaeretan gertatuko denaz.

Maiatzak 5. Gaur.
Eibarko XVIII. duatloia. 15:30etan.
Maiatzak 6. Bihar.
Gasteizen, Martin Fiz V. nazioarteko maratoia.
09:30etan. Ordu berdinean 10 kilometroko lasterketa herrikoia.
Maiatzak 12.
25. Arrasate-Oñati herri lasterketa. Jantzi
kirola euskaraz! 18:30etan.
Maiatzak 13.
Donostiako maratoi erdia. 10:30etan. Irteera
eta helmuga: Kursaal kuboetan.
Maiatzak 20.
Gasteiz outdoor festival. Espainiako mendi bizikletako txapelketa maratoi
eran. Armentiako basoan.
Maiatzak 26.
Bilboko III. duatloia. 16:00. Esprint
distantzia.

Telebistan kirolaz gozatzeko.

Maiatzaren 12tik aurrera. Giroa.
Txirrindularitzako lehen handia.
Maiatzaren 12tik 13ra. Espainiako 1 formulako
Sari Nagusia
.

Ikusten duzuenez hurrengo larunbat eta
igandeetan kirolaz gozatzeko aukera ugari izango ditugu. Ez ezazue aukera hauek
desprobetxatu!!!

Kirol astebukaera oso ona

Hiru egun hauek kirol munduan murgilduta ibili
naiz. Edo entrenamenduak egiten, edo txapelketetan lehiatzen edo hitz ordu batzuetan
egon naiz.

Ostirala.
Entrenamenduak eta Oñatiko duatloia.

Ostiral goizean bizikletaz irten nintzen
Gasteiz inguruan. Trebiño aldera joan nintzen, lehen aldiz joaten nintzela eta
lurralde polita iruditu zitzaidan bizikletaz ibiltzeko. Haizeak gogor joten
zuen, baina entrenamendu saio polita burutu nuen. Gustura geratu nintzen nire buruarekin.

Arratsaldean Oñatin egon nintzen eta orduan
korrika egitea tokatzen zitzaidan, Olatera joan eta etorri lasai-lasai eta progresioan. Gero Oñatiko
Triatloi Taldeko bilera izan nuen martxoaren 17an jokatuko den Oñatiko 16. duatloia
antolaketa lanak nola zihoazen jakiteko. Dena lotuta dago eta badirudi larunbat
hori egun handia izango dela.

Larunbat
goizean, bizikletan eta Kalaña jarraian.

Goizean entrenatzera irten nintzen Segura
aldera, hankak arnasa hartzeko eta urduritasuna pixka bat kentzeko. Igandean
urteko zita garrantzitsuenetako bateri egingo bainion aurre: Duatloiko
denboraldiaren hasiera.

Bi orduz bizikleta gainean ibili ondoren eta
dutxa on bat hartu ondoren Ibarrara hurbildu nintzen Oñatiko Herriko futbol
txapelketako beteranoetako nire bihotzeko taldea ikustera, Kalañatasaray. Galdu
egin genuan 1-2, baina partidu ona jokatu zuten mutilek, batez ere bigarren zatia
(orduantxe iritsi bainitzen).

Tauk
izugarrizko jokoa erakutsiz garaipena lortzen du.

Berriro Baskoniak garaipen garrantzitsu bat
lortu zuen. Gainera ondo jolastuz eta erakutsiz momentu gozo batean dagoela. Gainera
Real Madrilen porrota Grupo Capitol Valladoliden aurrean ACBko lidergoari
hurbiltzen dio.

Momentu honetan Araban kalitate onena duen
kirola Buesa Arenan ikusi daiteke.

Igandea,
egun handia iritsi da.

Azkenean, hainbeste itxaron eta gero Lasarteko
I duatloian
lehiatu naiz. Banuen gogoa lasterketa hasteko, hala ere taldeko
txapelketetako arropak ez direnez iritsi aitaren kulote bateaz eta Aloñako
Igoerako kamisetaz egin dut lasterketa.

Lehenengo lasterketa zen, emaitza oso
positiboa izan da. Denboraldian inoiz baino azkarrago joan naiz, batez ere
bizikletan. Oso pozik nago eman dudan emaitzarekin eta jadanik gogoa beteta
hurrengo lasterketa egiteko Basaurin.

Portland
txapeldunen ligan aurrera.

Portland-ek bost goleko errenta zuen kontran
europako txapeldunen ligan aurrera egiteko. Egia esateko bigarren zatia ikusi
dut, gol batera jarri denean matxada egiteko. Lortu du, emozio handiarekin eta
joko ikusgarri bateaz Iruñako taldeak iazko txapeldunari, Ciudad Reali, zortzi
goleko errentarengatik irabazi dio.

Zorionak Portland eta segi aurrera!!!

Mugikor gogaikagarriak liburutegietan

Mugikorrak gure bizitzaren parte bilakatu
dira. Eta gaur egungo teknologia aurreratuei esker egunak eman ditzakete itzali
gabe. Leku askotan mugikorra erabiltzea debekatua dago eta horretarako jendeak
amatatu beharrean isilarazi egiten du aparailua.

Liburutegietara joaten den jendearen jarrera
gehienetan hori izaten da, baina oraindik pertsona ugari dago ez duena
mugikorra isilarazten. Errespetu falta bat iruditzen zait isilik egon behar den
leku batean jendeak etxean bezala ibiltzea teknologia hauekin besteekin
pentsatu gabe.

Oso gogaikarria da ikasten edo irakurtzen
zaudela, kontzentrazio altua eskatzen duten ekintzak, jarduera eten behar
izatea pertsona batek sakelekoa isilaraztea ahaztu zaiolako. Are gehiago, gero
eta gehiagotan gertatzen dira horrelakoak, eta hori oso larria dela uste dut.

Oñatin ez hainbeste, baina Gasteizen
Elurretako eraikinaren liburutegian jende ugari ikusi dut lotsagabe mugikorrez
hitz egiten. Bakoitzak egin dezala bere autokritika, nik nire kontzientzia
garbi edukitzeko liburutegira sartzen naizen bakoitzean (edo lekuren batera
mugikorra erabiltzea debekatuta dagoena) nire mugikorra itzali egingo dut.

Elurretan korrika

Pasa den astearte arratsalde-gabean Gasteizeko taldekideekin entrenatzera irten nintzen. Elurra bazegoen, baina gutxi. Egunean zehar elurra jausten egon zen, baina korrika egin genuenerako gelditu zen. Gaur ostera arratsaldean berriro hurbilduko naiz Mendizorrotza ingurura korrikan irteteko.

Elur gehiago dago kalean eta gusturago joango gara, seguruago ere ziur asko. Aldapa goran ez dago arazorik, baina aldapa beheran elurra ez dagoen tokitik zapaldu behar dugu eta gogor gainera. Horrek arrisku txiki bat ekarri dezake, baina berdin du.

Lehengo egunean ordu erdi eskas egin genuen lasai-lasai, baina sentsazioa 50 minutu egin genuena izan zen. Alde on bat du horrek, entrenamendu “mamu” bezala hartu dezakegu eta ondorio zuzenak izango ditu iganderako 10 kilometroko Idiazabaleko lasterketarako.