AHT gelditu!!!

Astearteko Berria egunkarian Aintzane
Ezenarrori
egindako elkarrizketa digitala argitaratzen zuen. Bertan lehenengo
galdera Abiadura Handiko Trenari buruzkoa zen. Ea zer iritzi zuen ezker
koalizioak gai horri buruz. Aralarreko legebiltzarkideak erantzun zuen tren
sozial eta moderno baten alde agertu izan direla beti eta gauzatzeko dagoen Y proiektu
horren aurka daudela ez dituelako ezaugarri horiek betetzen.

Larunbat honetarako AHT gelditu! Elkarlanak kontzentrazioak
deitu ditu proiektu hau bertan behera gelditzeko. Espero dugu jaurlaritzakoek
entzungogorra ez egitea behingoan eta herri jendeari kasu egin diezaiola.

Guztion artean uste dut gure herrialde eder
hau suntsituko duen proiektua bertan behera bota dezakegula. Italian borroka
gogor baten ostean lortu zuten hango lurretan horrelako antzerako proiektu bat
bertan behera botatzea, eta hemen hori ere posible da. Horregatik animatu eta larunbatean
ahal izan ezkero hurbildu herri eta hiri hauetara AHTri ez esateko!!!

 

  • Gasteiz.
    13:00etan PSE-PSOE, EA, PNV eta PP-ren egoitzak lotuko dituen kalejira
    Arca plazatik.
  • Bilbo.
    12:00etan Sabin Etxea parean.
  • Basauri.
    20:00etan Bentako plazan.
  • Arrasate.
    12:00etan, giza katea Batzokia eta PSE-PSOE-ren egoitzen artean.
  • Zumarraga. 12:00etan
    Batzoki parean. Ondoren PSE-PSOE-ren egoitzaren parera joango da.
  • Beasain.
    12:00etan Batzoki parean.
  • Tolosa.
    12:30etan Batzoki parean.
  • Donostia.
    12:00etan PSE-PSOE egoitza parean.
  • Lakuntza.
    20:00etan herriko plazan.
  • Andoain.
    Bihar, osteguna 17, Batzoki parean.

Dortsal gorriarekin Behobia-Donostia lasterketara

Lortu dut. Ordu asko entrenatu ostean denboraldiko
helburu garrantzitsuenetako bat bete dut. Datorren azaroaren 11an ospatuko den
Behobia-Donostia lasterketan dortsal gorriarekin irtengo naiz.

Antolatzaileek irteera kolore desberdinetan
zatitzen dute, horia, berdea, gorria, urdina eta zuria. Gero eta denbora
hobeagoa orduan eta irteeratik gertuago.

Nik igandean gorria lortu nuen. Donostiako
zazpigarren maratoi
erdian 1:33:24 segundoko marka egin nuen eta horrek balio
dit Behobian lehendabizikoz kolore batekin irteteak. Lasterketa ez zitzaidan
zaila suertatu, urduri nengoen baina abian jarri eta gero tentsio guztiak kendu
nituen eta erritmo konstante batean burutu nituen lehen hamar kilometroak. Erditik
igaro ondoren kapaz ikusi nintzen ordu eta erditik behera jaisteko, baina
tenperatura altuek ez zidaten utzi hori lortzen.

Gasteizen hamalaugarren kilometrotik egin zitzaidan
gogorra, oraingo honetan azken hiru kilometroak pasa nituen gaizki. Baina hiru
kilometro 18 pasa eta gero ez da ezer (kar, kar). Okerragoa da Gasteizen pasa
zitzaidana (7 kilometro falta zitzaizkidan eta erritmoa erabat gorabeheratsua neraman).

Denboraldia ia amaitu dut (26an Bilboko
III. duatloiarekin
amaitzen zait lasterketen egutegia), eta oso pozik nago egin
dudan lanarekin. Asko dut eskertzeko batez ere Gasteizen aurkitu dudan lagun
taldeari entrenatzeko. Eskerrik asko ondoan egon zareten guztioi: familia,
taldekideak, ikaskideak… zuei esker nire denboraldia eramangarriagoa egin zait.

Eta ni galdetzen naiz…

Zergatik kontratatzen dituzten maratoi
erdietarako eta maratoietarako erbiak erritmo batean joateko, gero erritmo hori
ez badute betetzen? Zergatik kontsigna hitzak ez du esanahi bera Gasteizeko
maratoian eta Donostiako maratoi erdian? Zer egin behar da jendeak lehenengo
korrikalaritik azkeneraino animatzen egoteko?

