Kategoriaren artxiboa: Sailkatugabeak

Ika, ika, ika… Korrika!!!

2006-10-18. Zumarraga-Urretxu 

2006-2007 denboraldia larunbat arratsalde
hartan hasi zen niretako. Ezohiko ordu batetan gainera. Lehenengo aldia izango
zen ordu horretan lasterka egingo nukeena, baina ziur ez azkena.

Hilabete baino eman nuen entrenatzen Gasteizen
lagun talde batekin eta ondorioz nire bizitzako lasterketarik onena burutu
nuen. Zumarragako plazatik Urretxuraino, lau kilometro pasatxoko zirkuitu
bateri bi bira eman ostean.

Bazkaldu berandu egin nuen eta lasterketara
ere berotzeko astirik gabe iritsi nintzen ia. Baina arazoak arazo, kilometroak
pasa ahala gero eta hobeto sentitzen joan nintzen. Azkenean 10 kilometro egin
ondoren 45 minutuko denborarekin bukatu nuen. 4 minutu eta erdi kilometroa.

2006-10-20. Gasteiz hiria

Eta deskantsatzeko betarik gabe ia, hurrengo
egunean eta goizean goiz Gasteiz Hiriko herri lasterketa. Iaz burutu nuena 49
minututan eta asko gustatu zitzaidana.

Beroketa eta lasterketa aurreko egin behar guztiak
arazo barik bete nituen. Hamaiketan hasi zen lasterketa eta 9 kilometroak baino
pixka bat gehiago zituen probak 47 minututan egitea lortu nuen. Erritmo geldoa,
ia 5 minutu kilometroko baina kontutan izanda bezperan hamar kilometro egin
nituela, normalena hori zen.

Armentiara iristea kostatu zitzaidan,
hirugarren kilometrotik aurrera dena gora jotzen baitzuen, baina ez iaz
bezainbeste. Eta hortik aurrera dena aldapa bera zenez, gustura asko disfrutatu
nituen azkenengo kilometroak.

2006-11-04. Orioko herri krossa 

Behobiarako nahi nuen nire gorputza prestatu,
baina dortsalik ez nuenez lortu beste helburu batzuk egiteko prestatuko nitzen:
Gasteizeko maratoi erdia abenduaren 17an. Beraz logikoena litzateke pentsatzea
lehenengo lasterketarekin konparatuta asko ez nuela hobetuko eta beraz
disfrutatzera irten nintzen. 

Orioko herri krossak 10 kilometro zituen, eta
horretarako hiru kilometroko zirkuitu bateri hiru bira eman behar zitzaizkion. Herri
barruan egin zen eta jende izugarri bildu zen, bai parte hartzaileen aldetik
baita ikusleen aldetik ere.

Marka ez nuen beste munduko edozer egin, 46
minutu baino pixka bat gehiago. Baina asko disfrutatu nuen eta horren proba
duzue argazki hau, festak.com web orrialdetik hartua.

Iban II

Federer vs. Nadal

Noizbehinka Marca egunkaria erosten dut. Ez zait asko gustatzen, baina kirol prentsa mundu honetan dagoen gauzarik txarrena izan arren, egunkari hori onena da. Igandean erosi nuen, eta euro bat gehiagorengatik DVD batekin zetorren.

Roger Federer eta Rafa Nadalek jokatuko finala aurtengo Roland Garrosen ikusteko aukera dut orain nahi bezain beste.

Finala teniseko historiako ikusgarrienetako bat izan zen. Ni egun hartan lanean nengoen eta irratitik entzutea tokatu zitzaidan.

Gaur egun zale guztiek nahi duten finala da. Joko desberdinak dira, baina biak oso ikusgarriak. Federer perfekzioaren isla da eta Nadal berriz kemena eta indarraren ispilua.

Orain dela urte gutxi batzuk ume guztiak futbolariak izan nahi zuten. Gaur egun gauzak asko aldatu dira. Askok Nadal edo Alonso izan nahi dute, normala ematen duten ikuskizunarengatik.

