Etiketaren artxiboa: aiegi

Uda oso desberdina


Atzo irakurri nion goiena.net
blog komunitateko beste kide bati bere udaren gora beherak.
Inspirazioa piztu dit eta nik ere nire udako nondik norakoen berri
emango dizuet. Gainera uste dut 2010-2011 blog kurtsoa hasteko era
polit bat izan daitekeela (noski post hau publiko guztiei zuzendua
dagoenez eszenarik gogorrenak eta erotikoenak beste baterako utziko
ditut, edo agian intimitatean kontatzeko 😉 ).

Lehen uda izan da kotxeko
gidabaimena edo sorosle titulua izateko aukera dudanetik ez dudana
lan egin. Beno, baten batek galdetzen badit ea udan lan egin dudan
baiezkoa emango diot baina soilik 18 egun izan dira. Lau egun
uztailean, Oñatiko igerilekuan, eta 14 Usakoko errekan. Bietan
sorosle lanetan eta inoiz leku horietan aurretik lan egin gabe.
Esperientzia bezala esan beharra daukat ez dela erraza izan (kontuan
izanda zer nolako erantzukizuna dugun pertsonen biziekin) baina aldi
berean ez da batere zaila izan (aurretiko sei udatan Aiegiko Iracheko
igerilekuan lan egin izanak esperientzia asko eman dit bi leku
hauetan lanari aurre egiterakoan). Ondorioz esan dezaket uda bat
gehiago egindako lanarengatik emaitza positiboak ateratzen ditudala.

Uztailean hasi zen nire
oporraldia. Ekainean askok jakingo duzuenez Europako txapelketan egon
nintzen eta ez zen nire egunik onena izan baina hala ere bizitzan
aurrera egin beharra dagoela dakit. Beraz hori egitea tokatu
zitzaidan. Uztailaren 7an Iruñean izan nintzen. Oso ondo pasa nuen
lagun baten urtebetetzea ospatzen baina sentsazioa daukat urtetik
urtera San Ferminen herrikoitasun maila jaisten doala eta
atzerritarrentzako festa bat bilakatzen ari dela gero eta gehiago
(zoritxarrez).

San Ferminak atzean utzita
Donostiara hurbildu nintzen uztailaren 10 eta 11ean EHUk antolatzen
dituen udako ikastaroen barruan Euskara 2.0 ikastarora. Bertan
Sustatuko bosgarren urtemugan ezagutu nuen Gorka Julio berriro ikusi
nuen eta Maite Goñi bezalako pertsonak ezagutu eta aldi berean
eramaten duen proiektu berritzailea Ordiziako ikastolan batxilergoko
ikasleekin teknologia berriak erabiliz. Balorazio oso positiboa egin
nuen bi egun horien baitan, gauza berri batzuk ikasi nituen eta
konpainia onean egoteko aukera izan nuen. Datorren urtean ez ditut
beharko aukera askeko kredituak (arrazoietako bat zergatik hurbildu
naizen azken bi urteetan Miramar jauregira) baina agian bisitaren bat
Donostiara egingo dut aukera polita izaten delako Gipuzkoako
probintzian egun batzuk igarotzeko.

Uztaileko azken astean
kokaturik Alpeetara joateko ordua iritsi zitzaidan Gasteizko lagun
batekin Alpe d´Huez-eko distantzia motzeko triatloian parte hartzeko
(1,2-30-7). Joan aurretik Aloña Mendiko igeriketa saileko 25.
urteurrenaren festa izan nuen eta han bizitakoa aurretik esanda
daukat iadanik. Alpeetan astebete egon ginen, 7 egun. Aspertzeko
betarik ez genuen izan, lasterketa oso ondo joan zen. Bizikletako
zatiak zuen zailtasunik handiena, lakutik irten Bourg d´Oissan
herrira jaitsi eta Alpe d´Huez igotzea baizen. Goian zazpi kilometro
izango genituen aurretik korrika egiteko. Hango parajeetan
txirrindularitza usaintzen zen leku guztietatik zehar eta egon ginen
kanpinean bost izarretako hotel batean bezala egon ginen. Oso gustura
eta tamalez gauza onenekin gertatzen den bezala oso motza egin
zitzaigun.

Horrela abuztura iritsi
ginen. Alpeetatik bueltan Gasteizetik Lizarrara joan behar nintzen,
lagun on bati esker igande arratsalde-gauen Nafarroara joatea ahal
izan nuen. Han Lizarrako jaiak gori-gori zeuden. Abuztuak 1eko eta
2ko gauetan lagunarekin irten nintzen parrandan. Primeran pasa
genuen. Bigarren egunean behietara joan ginen goizean goiz (beno egia
esanda goizeko entzierroa ia kale erdian harrapatu zigun). Ez naiz
oso oker ibiliko giroa Iruñekoa baino hobeago zela esaten badut.

Jaiak amaitu ostean hamar
eguneko astebete inguruko deskantsua ilobarekin Aiegin. Uste dut ez
naizela hainbeste nekatu ume baten atzetik inoiz (eta hori aurten
igerilekuan monitore lanetan nengoela ume batzuk energia asko
xahutzen zidaten). A zer nolako energia daukan iratzarrita dagoen
bitartean!!!

