Etiketaren artxiboa: downstreet

Lenny Kravitz


Gaur arratsaldean Gasteizen
klase ondoren ordubete inguru izan dut Oñatira itzuli baino
lehenago. Nire asmoa kanpuseko pabiloiko kafetegian kafe bat hartzea
zen hango lasaitasuna aprobetxatuz (ostiral arratsaldetan harrigarria
izaten da nolako jaitsiera izaten duen ikasleen joan etorrien
kopurua). Baina tamalez itxita zegoen (iazko urteetan zortzietan
ixten zuten, aurten berriz bi ordu aurreratu dute ordu hori). Orduan
plan aldaketa etorri da eta San Prudentzio kalean dagoen Down Street
tabernara joan naiz.

Ez da munduan dagoen taberna
lasaiena baina oso gustukoa dut. Hilabeteak handik hurbildu gabe
nengoen eta gaur oso eroso sentitu naiz bertan. Sartu naizenean Lenny
Kravitz-en
kanta bat entzuten zen bozgorailuetatik eta bere
bideoklipa pantaila erraldoian ikusten zen. Lehen bi bilar mahai
zeuden tokian orain bakarra dago eta hiru dardo makina. Baina bestela
taberna ez da ezertan aldatu. Betiko xarma edukitzen jarraitzen du.

Giro lasaia zegoen eta kafea
gustura edateko aukera izan dut. Bitartean Berlingo harresiaren
erorketari buruzko erreportaje bat irakurtzen egon naiz. Esan dudan
bezala, ostiral arratsalde bat izateko, oso lasai zegoen. Zarata
handirik gabe eta mahaietan lekua sobera.

Gasteiz inguruan egoten
bazarete eta ez ohiko tabernetatik urrundu nahi baduzue Down Street
aukera ona izan daiteke bilatzen duzuen une horretarako. Ez zaizue
damutuko.