Hurrengo astebukaerak kirolaz gozatzeko hamaika aukerekin

Gaurtik hasita eta maiatzaren 27ra arte,
kirolaz gozatzeko hainbat aukera izango ditugu gure lurraldean eta hemendik at
ere. Nik txapelketa batzuetan parte hartuko dut, eta besteak gozatzeko aukera
izango dut ikusiz.
Hemen ikus dezakezue agenda txiki bat datozen
astebukaeretan gertatuko denaz.

Maiatzak 5. Gaur.
Eibarko XVIII. duatloia. 15:30etan.
Maiatzak 6. Bihar.
Gasteizen, Martin Fiz V. nazioarteko maratoia.
09:30etan. Ordu berdinean 10 kilometroko lasterketa herrikoia.
Maiatzak 12.
25. Arrasate-Oñati herri lasterketa. Jantzi
kirola euskaraz! 18:30etan.
Maiatzak 13.
Donostiako maratoi erdia. 10:30etan. Irteera
eta helmuga: Kursaal kuboetan.
Maiatzak 20.
Gasteiz outdoor festival. Espainiako mendi bizikletako txapelketa maratoi
eran. Armentiako basoan.
Maiatzak 26.
Bilboko III. duatloia. 16:00. Esprint
distantzia.

Telebistan kirolaz gozatzeko.

Maiatzaren 12tik aurrera. Giroa.
Txirrindularitzako lehen handia.
Maiatzaren 12tik 13ra. Espainiako 1 formulako
Sari Nagusia
.

Ikusten duzuenez hurrengo larunbat eta
igandeetan kirolaz gozatzeko aukera ugari izango ditugu. Ez ezazue aukera hauek
desprobetxatu!!!

Metro ez da iristen fakultatera!!!

Iaz Metro, dohaineko egunkaria bat, Gasteizen
zehar hasi ziren banatzen egunero. Nire fakultateraino iristen zen. Ia egunero
zeuden ale batzuk edonork hartzeko. Baina aurten gauzak aldatu egin dira.

Ez da iristen Arabako Kanpuseraino egunkaria. Pasa
den ostegunean bazeuden batzuk, baina hala ere denbora luzean ez dugu aukerarik
izan egunkari hau hartzeko. Banatzaileek, aurtengo ikasturtean, ez dute uzten
alerik gure fakultatean ezta ingurukoetan ere, aipatutako salbuespenak jota.

Aukera polita da eguneroko berri
garrantzitsuenak, eta ez hain garrantzitsuak, dohain irakurtzeko. Egia da
informazio ugari urria dela, baina berri nagusiak batzen ditu eta munduan
gertatzen denaz ohartarazten digu.

Pena da egunkari dohain bakarra izatea
Gasteizen. Adibidez Bilbon hiruzpalau egunkari mota honetakoak banatzen dira
egunero. Ea laster berriro bueltan dugun dohaineko egunkari hau gure
fakultatean. Ikasleontzat primeran etortzen zaigu eta.

SOS bat Laixan Euskara elkartearen eskutik

Gaur arratsaldean
e-mail hau iritsi zait nire helbide elektronikora. Datorren larunbatean
jokatuko den Arrasate-Oñatiri buruz doa.
Badirudi jendea falta dela bidegurutzetan jartzeko eta laguntzeko.

Ni bolondres bezala
agertu naiz. Mesedez, ez baduzu ezer egiterik datorren larunbatean seiretatik
zortzeratara, apuntatu. Horretarako irakurri arretaz jaso dudan mezua eta
besteei jakin arazi.

Aupa lagun,

Urteroko
moduan Arrasate-Oñati lasterketia antolaitten hasitta gagoz. Aurten, XXV.
ediziñua egingo dogu eta mariatzaren 12xan arratsaldeko 18:30ttan izango da.

Azken
urtietan egunian bertan egin biharreko bidekurtze eta kurben zainketan jente
oso gutxirekin ibilli gara eta honela jarraittu ezkero, lasterketia
bertan behera geraketako arriskuan dago edo behintzat Laixanek ezin
izango  dau lasterketa honen antolaketia bere gain hartu. 25 urtien
zihar
eginddako lasterketa hau galtzeia penagarrixa izango litzake, azken
urtietan izandako arrakastia kontuan hartzen badogu; gaztetxuen lasterketatan
batez be. Horregatik, zure laguntzia eskaketara gatoz. Aurreko urtian ,
zuetako asko  etorri ziñain lagunketara eta aurten be, erantzun bardiña
jasotia espero dogu lasterketa honen martxa ona ziurtatuta geratu dedin.

