Hotz Gasteizen

Badirudi udazkenean eduki dugun txolloa
eguraldiarekin amaitu zaigula Gasteiz aldean. Iragan ostiralean mendiko
bizikleta hartu nuen eta Landara egin nuen joan etorria. Gezurra badirudi ere
kulote motza eta maillot bat mahuka gabekoa eraman nuen. Arratsalde hartan tenperatura
ez zen oso beroa bizikletaz ibiltzeko, ezta ere larregiko hotza.

Gaur ordea eguna goizean goiz lainotuta irten
da eta horrek kalean neguko freskoa jasatea eragin du. Beraz hemendik aurrera
etxetik irteten garenean arropa gehiago eraman beharko dugu.

Hala ere, ni ez naizenez oso normala eguraldiarekin (gehiengoaren kontra
gustatzen zaidalako joatea batez ere) nahiago dut hotza beroa baino, kar, kar,
kar.

Nafarroa Oinez 2007 Vianan

Gaur Gorka Julioren Teketen 2.0 blogean
irakurri ahal izan dut SOS bat Nafarroa oinez-eko antolatzaileen eskutik. Horregatik
nik ere mezu bera hel nahi dizuet, ez dago oso ondo tratatua, baina ezer baino
gehiago bada:

Aupa!!
Urriak 21ean jende asko behar da lan egiteko Nafarroa Oinezen eta itota gauz.
Txoznetan, zainketan, dendan e.a. etan behar da laguntza.
Zuetako batzuk ezin izango zarie honaino gerturau baie ziurrenik ezagun pila
edukiko dozuez egun horretan lan egiteko prest. Beraz, hemen lagatzen dizuet
Oinezeko mugikorra: 688609913 edo bestela ikastolara hots egin dezakezue
(Erentzun ikastola, Biana): 948446265
Pasa telefonoak hortikan ta zabaldu beharra zeuen lanpostuetan edo ingurutik.
Zeuen laguntza barik jaia ez da aurrera aterako eta ikastolak latzak igaro
ditzazke.

Besterik gabe, ahal baldin baduzue, ez ezazue
galdu aukera Nafarroako ikastolen jaiaz gozatzeko!!!

Kirol txartela, edo nola burokraziak izugarrizko indarra duen

Gasteizen nagoenetik ikasten urtero unibertsitateko
kirol txartela atera izan dut. Aurten lehen aldiz Gasteizeko udalak kudeatzen
du zerbitzu hori eta nola ez hamaika gauza egin behar dira ditxosozko agiria
lortzeko.

Lehenik eta behin esan beharra dago nire
lehenengo urtean (2005-2006 ikasturtean) txartelak soilik 6 bat euro balio
zuela, eta bigarren urtean izugarrizko gorakada jaso zuela 22 eurora arte.

Aurreko urteetan txartela egiten genuenean Arabako
kanpuseko errektoreordetzan, momentuan ordaintzen genuen bankuko txartelaren
bitartez. Aurten gauzak aldatu egin dira, lehenengo Arabako Vital Kutxara
hurbildu behar zara eta kontu batean sartu aipatutako 22 euroak. Ondoren joan
Herritarraren laguntzarako bulegoren batera eta han egin txartela. Horretarako
diru sarketaren froga eraman behar duzu eta matrikularen orria, baina,
sinatuta!!! Hori da gehien harritu nauena.

Matrikula egiterakoan ez ziguten eman
matrikularen agiririk, helbide elektronikora bidali ziguten, ezer sinatu
gabe!!! Nola nahi dute ba sinatzea soilik matrikularen agiria eskatzen
badute???

Aurten ikusi dut burokrazia handiagotu egin
dela Euskal Herriko Unibertsitatean eta zerbitzu bat oinarrizkoa izan beharko
zena ikasleentzako, abentura batean bilakatu da.