Nik momentuz Pariseko finalarekin gozatuko dut, eta espero igandean Espainiako hiriburuan bi hauek ikustea nor baino nor. Hala ere, besteren bat izaten bada finalean, berdin ikusiko dut Madrileko Masters Serieseko azken partidua.

P.d: Hori bai, bost erdietatik aurrera Telecinco jarriko dut denboraldiko 1 formulako azken sari nagusia ikusteko, jejeje

Aste bukaera bikaina!!!

Pasa den aste bukaera oso ona izan zen
niretzat. Oso ongi pasa nuen eta gauza asko ikasi nituen.

Larunbatean Amurrion izan nintzen. AVAFIEP
elkarteak antolatu zuen atletismo jardunaldian. Bertan izan ziren Martin Fiz,
Marta Mendia, Manolo Martinez eta Purificacion Santamarta besteak beste.

Gauza asko ikasi nituen atleta hauengatik,
bakoitzak bere esparruan. Martinek maratoiari buruz hitz egin zigun, Martak
saltoei buruz, Manolok indarrari buruzko hitzaldi txiki bat eman zuen (pare bat
bideo ikusgarrirekin) eta Purik bere kemena eta adorea erakutsi zigun,
paralinpiar atleta baten ikusten ez dugun aldea.

Beste bi pertsona ere izan ziren, hauek ez oso
ezagunak beraien lana ez baita ikusten. Bata Pablo Mas izan zen, Amurrioko
atletismo eskolako zuzendaria eta bestea Victor Clemente, Arabako federazioko
zuzendari teknikoa. Lehenengoak atletismo eskola bat nola sortu herri txiki
batean eta horrek dakartzan arazoei buruz hitz egin zigun eta bigarrenak nola
jorratu atleta bat.

Esandakoa, gauza asko ikasi nituen eta
eskertzekoa da antolatzaileek egindakoa dena ongi ateratzeko. Hamarretan hasi
ginen eta zortzi erdiak pasata bukatu genuen, egun luzea izan arren oso
entretenigarria iruditu zitzaidan.

Ea datorren urtean antzerako zerbait egiten
den. Gustura bueltatuko nintzateke Amurrioko antzokira (hamar mila biztanleko
herri batentzat oso antzoki ona dela deritzot).

Igandea ere izugarria izan zen. Askok
dakizuenez Fernando Alonsoren jarraitzailea naiz. Orain arte bera izan da bakarra
goizean goiz jaikitzeko gai izan dena. Australiako sari nagusian goizeko
bostetan altxatu nintzen bera ikustera eta igande honetan antzerakoa gertatu
da, goizeko seiak eta laurdenetan telebistari begira nengoen.

Emaitza honezkero askok jakingo duzue. Alonso
garaile eta munduko txapelketan bigarren doana, Michael Schumacher alemaniarrak
motorra apurtu zuen. Hau da, 22an Alonsok puntuatuz edo ez badu puntuatzen eta
Michael-ek irabazi ez, bigarrengoz jarraian asturiarra munduko txapeldun
. Azkar
esaten da hori.

Goizeko momenturik onena, zortziak eta
bostetan. Alemaniarraren kotxe gorritik ke zuria ikusi nionean. Sinestezina
zen. Bazirudien orain dela bi aste dena galduta zegoela eta Michael-ek eskura
zeukala bere zortzigarren txapelketa, eta momentu batean nola aldatzen den dena.

Nik banituen nire itxaropenak, Txinako saritik
asko jaitsi zitzaidanak (mundu guztiari bezala) baina ez nuen espero emaitza
hori. Lehenengo sari nagusitik nire itxaropen guztiak jarri nituen Alonsorengan
eta ez dut amore eman.

Datorren urtean ere, lehenengo sari nagusia
hasi baino lehenago apustu egingo dut Alonsok irabaziko duela bat formulako
munduko txapelketa, McLaren taldean ariko da. Espero dut hirugarren munduko
txapelketarengatik borrokatzea, eta ez bigarrena. 