Iloba bere herrira itzuli
ostean Malagara joatea tokatzen zitzaidan. Hamabi egun izan al ziren?
Ala hamahiru egun? Ez naiz oso ondo oroitzen baina azpimarratu
beharra daukat Malagako giroa asko aldatzen dela hemen bizi
dugunarekin. Normala kontuan izanda goizeko lau eta erdietan 27 gradu
egiten badu.

Malagako erritmoa laburtu
dezakegu esanez bazkariarekin hasten dela arratsaldeko bostetan,
afariarekin jarraitzen du gaueko hamarrak-hamaikak aldera, lan egiten
da ondoren eta amaitzeko goizeko seiak aldera gosaldu egiten da
egunari amaiera emanez eta ohera lotara joanez.

Han bizi izandako
esperientzia oso aberasgarria izan da. Ezusteko handia eraman nuen
feria deskubrituz eta datorren urtean ziurrenik handik egun batzuk
egingo ditudala abuztuaren erdialdean.

Uda amaitzeko egun gutxi
falta zirela itzuli nintzen Andaluziatik. Udaren amaierarekin batera
nire oporretako garairik gogorrena bizitzea tokatzen zitzaidana. Alde
batetik hasieran aipatutako lana Oñatiko txokorik politenetakoan eta
beste alde batetik iraileko azterketak.

Guzti hori igaro da…
zoritxarrez. Orain garai berri bati ekingo diot ikasturte berriaren
hasierarekin. Ikusten duzuenez idazteko gogoz nago eta ea jarraipena
ematen diodan. Denborak bakoitza bere tokian jarriko du… eta
gainera berriro hasi naiz korrika egiten (alpeetatik ez ditut berriro
korrikako zapatilak jantzi).

12 hilabete, 12 lasterketa IX

Iraila. Mendi bizikletak protagonismoa.
Ahaztuko ez dudan beste hilabete bat izan zen. Hasteko uda osoan gogor lan egin eta gero azkenean amaitutzat eman nuen sorosle lanak Aiegin. Beste alde batetik maratoia prestatzen hasi nintzen eta azkenik mendi bizikletari pare bat irteera eman nion.
Lehena Aiegiko jaietan izan zen. Irteera baino gehiago lasterketa zen baina nik turismo bezala hartu nuen. Iraila erdialdean Jurramendira igoera burutu genuen, igoera baino gehiago igoera, jaitsiera eta bira Aiegiko lurretatik izan zen. Guztira berrogei kilometro eta ia hiru ordu bizikleta gainean. Nekatuta amaitu nuen baina pozik lortutakoarekin.
Hurrengo irteera Errioxako Rincon de Soto herrian izan zen. Lehen aldiz antolatzen zutela mendi ibilaldia eta nire partetik zorionik beroenak hango antolatzaileei. Egun ederra egin zigun eta ibilaldia oso polita izan zen. Gainera txirrindularioi oso ongi tratatu ziguten hainbat opari eta bokadilo emanez. Uste dut datorren urtean berriro itzuliko naizela herri honetara ibilaldi honetan parte hartzera.

Done Jakue bidea 2007 (I)

Gaurtik aurrera hemen astero kontatuko dizuet nolakoa izan zen nire Done Jakue bidean izan nituen gora beherak. Irailaren bigarren hamabostaldian burutu nuen eta astero etapa baten kontakizuna jarriko dizuet blog honetan.


1. Etapa. Orreaga-Aiegi 97 km.


6 h. 39 min. 15 km/h. Irailak 17, astelehena.


Euria barra-barra egingo zuela esaten bazuten, arratsalderaino ez zen erori tantan bat ere ez nafarroako lurretan.


Eguna goiz hasi zen niretzat eta planeatuta nuen bezala bi erbi bikainek lagundu zidatzen etapa honetan eta kotxeko laguntzan ere pertsona oso garrantzitsu bat zegoen, nire ama. Erbietako bat nire aita zen, etapa amaieraraino lagundu zidana, eta bestea aldiz Javieriko Abarzuzarra, nire aitaren lagun on bat Zubiriraino lagundu ziguna.

Beste alde batetik esan etapa oso polita izan zela, nafarroako pirinioetatik erdialderaino. Teknikoki erdi-altua baina zorionez pisu gabe ateratzeak on egin zida. Hala ere eguna oso nekatuta amaitu nuen. Aiegiko etxean afaldu eta lo egiteko aukera izan nuen hurrengo egunean ongi deskantsatuta irtetzeko.

Bost kilo gerezi etxerako

Pasa den astean Aiegira joan nintzen gauza
batzuk egitera udako denboraldia prestatzeko: arropak eta liburuak eraman,
janariak eta edariak erosi…

Lagun bat joan nintzen bisitatzera ondoko
herri batera, Bearinera hain zuzen ere. Hara non nire sorpresa maiuskula 5 kilo
(eta pixka bat gehiago) gerezi prest zituela niretzat etxera eramateko prest.

Badirudi bi gereziondo dituela eta horietako
batek fruituak eman dizkiola. Zoritxarrez besteak ez ditu jasan aurten egindako
hotzak eta oraingoz fruitu gabe dago.

Nafarroan ohikoa izaten da herri txikietan
etxeetan lorategiak izatea eta hauetan fruitarbola ugari edukitzea gero
lagunekin banatzeko eta dastatzeko.

Horregatik nire lagunari eskertzen diot
egindakoa eta azpimarratu etxean guztiok oso gustukoak ditugula gereziak eta
harrera beroa izan dutela (kar, kar, kar).