Hileko artxiboak: azaroa 2009

Bizitzako pasarte arraro batzuk


Situazio baten berri ematera
noa. Ahaztu buruan duzuen guztia eta imajinatu deskribatzera noana:
Maiatzeko hilabetean gaude. Liburutegi batean zaudete. Konturatu gabe
liburutegiko karneta itzuli duzun liburu baten barruan sartu duzu eta
hortik bi egunera konturatzen zara egindakoaz. Liburutegiko
arduradunarengana joaten zara eta galdetzen diozu zer egin dezakezun
galdutako txartel hori berreskuratzeko. Berak munduko edukazio
guztiarekin erantzuten dizu soilik gomendatu dezakeela behin-behineko
txartel bat egitea. Aurrekoa agertu arte erabiltzeko edo berri bat
egin arte. Behin-behineko txartel hori egiten duzu (hori bai bi aste
itxaron beharko duzu zure eskuetara iritsi arte) eta txartel berri
baten bila joaten zara (etxera iritsiko zaizuna posta bidez, hau da,
again hemendik bi astetara edo bi hilabetetara izango duzu
postontzian. Zeharo ahaztuta izango duzu gaia karta ikusten duzun
arte).

Baina behin-behineko hori
galtzen duzu era berean (liburu baten barruan utzita, nola ez). Baina
zorionez bi hilabete edo gehiago igaro dira eta txartel berri heldu
zaizu.

Hortik bi urtera gutxi gora
behera liburutegian liburu bat uzten duzu eta harreran dagoena
edukazio guztiarekin esaten dizu liburutegiko txartel bat duela zuri
emateko. Sorpresa!!! Orain dela bi urte galdutako karneta
berreskuratu duzu.

Baina horretan ez da
gelditzen asuntoa. Hortik sei hilabetera gutxi gora behera berriro
beste maileguan hartutako beste liburu bat itzultzen duzu eta
harrerakoak oraingoan esaten dizu behin-behineko karnet bat duela
galduta zenuen eta itzuli egiten dizu. Sorpresa!!! Orain dela ia hiru
urte galdutako behin-behineko txartela itzuli didate.

Harrigarria badirudi ere, hau
gertatu zait Euskal Herriko Unibertsitateak Gasteizeko kanpusean duen
Koldo Mitxelena liburutegian. Orain bi ikasle txartel ditut eta
behin-behineko liburutegiko txartela aurreko biak galtzen bazaizkit.

Denboraldi berri bat jaiotzera doa


2009 urtea amaitzeko hilabete
inguru falta da. Triatloi munduan dihardugunontzat notizia ona da
hori. Horrek esan nahi duelako 2010eko denboraldia hasteko gero eta
gutxiago falta dela (agian azken urteetan denboraldien arteko mugak
difuminatu egin dira neguko triatloiek ere garrantzia hartu dutelako,
baina hori beste gai bat da eta ziurrenik aurrerago izango dut horri
buruz hitz egiteko aukera).

Esandakoa beraz. Gero eta
gutxiago falta da denboraldi berri bati hasiera emateko. Komunitate
bakoitzeko proben antolatzaileak bilduz doaz eta egutegiak finkatzen.

Euskadiko triatloi,
duatloi eta akuatloi zirkuitua

Urte honetako azaroaren 15ean
Eibarren lasterketak antolatu nahi zituzten erakunde et atalde
desberdinetako kideak bildu ziren Euskadiko Triatloi federazioak
deiturik. Bertatik irten zen 2010erako behin-behineko egutegi bat.

31 proba!!! Lehen aldiz ikusi
nuenean egutegi hau oso luzea iruditu zitzaidan. Bai proba
kopuruarengatik, baita iraupenarengatik (otsailaren 20an hasi eta
urrian bukatu – Arriaran-eko Duatloi krosa). Nire laugarren urtea
da federatuta egingo dudana eta ez dut gogoratzen hain denboraldi
luzea inoiz.

Bigarren irakurketa batean
nobedade ugari ikusi nituen: Usurbil, Barakaldoko Distantzia Luzeko
duatloia, Zornotza eta Ermua. Hori horrela izanda ezbairik gabe esan
dezakegu kirol hau urtetik urtera haziz doala eta berri nahiko
positiboa mundu honetan gaudenontzat.