Pozez betea abiatu nintzen Gasteizera. Eta
oraindik igandea ez zen bukatu. Gabean Cuatro katean House telesailari buruzko
berezi bat bota behar zuten: House unplugged.

Gustuko dut telesail hori. Barre asko egiten ditut hori ikusten eta
orain orduak kontatzen ari naiz igandea iristeko eta bigarren denboraldiaren bukaera
berriro hasteko irrikaz nago.

Albistegiak

Telebista aldatzen ari da. Kanal berriak jaiotzen ari dira eta lehia nork lortu audientzia handiena inoiz baino gogorragoa da. Baina gauza bat ez da aldatu denbora igaro arren, albisteen tarteetan ari naiz.

Normalean hiru edizioetakoak izaten dira: goiz, eguerdi eta gaua. Baina azken urteetan badirudi goizekoak indarra galduz joan dela eztabaidei lekua utziz eta gabekoak sekulako indarra hartu duela.

 Logikoa da gabekoak indarra  hartu izana. Gusturago ikusten dugu egunean gertatu dena, bezperan gertatutakoa baino. Hori logikoa deritzot, gaur egun bizi garen garaian, azkartasunak eta abiadurak garrantzi handia duena, iazko egunean gertatutakoak garrantzia segituan galtzen duelako.

 Gainera kate gehienetan ia guztiek emisio ordua antzeko dute.Gehienez ere batetik bestera ordu erdikoa izaten da aldea edo asko jota ordubetekoa. Askotan bi albistegi desberdin ikusteko aukera izan ohi dugu, eta muturreraino joaten bagara hiru arte ere begira dezakegu.

 Berritasun ugari eta emakumeak buru

 

La Sexta katea izan da azkena bere albiste tartea estreinatzen. Azpimarratzekoa hiru emakume jarduten dutela berriemaile bezala (Mamén Mendizabal, Helena Resano eta Cristina Villanueva).

 Nik gustuko dut albistegi hori.Gainera egin duten iragarki kanpaina nahiko ona deritzot: “gustatuko litzaiguke politiko bat taberna batean sartzea…” edo “gustatuko litzaiguke etxegile bat etxebizitzen zozketa batean parte hartzea…”.

 Uste dut bere lemak bete betean jotzen dutela katearen filosofiarekin: “Beti kaletik gertu”. Oso kritikoak dira, eta hori asko eskertzen da.

 Azpimarratzekoa da baita ere Wyoming handiaren fitxaketa. Gabeko albistegiaren ondoren izaten du tartea, errealitatea ikuspuntu desberdin batetik ikusteko aukera dugu, eta aldi berean komunikabideek duten gudari buruzko informazioak ematen dizkigute.

 Telecinco

 Harrituta utzi ninduen beste albistegi bat da. Orain dela hilabete batzuk kazetari batek berri bat zabaltzen ari zen aldi berean kaleko pertsona bateri elkarrizketatu zion.

 Sorpresa izan zen niretzat ekintza hura, horrekin kateak adierazi nahi zuelako kaleko pertsonen gertu egon nahi dutela.

Plazaola

Igandean Andoainera noa bizikletarekin. Bertan Plazaolako natur bidetik barrena ibiliko gara Lekunberriraino. Hala ere hiru ibilbide daude antolatuta: aipatutako lehena (luzeena dela), bigarrena Leitzatik hasita Lekunberriraino 15 kilometrotakoa eta azkena txikientzat herrian bertan 4 kilometroko ibilbidearekin.

Ekintza potoloa antolatu dute Plazaolako partzuergo turistikokoek. Aldi berean Plazaolako lehenengo maratoi erdia ere jokatuko da, proba lehiakorra izango dena. Uste dut jende ugari hurbilduko dela egun horretan bai animatzera baita parte hartzera ere. Hedabide guztietan agertzen ari baita egunero eta aldi oro. Nik, orain dudan sasoiarekin, 40 kilometroko ibilbidea aukeratu dut egiteko. Korrika ez dut batere egin uda osoan, baina laster hasiko naiz lasterka entrenatzen.

