Hileko artxiboak: urria 2010

Altxorrak larunbat gauetan


Azken aldian ez naiz gauetan
kalera ateratzen. Ordenagailu aurrean igarotzen ditut eguneko azken
momentuak ohera joan aurretik. Batzuetan ordu txikiak arte (jende oso
interesgarria aurkitu daiteke ordu horietan sarean barrena). Hori
osasungarria den, fisikoki eta mentalki, beste egunen batean
eztabaidatuko dugu.

Lehengo larunbatean Gasteizen
geratu nintzen. Igandean ez nuenez ezer egitekorik lasai asko geratu
ahal nintzen ordenagailu aurrean baita hurrengo egunean prisa gabe
iratzarri. Gaueko momentu horietako batean ordenagailuko idazmahaia
arakatzen nenbilela musika lista bat gordeta nuela aurkitu nuen.
Sorpresa galanta eraman nuen artxibo hori ireki nuenean. Hilabete
ugari neraman hango kantuak entzun gabe. Gehienak oroitzapen onak
ekartzen zizkidaten (LorZure doinua -, The KillerAll These
Things that I´ve Done
-, Bide Ertzeannon dira-,…). Zabor
pixka bat ere bazegoen (TATU eta UPA Dance adibidez). Orokorrean
oroitzapen positiboak ekartzen zizkidaten kantuak ziren.

Harrigarriagoa izan zen
beranduago gertatu zitzaidana. Disko gogorreko artxiboak arakatzen
nire eboluzioaren argazkiak aurkitu nituen, benjamin mailatik orain
dela hiru arteko lau-bost bat testigantzarekin. Dokumentu horiek Top
Secret
bezala kalifikatuko ditut eta urte askotan ez ditut
argitara emango nire ingurukoen artean (batzuetan maltzurkeria maila
igo egiten zait, batez ere larunbat gauetako ordu txikietan).

Baina harrigarriagoa atzo
gauean gertatu zitzaidana. Ordenagailu aurrean egon ordez telebista
aurrean nengoen. Azken kate aldatzea egiten ari nintzen ohera joan
aurretik. Gaueko hamabiak iristeko minutu gutxi falta ziren.
Horrelako batean LTDko kanal horietako batean pelikula bat bota behar
zutela iragarri zuten: Regreso al Futuro III. Mitikoa. Nire
ustez ikusi beharreko pelikula. Egia da ez dela goi kalitateko
zinema. Publiko gazte bati zuzendutakoa dela baina gidoi aldetik
bikaina da. Gainera Delorean autoa esaten badugu zuzenean lotzen dugu
trilogia horrekin marka hori.

Noski. Geratu egin nintzen
ikustera. Erabaki erraza izan zen. Gainera pelikula horrek amaiera
duin bat ematen dio triologiari. Michael J. Fox bere osotasunean
ikusteko aukera izan genuen pelikula horietan. Uste dut, badakit
atrebentzia handia izango dela, 90. hamarkadako Michael J. Fox XXI.
Mendeko Jack Black dela. Baina horri buruz hitz egingo dut beste
egunen batean.

Orain astebete itxaron
beharko dut beste altxorren bat aurkitzeko… edo lehenago aurkituko
dut???

Arretxeren munduan barneratzen


Hilabete polita daukat
aurretik. Zorionez edo zoritxarrez denbora libre asko daukat. Horrek
esan nahi du lehen ezin nituen gauzak egin orain aprobetxatu beharko
dudala horiek gauzatzeko.

Gauza horietako bat
irakurtzea izango da. Asko irakurtzeko aprobetxatuko dut Urriko
hilabetea. Esku artean adibidez Haruki Murakamiren De qué hablo
cuando hablo de correr
daukat. Idazle baten memoria liburu bat
kontatzen diguna nola lagundu dion korrika egiteak bere eguneroko
jardunean.