Denboraldiko helburuak

Oraindik goiz da ezer
esateko baina argi eta garbi daukat disfrutatzeko denboraldi bat izan
behar dela. Kategoria aldaketa dakarren ondorio bat da, 23 urtez
azpikotik absolutuetara. Jada ez naiz iaz bezain lehiakorra kategoria
berri honetan horregatik mentalitate aldaketa sakona izango da
(lehengo urteetan nire helburuak ez ziren postuak lortzea, ahalik eta
ondoen egitea jardunak baizik, bain kategoria hartan lehian egoteak
pixka bat motibatzeko laguntzen zuen).

Argi daukat baita ere aurten
triatloietan zentratu nahi dudala denboraldia (maiatzetik abuztura)
eta denboraldiko lehen zatian, duatloiak direnak nagusi, epaile lanak
egin. Horregatik orain argien daukadan helburutako bat Alpe
d´Huez-eko triatloia
burutzea da. Lagun batekin batera esku artean
dugun proiektu bat da eta esperantza asko ditut berau gauzatzeko.

Denboraldiko beste
helburu bat Distantzia Luzeko Triatloi bat izango litzateke, jartzen
diodan baldintza korrikako sektorea azkena eta 30 km. ingurukoa
izatea. Mota honetako triatloia ekainean edo irailean egingo nuke.

Oraindik goiz da esateko ze
distantzia luzeko triatloi egingo dudan baina lagunak esan dit
Tristar Andaluzia izan daitekeela aukeratua. Niri gustatuko litzaidake
Gasteizko Europako txapelketan parte hartzea baina ez dakit zelan
egingo duten parte hartzaileen aukeraketa.

Alde batetik antolatzaileekin
egoteko aukera izan genuen eta azaldu zuten negoziatzen ari zirela
ITU-rekin partaidetza herrikoi bat izateko helburuarekin edadeen
taldeetan. Beste alde batetik federazioko arduradunek esan didate
aurreko aukera oso zaila dela gauzatzea aurreko urtetik sailkatu egon
behar delako. Hori guztia kontutan izanda proba hori airean dago eta
Andaluziakoa berriz azken aukera edo alternatiba bezala hartu dut.

Uste dut denboraldia oso
polita izango dela.

Lenny Kravitz


Gaur arratsaldean Gasteizen
klase ondoren ordubete inguru izan dut Oñatira itzuli baino
lehenago. Nire asmoa kanpuseko pabiloiko kafetegian kafe bat hartzea
zen hango lasaitasuna aprobetxatuz (ostiral arratsaldetan harrigarria
izaten da nolako jaitsiera izaten duen ikasleen joan etorrien
kopurua). Baina tamalez itxita zegoen (iazko urteetan zortzietan
ixten zuten, aurten berriz bi ordu aurreratu dute ordu hori). Orduan
plan aldaketa etorri da eta San Prudentzio kalean dagoen Down Street
tabernara joan naiz.

Ez da munduan dagoen taberna
lasaiena baina oso gustukoa dut. Hilabeteak handik hurbildu gabe
nengoen eta gaur oso eroso sentitu naiz bertan. Sartu naizenean Lenny
Kravitz-en
kanta bat entzuten zen bozgorailuetatik eta bere
bideoklipa pantaila erraldoian ikusten zen. Lehen bi bilar mahai
zeuden tokian orain bakarra dago eta hiru dardo makina. Baina bestela
taberna ez da ezertan aldatu. Betiko xarma edukitzen jarraitzen du.

Giro lasaia zegoen eta kafea
gustura edateko aukera izan dut. Bitartean Berlingo harresiaren
erorketari buruzko erreportaje bat irakurtzen egon naiz. Esan dudan
bezala, ostiral arratsalde bat izateko, oso lasai zegoen. Zarata
handirik gabe eta mahaietan lekua sobera.

Gasteiz inguruan egoten
bazarete eta ez ohiko tabernetatik urrundu nahi baduzue Down Street
aukera ona izan daiteke bilatzen duzuen une horretarako. Ez zaizue
damutuko.