Biharamuna

Atzoko bi gertaera Bilbo inguruan zapore
mikatza utzi digu euskaldunoi. Lehenengoa ETAren atentatua, horri buruz aipamen
txiki bat egin nahi dut blog honetan, ez delako gai bat albo batera utzi
daitekeena. Atzoko erasoa PSEko bizkartzain bateri gaitzetsi beharra dago
indarra ez delako bidea gauzak lortzeko. Horregatik blog honetatik eskatu nahi
dut utzi dezagula alde batera biolentzia eta has gaitezela hitz egiten guztiak
guztiekin. Gatazka konpontzeko entzuten jakin behar da eta bi aldeetatik ekintzak
egin behar dira.

Beste gertakaria, ez dena atentatuarekin
konparatu behar inola ere eta beste maila batean ikusi behar dena. Gainera,
aldi berean, notizia ona izan daitekeena batzuentzat eta aukera galdu bat
besteentzat: Bruce Springsteen-ek emango dituen kontzertuan sarreren agorpena
izan zen.

16.000 sarrera ordu eta erdian. Horrek esan nahi duelako Euskal Herrian
jarraitzaile ugari dituelako The boos jaunak. Eta beste alde batetik, gutxi
batzuek gozatuko dute magiaz beteriko gau batez. Horiei, nire zorionik beroena
sarrera lortu izanagatik. Eta besteoi esan, ni bezala seguruenik beste
aukeraren bat izango dugula Bruce Springsteen ikusteko.

Ron Dennis, urteko punkia

Orain dela hilabete inguru Eskorbutoren Historia triste liburua
irakurri nuen Diego Cerlanek idatzia. Bertan aipatzen zuen punk mundua
kontraesanez beteta zegoela eta hori azaltzeko Eskorbutoko taldekideen hainbat
esaldi erabiltzen zituen. Adibiderik garbienetakoena beraiek esan zutela HB-ren
kontzertu batean jo zutela eta beste egun batean HB-ren aurkako kontzertu
batean aritu zirela.

Esan dudan bezala, azkenengo bi esaldi horiek
punk munduan agertzen den kontraesana dakar azalera. Atzo, bat formulako
Txinako saria ospatu ostean, urteko punkarra agertu zen prentsan. Ron Dennis
dugu pertsona hori, Lewis Hamilton eta Fernando Alonsoren nagusia.

Bere herrialdeko prentsaren aurrean deklaratu
zuenean atzokoan Fernando Alonsoren aurka aritu zirela eta ez Kimi Raikkonenen
aurka esan zuen, azken hau aurkako taldean egon arren eta asturiarra bere
gidarietako bat izan arren. Txanda Espainiako medioen aurrean iritsi
zitzaionean aldiz aipatu zuen McLaren dela munduko txapelketako talderik
garbiena eta bere bi gidariak berdin tratatzen dituela.

Bi deklarazio horietan ez al dago
kontraesanik? Zerbitzari baten ikuspuntutik bai. Azken finean punk mundua ez
dago hilda eta alde guztietatik agertzen dira kultur mugimendu honen
jarraitzaileak.

Eta
galdetzen naiz:
Agertuko al dira punk gehiago urteko
azkenengo sari nagusian? Noiz azalduko ditu Renault-ek bere datorren urterako gidariak? Alonsoren familia Renaulteko motorhomean McLarenean izango al du zerikusirik? Egongo al da McLaren taldean poztuko den norbait
Asturiarrak irabazten badu munduko txapelketa? (Eta ez ditut galdera gehiago egingo bestela bihar amaituko nuke artikulua).

Ruper Ordorika Lizarran. Gogoeta batzuk.

Gaur amaituko da Lizarran Erdi Aroaren astea.
Astelehenetik hasita igandera bitartean hamaika ekintza antolatu ditu Lizarrako
Merkataritza Elkarteak. Ni asteazken gauen egon nintzen hauek antolatutako kontzertu
batean, Pedro Deunaren auzoan. Bertan hamarretatik aurrera aritu zen Ruper
Ordorika bakarlari oñatiarra. Aurreko gauen leku berean talde irlandar bat jotzen
egon zen eta ostegunean mundu osoko musika biltzen zituen beste talde bat.