Agian datorren urtean egingo proba korrika, baina oraingoz bertan behera utziko dut maratoi erdi hori, Behobia-Donostiakoarekin ere ez dut egingo. Ez naiz gai ikusten orain entrenatzen hasita proba luze horiek egiteko. Nire denboraldiko lehenengo proba Gasteizeko herri krosa izango da, datorren hilabetearen hasieran.

Beraz blog honetatik animatzen dizuet igandean Lekunberrin antolatu den jaialdira animatzera joateko. Bertan ikusiko gara!!!

Aiegiko jaiak 06

Igandea goizeko 11ak. Dani Pedrosak hirugarren lortu du izatea Malasiako Motoetako Sari Handian. Ardantzeko kirol gunean genuen zita. Zertarako? Jurramendira bizikletaz igotzeko.

Aiegiko 2006ko jaien barruko egitarauan lehenengo aldiz egiten zen ekintza bat. Aitak eta biok ados jarri ginen joateko zurrumurru asko jaso baitziren aurreko egunetan. Lehiaketa izango zen, erlojuz kontrako igoera bat… Baina azkenean mendi bizikleta martxa izan zen, helmugan luntx zoragarri batekin.

Nire zorionik beroenak Saltamontes mendi bizikleta taldekoei beraien burutazioarengatik. Eta datorren urtean ahal badut berriro ere parte hartuko dudala ziurtatuta daukat. Bai lehiaketa izanda baita martxa bat izanda ere.

Oporretan gora eta behera

Ezin naiz kexatu (asko). Orain dela aste bat lanean nengoen igerilekuan sorosle bezala. Ez zuen hainbeste bero egiten eta jende ugari ere ez zegoen. 30eko arratsaldean hasi nituen hain gogoko eta merezita nituen oporrak.

Aste osoan zehar gora eta behera ibili naiz. Gaur esaterako Gasteizen nengoen goizean, Lizarrara joan beharra izan dut pare bat gauza egitera eta Oñatira etorri naiz familia bisitatzera.

Gora eta behera goiz osoan zehar. Arazoa da autoak ez duela aire egokiturik. Eguraldi honekin bidaiak izerdi patsetan igarotzen ditut. Baina nik bizitza alde onetik begiratzen diodanez, zortea dudala pentsatzen dut, beste batzuek oraindik ez dutelako automobilik.

Bihar ere antzerako eguna izango dut. Gasteizera igo behar naiz bizikletan entrenatzera, aste bukaeran 24 orduko proba bat dudalako. Zorionez han geratuko naiz gaua igarotzera.

9 hilabete

Urrun gelditzen da Irailaren 18a. Goiz hartan Gasteizera iritsi nintzen unibertsitateko ikasketak hasteko asmoarekin. Egun ona izan zen hura, hamaiketan aurkezpena eta beste guztia nire betebeharretara.

Dagoeneko denbora asko eman dut hiria ezagutzeko, oraindik zonalde batzuk ezezagunak izan arren. Eta leku ugaritara joateko aukera ere izan dut: Santa Maria Katedrala, Naipes museoa, Armeria museoa, Boulevard merkatal gunea…

Unibertsitatean gustura sentitzeko aukera ere izan dut. Ikasgaiak orokorrean atsegin zaizkit (bat edo beste gehiago edo gutxiago). Baina orokorrean kurtso positibo bat izan dudala uste dut. Orain ekaineko azterketak datoz eta uste dut ondo egingo ditudala.

Orain udara dator, deskonektatzeko garai aproposa. Hala ere azken bi urteetan bezalaxe lan egin beharko dut, beste batzuk bere oporrak disfruta dezaten (kar, kar). Dirua ez zait batere gaizki etorriko kurtso berrirako, baina horiek hitz potoloak dira oraindik.

Lagun ugari egin ditut, gauza berri asko ikasi ditut eta hiri on baten bizi naiz. Pozik nago.