Literatur lehiaketak


Ez dakit zer gertatzen den
baina ikasturte berriarekin batera eta zuhaitzetako hostoak erortzen
hasten direnean literatur lehiaketak hazi egiten diren garai batean
bizi gara.

Hurrengo lehiaketak, lanak
emateko epearen arabera daude kronologiko ordenatua:

Animatu eta parte hartu!!!

Finisher 107


Kioskoan badago aldizkari bat
nire eskuetara iristen denean noizean behin aste erdi irauten didala
hasten naizenetik irakurtzen amaierara arte. Finisher
aldizkari da hori. Triatloiari buruz hitz egiten duen aldizkaririk
onenetako dugu gaur egun. Sport life aldizkariak ere urtero
berezi bat ateratzen du triatloi munduari buruz oso ondo egoten dena
baita ere.

Baina oraingoan Finisher
aldizkariari buruz hitz egitera nator. Hilabete honetan, azaroan,
Challenge Maresme-ko kronika dakar (Calellan urriaren 4ean ospatu zen
Iron Man distantziako lasterketa). Oso ondo dago egina eta sorpresa
polit bat aurkitu nuen bertan. Lau orrialde dira argazki eta
testuekin. Hirugarren orrialdean bi istorio pertsonal ekartzen dute
famatu ez diren bi triatleten eskutik. Bigarren istorioak hunkitu dit
gehien. Jon Axeinok, Beasaingo Trigoi Triatloi Taldeko kidea, bere
kronika pertsonala idazten du Calellan bizitako esperientziaz. Zortea
izan nuen horrelako pertsona izugarri bat ezagutzeko urriko egun
haietan. Horrelako pertsonek bai merezi dutela beste askok baino
gehiago txalo bero bat eta lehena bezalako harrera ematea helmugan.

Aldizkari honi esker ere
motibatu egiten naiz. Triatloi munduan gertatzen diren lasterketei
buruz irakurtzerakoan hamaika aldiz identifikatuta sentitzen naiz
istorio askorekin eta horrek aurrera egitea bultzatzen dit. Askotan
esan diot nire buruari aldizkari honetan irakurritakoa ere niri
gertatu zaidala.

Triatloia gustuko baduzue,
aldizkari hau gustura irakurriko duzue.

Mundua ezagutzen


Bidaiatzea asko gustatzen
zaigu orokorrean. Leku berriak aurkitzea eta gustukoak izatea ona da.
Gainera askotan bidaiatzen dugunean beti izaten dugu lagunen bat edo
beste aholkatzen diguna leku batetara edo beste hartara joatea. Hemen
aurrerantzean nik deskubritutako leku batzuen gomendioak erakutsiko
dizkizuet. Ondoren aholku hauekin egin dezazuen nahi duzuena.

Lisboako Pois kafetegia

2008ko apirilean Lisboara
joan nintzen Iron man erdi batean parte hartzera. Bost eguneko bidaia
bat izan zen. Asteazken eguerdian irten eta astelehenean itzuli.
Txapelketa larunbatean izan zen eta hurrengo eguna Lisboako hiria
bisitatzeko erabili genuen. Beste egunetan EXPOa egon zen tokian
hartu baikenuen ostatu eta hirira hurbiltzeko aukerarik ez genuen
izan.

Alfamako auzotik paseatzen
ari ginela igande eguzkitsu hartan (zorionez Lisboako auzo zahar
hartako kaleak oso estuak dira eta nagusi itzala zen) nire lagunak
ikusten ez diren kafetegi horietako bat aurkitu zuen: Pois Cafe. Ezohiko
dekoratu bat Friends  telesaileko Central Perk kafetegia ekartzen
dizuna gogora. Sofak, liburuz eta aldizkariz jositako apalategiak…
Ordu erdiz egongo ginen han kafea hartzen baina arratsalde osorako
gonbita egiten duen toki bat da.

Kafea lasai hartzea gustatzen
bazaizu eta dekorazio arruntek aspertzen badizute, Lisboan toki
egokia irudituko zaizu Pois kafetegia.