Hasteko esan behar da Lizarra iri zail bat
dela euskararentzako. Nafarroako eremu mistoan egon arren, lehen hizkuntza
erdara da. Leku gehienetan erdaraz atendituko dizute, eta kanpotik etortzen den
jendea askotan ohitura du erdaraz egitea bertakoekin euskaraz haste baino
elkarrizketak. Beraz kontzertu bat ikustea euskaraz oso noizbehinka suertatzen
da, soilik jaietan txosnetan batzuetan eta Lizarrako Ikastolak antolatutako
kontzertuak. Baina, azken urte hauetan harrigarria badirudi ere ekintza
desberdinak gauzatu dira euskararen erabilera bultzatzeko (Lizarra Oinez,
Iratxeko kanpinaren irekiera, Euskara Elkarte berri bat sortu izana, Korrikak
duen oihartzuna bi urtean behin igarotzen den bakoitzean hiritik…). Hala ere,
Lizarrako biztanlegoaren gehiengo handi bat erdalduna da. Ruperren kontzertu
hortan gehiengoa euskaraz bazekin jendea zen baina gutxiengo bat ere bazegoen
euskaraz ez zekiena, besteak beste egitaraua aire librean zelako eta dohainik publiko
guztiari irekia (eta askok badakigu nolakoa den jendea gauzak dohain izaten
direnean, ejem, ejem). Horregatik ere Ruperrek azalpenak erdaraz eman zituen erdaraz
zekitenenganako errespetua erakutsiz. Tarteka hori bai, euskarazko esaldiak
tartekatzen zituen emandako azalpenetan.

Asko harritu ninduena beste alde batetik
jendearen jarrera izan zen. Askoren errespetu ezari artista bat lanean ari denarekiko
hain zuzen ere. Jende asko berbetan ari zen, elkarrizketa ugarik zurrumurru
handi bat sortu zuten, benetan joan zen jendeari asko molestatuz. Pertsona
horiek taberna batera hobeto zuten joatea kafe bat hartzera eta esateko zutena
hor botatea.

Beste alde batetik kontzertua oso ona izan
zen. Eszenategi gainean kantaria gitarra batekin lagunduta eta ondoan
kontrabaxua. Bezperan Ordorika Gasteizko jazzaldian egon zen. Irakurri
dudanaren arabera soilik hiru abesti jo zituen (denbora laburra egon zen
Berriako kritikoaren iritziz). Baina Lizarran bere azken diskoaren aurkezpena
egin zuen, Memoriaren mapa, ordubete pasatxoko kontzertu batean. Bukatzeko
kantua: Hiriak. Diskoko kanturik komertzialenetako bat baina hala ere bertako
idazle batek egindako letrak dituela sumatzen den abesti bat. Eta bisean bi
kantu jo zituen, azkena bere azken aurreko lanean argitaratutako Zaindu maite
duzun hori. Disko horretako lehen singel-a. Hori gauzatu eta gero txalo
zaparrada erraldoi batek bete zuen plaza.

Eskertzekoa da Lizarrako Merkataritza Elkartekoek egindako ahalegina
halako kantari bat herriari hurbiltzeko. Publikoari kultura dohain eskaintzea
oso aukera gutxitan gauzatzen da eta horiek aprobetxatu egin behar dira. Hortan
datza nire ustez kulturaren aberastasunaren ardatzetako bat, gero eta jende
gehiagori zabaldu behar zaio kultura.

Andres Montes 1997-1998ko NBAko finalean Antoni Daimiel ondoan duela

Interneteko zati honetatik Andres Montes kirol
esatariari omenaldi txiki bat egin nahi diot berak bizitako menturik
garrantzitsuena gogoraraziz.

1997-1998 denboraldian kokatu behar dugu
bideoa. Sportmania kateak NBAko finala zuzenean ematen zuen. Protagonista
nagusi bat kantxan, Michael Jordan. Horrekin uste dut guztia esanda dagoela.
Besterik gabe goza ezazue kirolean historiara igaro den momentu hunkigarri
honekin.

Laranja kolorearekin tourrera!!!!