Lasterketan,
Arrasatetik Oñatira dagozen bidekurtze eta kurbetan korrikalarixak jarraittu
biharreko bidia adierazten eta trafikua zainketan lagundu gura badozu, gurekin
harremanetan jarri ohiko helbide eta telefono zenbakittan (Bidebarrieta 18,
behia · 943 71 63 11 · laixan@laixan.org). Gutxi gora-behera arratsaldeko
6retatik 8retara
bittartian egotia eskaketan dotsuegu.

Aldez
aurretik eskerrak eta zuen barri izango dogulakotan, jaso agur bero bat.

LAIXAN EUSKARA ELKARTEA

ARRASATE-OÑATI LASTERKETAKO LAN-TALDIA

*Laguntzaille guztien artian herriko jatetxe batian bi
lagunentzako bazkarixa/afarixa zotz egingo dogu.

Lasterketiaren inguruan
informaziño gehixago: http://www.goiena.net/debagoiena/albisteak/arrasate-onati-lasterketarako-izenematea-zabalik-dago

LAIXAN EUSKARA ELKARTEA

Bidebarrieta 18, behea

20560 OÑATI

laixan@laixan.org

943 71 63 11

Aloñako igoerarik gogorrena

Gaur goizean Oñatin Aloñako III igoeran parte
hartu dut. Lasterketa hau urteko garrantzitsuenen artean daukat sartuta
(besteak Oñatiko Duatloi, Donostiako Maratoi erdia, Behobia-Donostia eta
Oñatiko San Silvestreak dira).

Iaz egin nuen denbora eta postua hobetzea
lortu dut.
Nire marka 10 minutu eskas hobetu dut eta 170. postuan amaitu. Aurten
gainera esan beharra dago parte hartzaile kopurua gainditu egin dela, 271
korrikalari irteeran.

Bero izan da nire etsai nagusia. Hasieratik
tenperatura altuekin irten gara eta bide gora joan ahala ez du asko freskatu. Igoera
gogorra izan arren, batez ere Urtiagainetik aurrera eta Gurutzera iritsi baino
azken kilometroa, indarra erabiltzen denez eta gainera iristea nuenez helburu,
tenperaturak ez dit egin min handia. Hori bai, iaz baino askozaz likido gehiago
edan behar izan dut ibilbide guztian zehar.

Baina jaitsiera igoera baino gogorragoa izan
da. Ni ez naiz oso trebea eta tenperatura altuak gogaitu egin nau momentu
batzuetan. Gainera ezker abduktorea asko kargatu zait Gurutzetik Belarrera eta momentu
batzutan ia geldirik nioan. Baina hala ere Oñatiko plazara iristea lortu dut
asko sufrituz eta oso pozik.

Herrian korrika egitea oso berezia da. Aste
batzuk lehenago hemen egindako lasterketekin gogoratzen naiz motibatzeko. Gainera
familia ikusteko aprobetxatzen dut.

Esan dezaket, bihar seguruenez izugarrizko mina izango dudala baina gaur
egindakoarekin oso pozik nago.

Eguraldi ona etsai ikasleentzat

Udaberrian gaude orain dela hilabete batetik.
Aipatu nuen negua hotzarekin agurtzen zela. Eta aste santuko oporrak pasa arte
esan dezakegu eguraldia orokorrean oso petrala izan dela.

Baina orain eguraldi ona egiten du. Momentuz
aste osoan zehar eguzkia izan da nagusi Gasteizeko zeruan. Hori ez da oso ona
unibertsitateko ikasleentzat.

Alde batetik irakasle askok ez dute eskatzen
beraien klaseetara joateko. Horrek eta kanpoan eguraldi onak egotea, klaseetara
faltatzearen arrazoi nagusietako bat da. Beste alde batetik gelak asko berotzen
dira, eta giro horretan bat izerditan jartzen da asko gogaituz.

Onartu behar dut alde onak ere badituela
eguraldi honek. Aire librean egoteko eta gauzak egiteko aukera gehiago ditugu.
Baina benetan esaten dizuet ikasleentzako eguraldi hau oso gogorra dela.

Mikel Astarloza, blogari ona izango litzatekeen txirrindulari bat

Mikel Astarloza 1

Tipo jatorra benetan Astarloza.
Euskaltel-Euskadi taldeko txirrindulariak batzuetan hitzez betetzen ditu Berria
egunkariko txokoak. Kirola eta idaztea ezin direla lagun onak dioen mitoa
apurtzen du lagun honek.