Astebukaera Lizarraldean

Astebukaera honetan Aiegin egon naiz. Lizarra hiritik hurbil dagoen herri txiki bat. Bertan ostiral gabean iritsi nintzen eta gaur eguerdira arte bertan egon naiz.

Larunbat goizean EGA-ko azterketa idatzia egin nuen. Euskal Autonomia Erkidegoan baino errazagoa, nire ustez. Gaindituko dudan? Maiatzaren 30ean jakingo dut emaitza.

Hori bukatu ostean nire gauzak egitera jardun naiz. Hasteko Bartzelonako Bat Formulako saria jokoan zen, beraz larunbatean eta igandean bi saioak ikusi ditut, pole positionarengatiko borroka eta lasterketa. Baina hori nola bizi izan dudan bihar kontatuko dut.

Beste alde batetik Sidney Tarrow-en El poder en movimiento hari naiz irakurtzen, eta egun hauetan orrialdea batzuk aurreratu ditut.

Eta azkenik unibertsitateko ikasketetan buru belarri sartu naiz. Dagoeneko azken zuzengunean gaude azterketak hasi baino lehenago.

Ikusten duzuenez astebukaera konpleto bat eduki dut. Eta oraindik bi egun falta zaizkit, bihar eta etzi irakasleek greba egin behar baitute EHUn.

Aloñako II. igoera

Gaur goizean “Aloñako bigarren igoera”:http://aloinakoigoera.webcindario.com/ jokatu da. 254 korrikalari elkartu gara Oñatiko plazan. Hamar eta erdietan minutuko isilune bat egin ondoren lasterketari hasiera eman zaio. Irabazlea, lehengo urteko berbera, Ionut Zinca gizonezkoetan, nesketan uste dut baita ere, Alicia Olazabal.

Lasterketa oso polita izan da. Ibilbide guztia jendez gainezka zegoen. Lau leku aipatzeko, Urtiagain, Belar, Aloñako gaina eta plaza. Gainera edari eta janari horniketa nahikoa zegoen eta antolatzaileek beraien lana txukun egin dute.

Txalotzekoa da animuak ematera hurbildu diren guztiei eta proba egin ahal izateko mugitu diren jende guztia. Eta masaje zerbitzua lasterketaren ondoren dohainik izatea ideia paregabea iruditzen zait antolatzaileen aldetik.

Nire partetik zorionik beroenak eta eskerrak hain proba ederra, zailtasun handiak ematen dituena hainbeste jenderekin, hain ongi antolatzeagatik.
Beste aldetik, esan beharra daukat ia bi ordu behar izan ditudala proba amaitzeko. Helburua bete dut eta pozik nago. Oso gogorra izan da, bai igoera baita jaitsiera ere. Baina jaitsiera gutxiago kostatu zait, ez baitago indarrik egin behar.

Igotzerakoan Urtiagaineraino beroarengatik nahiko gogorra egin zait, baina ibilbide osoko zatirik errazena zenez erraz egin dugu.

Hortik aurrera hasten zen benetako igoera. Belarreraino igotzea asko kosta zait, baina lortu dut eta atseden txiki baten ondorioz seigarren kilometrotik gaineraino berriro sufritzea tokatu izan zait. Baina ez zen hain gogorra.

Jaitsierak esfortzua eskatzen zuen. Baina lasterketa erdia igarota, burua amaieran izan dut. Pentsamendu positiboz josita nuen burua. Eta tipi tapa, tipi tapa Oñatiraino jaitsi naiz. Poz pozik gurutzatu dut helmuga.

Eguraldiak lagundu digu. Agian urtiagainera iritsi arte ez da batere ona izan bero zapa, baina metroak igotzen joan ahala haizea gero eta bortitzago zebilen eta horrek lagundu egin digu hainbeste bero ez edukitzeko.

Aurtengoz hori izan da guztia. Datorren urtean animu berdinarekin irtengo naiz lasterketa txiki baina handi onetara. Eskerrik asko alboan izan zareten guztioi. Zuen laguntzarik gabe amets txiki hau ez zen posible izango.