Baina pertsonalki zitarik
garrantzitsuena hilabete bukaeran izango dut Iruñean. Elkar
Megadendan 27an arratsaldeko seiak inguruan Jon Arretxeren Sustrai
Beltzak liburuaren berrargitalpena aurkeztuko dut, autorea alboan
izango dudalarik. Horregatik hilabete honetan Arretxeren obra batzuk
irakurriko ditut. Bere bidai munduan barneratuko naiz eta
entretenigarriak egingo zaizkit kontatzen dituen istorioak. Hori
badakit aurretik autore hau irakurrita dudalako. Bere hasierako
lanak, humorezko nobelak (ostegunak, ostiralak eta larunbatak) eta
nobela beltzak (Manila Konexioa eta Kleopatra) hartuko ditut
aurkezpenaren ardatz bezala. Gauzak ondo egin nahi ditut. Uste dut
esperientzia polita izango dela eta oso aberasgarria. Lehen aldia da
horrelako erronka baten aurrean nagoela.

Aurrerago idatziko dut ea zer
moduzkoa iruditu zaidan liburu aurkezle paperean aritzea. Noski nahi
baldin baduzue Iruñera hurbildu, gonbidapena mahaigainean eta
luzatuta dago (ez dakit pintxoak eta ardoak egongo diren -horrek
jendea erakarri egiten du-, baina liburu baten aurkezpena bizi dugun
krisi egoeran kulturarentzat notizia on bat dela uste dut, batez ere
euskal kulturarentzat). Beno askoz gehiago luzatu gabe, esandakoa,
Arretxeren mundura murgiltzera noa.

Deja Vú Calellan


Gaur idazteko gai zail bat
aukera dut. Arrazoi nagusia: aste bukaeran bizi dudana zaila egiten
zaidala hitzekin azaltzea. Deja vu bat bizi izan dut Calellan.
Dakizuenez iaz han egon nintzen bertako lehenengo Iron Man
distantziako Challenge Barcelona – Costa Maresme izeneko proban.
Errelebo modalitatean parte hartzen. Aurten bueltatzea suertatu zait.
Oraingo honetan triatloiko epaile bezala. Aukera iragan ostiralean
agertu zitzaidan, irailaren 24ean. Euskadiko Federazioko kide batek
idatzi zidan epaile ofizial baten beharra zeukatela Calellako proban.
Nire egutegiari begiratu ondoren argi geratu zitzaidan ostiraletik
astelehenera arte iraungo zuen bidaian aukera izango nuela joateko.
Beraz asko pentsatu gabe baiezkoa eman nion eskaintza horri.

Ez zen izan ordubeteko lana,
16 orduko lana gutxi gora behera. Ez nituen triatletak hoteleko
balkoitik ikusi igerian goizeko zazpi eta erdietan, bizikletak zeuden
tokira goizeko seietan nola sartzen ziren ikusi nituen. Ez nuen
barnetik eta kanpotik ikusi txapelketa, ikuspuntua aldatuta nuen
baina hala ere ibilbide guztiak ikusi nituen (korrikakoa eta
bizikletakoa). 22 ordu jarraian lo egin gabe (nire errekorra berdindu
nuen). Oñatiko jaietako aste bukaera onena galdu nuen… Baina
merezi izan du. Beste behin horrelako aukera ematen badidate eta
posible baldin bada, erantzuna berdina izango da.

Bizitzan gutxitan maitemindu
naiz. Aste bukaera honetan berriro ikusi dut egoera horretan nagoela
mediterraneoko hiri honekin. Maite dudan kirol bat da triatloia.
Barnetik bizitzea aukera ahaztezina izan da. Ez ditut erraz ahaztuko
14 orduko bidaian zehar egindako barreak Javi eta Jon Anderrekin. Ez
ditut erraz ahaztuko bizitako laguntasuna, egindako lan orduetan
ikusitako irudi ikusgarriak eta Calellako giroa.

Calella, datorren urtean han
izango nauzu (edo hori espero dut gutxienez). Beraz gaurkoz agurtzen
naiz. Gabon, zorte on eta hurren arte.