Oso gustura irakurtzen dira berak idatzitako
artikuluak. Egun hauetan gure lurretan 47. Euskal Herriko itzulia ospatzen ari
da eta ohikoa denez, Mikelek bere apurra jartzen du egunkariko orriak betetzen.

Asteartean, Oñatin egun batzuk egon zirela eta,
horri buruzko artikulua argitaratu zen, gaur berriz atzoko gertakizunen berri
ematen ditu. Beti ere ikuspuntu desberdin batetik, hau da, pelotoi barrutik eta
ez kazetari batek kanpotik ikusi dezakeenaren arabera. Beste batzuetan
anekdotei so egiten die. Behin 2006ko Vueltako etapa batean Markel Irizar
oñatiarrak nola jakin zuen bere semearen sexua kontatu zigun.

Gauza anitzez hitz egiten digu txirrindulariak.
Eta askotan kirol handi bat eta aspektu askotatik ezezaguna zaigun mundu bat hurbiltzen
gaitu bere artikuluen bitartez Pasaitarrak.

Eskerrik asko Mikel eta segi horrela. Ea noiz ikusten zaitugun euskal
blogosferan zure garaipenei buruz hitz egiten!!!

Mikel Astarloza 2

Bizikletaren erabilera sustatzeko ekintzak

Ibilbide berdeak elkarteak hiru ekintza antolatu ditu Gasteizen Gasteiz-Beijing 2008 Olympic games proiektuaren barruan. Ekintzak hauek izango dira:

 

Martxoak 25

Aldarrikapen-Martxa bizikletaz “Bizikleta-eguna: gero eta gehiago gara, erabil ezazu bizikleta”.

Ibilbidea: Gasteiz hiri barneko ibilbidea.

Irteera: Boulevard Merkatalgunea.

Ordua: goizeko 10:30etan.

Helmuga: Andra Mari Zuriaren Enparantza.

Iraupena: 2 ordu eta 30 minutu.

 

Apirilak 22

Bide berdeak “Euskadi eta Nafarroako Angloan Zehar”

Ibilbidea: Gasteiz-Landa-Ulibarri Gamboa-Gasteiz.

Irteera: Boulevard Merkatalgunea.

Ordua: goizeko 9:30etan.

Helmuga: Boulevard Merkatalgunea.

Iraupena: 5 ordu gutxi gora behera.

 

Irailak 9

Eraztun Berdea (Olarizu eta Salburua Parkeetan).

Irteera: Andra Mari Zuriaren Enparantza.

Ordua: goizeko 10:30etan.

Helmuga: Boulevard Merkatalgunea.

Iraupena: 3 ordu gutxi gorabehera.

Musika talde bat bihotzean

Bizitza gauza askoren bitartez deskribatu dezakegu. Horretarako baliabide anitz erabiltzen ditugu, momentu historikoak (jende askok erabiltzen ditu ekintza historikoak bere burua kokatzeko) edo musikaren eboluzioa norberarengan (gustu musikalak jasan duen garapena denbora igaro ahala).

Red Hot Chili Peppers talde amerikarrak markatzen ari nau azken hilabete hauetan. Lehenagotik eragin zidan. 2002ko udan Zarautzera joan gienen egun batean Getaria-Zarautz igeriketa zeharkaldian lehiatzeko helburuarekin.

Igeriketa zeharkaldi hori Euskal Herrian ospatzen direnen artean garrantzitsuena dela esan daiteke, Tourra bezala kontsideratu daiteke igeriketa munduan. Sari ugari, maila altua, ibilbide gogor eta polita…

Giro izugarri horren barruan sartuta momentu bat dago igerilariok autobus bat hartu behar dugula Zarautzetik irteera punturaino joateko, Getariako portura. Autobusera igotzen garenean hasten gara ohartarazten egingo dugun balentriaz.

Urte hartan By the way kanta irrati guztietan entzuten zen eta autobusera igo nintzenean single hori entzuten zen bozgoragailuetatik. Motibatzeko balio izan zidan momentu hartan.

2006an bere azken lana aurkeztu zuten, Californication bilduma. Talde hori entzuten dudan bakoitzean uda eta egun hura gogoratzen dut. Garai eta oroitzapen onak aurrera egiten laguntzen didatenak.

Gaur egun oso gustura entzuten ditut talde honen kantak eta jatorrak dirudite. Pozez hartu nuen Guggenheim Bilbo museoan egingo zutela diskoaren aurkezpenaren berria. Gainera barre galantak bota nituen kazetariekin hika mikak izan zituztela entzun nuenean.