Aurten Frantziako tourra gure lurraldetik
igaroko da. Ehun kilometro eskas izango dira baina etapa gogoangarri baten
barruan dago sartuta zati hori. Ni, txirrindularitza asko gustatzen zaidanez,
eta ziur aski uztailaren 25ean (Santiago eguna) jai izango dudanez, Isaba
aldera hurbilduko naiz nazioarteko txirrindularirik onenak igarotzen ikusteko nafar
errepideetatik.

Ohikoa denez Euskaltel-Euskadi taldeak abian
jarri du tourra girotzeko kanpaina. Horretarako ohitura denez, kamiseta
laranjak banatuko ditu Hego Euskal Herriko hiriburutan. Kamiseta lortzeko sms
bat bidali behar da 7050 zenbakira euskaltel hitzarekin, eta horrekin
ziurtatuta izango duzu zure kamiseta. Gero bila joan banatuko diren lekutara
eta etaparen egunean jartzea faltako da soilik.

Nik bi hartuko ditut, bat nire aitarentzat eta
bestea niretako. Seguruenik 24ean goizean habiatuko gara Lizarratik, egun
horretan porturen bat igotzeko (Larrau hautatuko dugu, orain dela 11 urte
Miguel Indurainek tourra galdu zuen tokia) eta arratsaldean Otsagabiako
kanpinean finkatzeko basea. Hurrengo egunean Isabara joango gara (basetik
bizikletan ateratzeko aukera badugu ondo) eta handik aurrera bizikletan San
Martineko harrira.

Bi egun eder kirolaz disfrutatzeko eta gure
talde gogokoenetariko bateri animatzeko aukerarekin beraien koloreekin. Hori
guztia blog honetan kontatuko dizuet.

Bost kilo gerezi etxerako

Pasa den astean Aiegira joan nintzen gauza
batzuk egitera udako denboraldia prestatzeko: arropak eta liburuak eraman,
janariak eta edariak erosi…

Lagun bat joan nintzen bisitatzera ondoko
herri batera, Bearinera hain zuzen ere. Hara non nire sorpresa maiuskula 5 kilo
(eta pixka bat gehiago) gerezi prest zituela niretzat etxera eramateko prest.

Badirudi bi gereziondo dituela eta horietako
batek fruituak eman dizkiola. Zoritxarrez besteak ez ditu jasan aurten egindako
hotzak eta oraingoz fruitu gabe dago.

Nafarroan ohikoa izaten da herri txikietan
etxeetan lorategiak izatea eta hauetan fruitarbola ugari edukitzea gero
lagunekin banatzeko eta dastatzeko.

Horregatik nire lagunari eskertzen diot
egindakoa eta azpimarratu etxean guztiok oso gustukoak ditugula gereziak eta
harrera beroa izan dutela (kar, kar, kar).

Hausnarketa eguna

Bihar ospatuko dira 2007ko udal hauteskundeak.
Gaur hausnarketa eguna izan dugu. Nik orain dela egun batzuetatik aukeratua
nuen nori eman botoa. Etxera iritsi zaidan alderdien propaganda guztia soberan
egon da (pena ematen dit hainbeste zuhaitzen bizitza kendu izana).

Komunikabideetan behin eta berriz hauteskunde
kanpaina ikusi izan ahal dugu. Orduak eta orduak, eztabaidak, tertuliak… Orain
dela bi aste Diario de Noticiasen ari den kazetari batek komentatu zidan
politika arloa indartu zutela jende berria sartuz, hori bai, kanpainak irauten zuen bitarteko kontratua eginda.

Zoramen pixka bat izan dugu bi aste hauetan
guztien partetik: politikariak lekuz leku mitinak ematen, kazetariak horiei
jarraitzen, iritzi zutabe ugari…

Entzun dudan harrikadarik handienetako Alderdi
Popularreko ohorezko presidentearena izan da. PP-ra ez doan botoa, ETA-ra
joango da. Ba hara, nik gauza bat esan nahi dut, bihar nire botoa, Jose Mari
Aznarren arabera, ETA-rentzat izango da.

Eta ni galdetzen naiz…

Zergatik deitzen diote hausnarketa eguna, 24 ordu baino gehiago irauten
badu? (Larunbateko gauerditik igandeko 9rak arte). Zergatik alderdiek ez dute
kontuan paper gastua?