Hileko artxiboak: urtarrila 2008

Historiako pelikula onenak

Askotan galdetzen digutenean, zein da
gustukoen duzun pelikula? Bi erantzun posible daude, lehenengoa ez erantzutea
(hamaika arrazoi egon daitezke, horien artean ez gogoratzea ikusi dituzun
pelikula guztiak edo ez jakitea zein den gehien gustatzen zaizuna) eta bat
esatea baina hortik ordu batzuetara berriro oroitaraztea galdera eta damu
izatea. Horregatik jarraian nire uste apalean zinemaren historia garaikidean
egin diren pelikularik onenak aipatuko ditut, eta horretarako nire irizpide
propioak jarraituko ditut (garrantzitsuena: zerbait eragiten didaten pelikulak
asko gustatzen zaizkit). Hor doa lista:

  • Forrest Gump (Behin ikusi eta betiko geratzen zaizu memorian).
  • Rocky (Pasarte ugari historikoak dira. Zein ez da joan
    Philadelphiara eta hango eskailera igo Balboa boxeolaria bezala?).
  • Karate Kid (Mutil ugarik amesten dutena gauzatzen du Samuel
    Larusso karatekariak, lana eginez bere espezialitatean onena izan).
  • Jurassic Park (Ordu pare batez berriro sinetsi genuen posible zela
    dinosauroak bizitzara bueltatzea).
  • Jack (Negar batean bukatzen da pelikula mutikoa 18 urterekin
    unibertsitatera joaten denan, baina errealitatean 80 urte inguru dituelarik).
  • Hook (Gure gaztaroko ipuinetako pertsonaia baten istorio ezezaguna
    askorentzat).
  • Cool Runnings, Elegidos para el triunfo (Motibatzeko pelikula
    dudarik gabe.).
  • El club de los poetas muertos (Adaptazio eskas xamar geratzen da
    liburutik pantailara. Gomendagarriagoa da lehenengo liburua irakurtzea eta
    ondoren filma ikustea).
  • Regreso al futuro (George Lucasen arte lanetako bat, kotxearekin
    denboran bidaiatu genezakeela nahi izan genuen askok hori ikusi ondoren).
  • La milla verde (Justizia askotan itsua denaren froga, garaia
    desberdina izan arren errealitatearen isla)

Eta zuen pelikula gustukoenak zeintzuk dira? Zein uste duzu falta dela
lista honetan?

Gasteizera itzulera

Berriro Gasteizera itzuli naiz. Normalena gabonetako oporrak bukatu ostean eta klaseak berriro hasi direnean. Baina aurten sentsazio arraroarekin etorri naiz.


 


Aspaldi ez dudala igaro bi aste jarraian Oñatin eta horrek sentsazio berezi bat sortu dit nire barrenean oso zaila dena deskribatzen. Familiarekin egoteko aukera izan dut, iloba bisitatu eta paseatzen egon naiz, ondo jateko aukera ez dut galdu… Edozein ikaslek egingo zuena bere herrira bueltatzean nik ere egin dut. Baina oraingoan ia bi aste jarraian egin ditu etxean eta hori niretzako ez denez oso ohikoa arraro sentitu naiz Gasteizera bueltatzerakoan.


 


Zorionez eta ondorioz, nire uste apalean, horrek esan nahi du ni nongoa naizen. Gainera nire defentsan esan beharra daukat hiru urte hauetan ez dudala inoiz ahaztu nongoa naizen. Gasteiz nire oraina da, baina Oñati nire iragana izan da urte askoan eta etorkizunean espero dut nire bizitzako zatirik garrantzitsuenetakoa izaten jarraitzea.

Done Jakue bidea 2007 (VI)

6. Etapa. Leon – Molinaseca. 107 km.


5h 41 min. 18,8 km/h. Irailak 22, larunbata.


 


Lehen etapa garrantzitsua eta lehenengo arazoak aurrera egiteko. Rabanal del Caminon nuen pentsatua gelditzea egun honetan baina eguraldia lagun nuenez Cruz de Ferro (bideko punturik altuena 1400 metrorekin) gainditzea erabaki nuen.


 


Hasteko Leonetik irteteko nahiko arazo izan nuen seinale faltarengatik. Eta ondoren bi aukera zeuden Hospital de Orbigon berriro batzen zirenak. Konturatu gabe bide luzea aukeratu nuen eta horrek planeatuta nuena baino 10 kilometro gehiago egitea eragin zidan. Astorgan 45 kilometro eginda eduki beharrean 55 nindoan. Zerbait jan, ogitarteko paregabe bat txokolate zuriarekin, eta aurrera egin nuen berriro.


 


Hortik Rabanal del Caminoraino bidea gorantz zihoan pixkanaka-pixkanaka eta gainera haizea lehen aldiz bide osoan kontra eta nahiko nabarmen. Kostata baina iritsi nintzen.


 


Bertan deskantsatzen gelditu nintzen denbora labur batez eta lehen aipatu dudan bezala eguraldia lagun nuenez, aurrera egitea erabaki nuen Molinasecaraino, mendatea igo eta gero nuela (7 bat kilometroko aldapa pikoa).


 


Haizea kontra. Ez zen konbinaziorik onena portu bateri aurre egiteko baina asko kostatu zitzaidan arren gora iristea lortu nuen. Eta goian nengoela, bideko punturik magikoenetako batean, garrantzitsuenetako batean, derrigorrezko argazkia atera behar izan nuen. Argazki bat hamaika esanahiekin, sinbolismoz betea, orain dela urte batzuk nire aita igaro zen puntu beretik ari nintzen ni igarotzen, iazko udan nire arreba pasatu zen leku beretik nindoan igarotzen…


 


Berriro bizikleta hartu eta errepideari ekin nion. Molinasecaraino ia guztia aldapa behera. Azkenean 60 kilometro inguru egitea pentsatzen banuen egun horretan 107 burutu nituen. Baina beno bidaiako anekdotak dira.


 

Pozik joan nintzen lotara egun horretan Santiagora iristeko lehen zailtasun serioa oso ongi gainditu nuelako.

Urkulura errege egunean


Aurten zerbait berezia egin nahi nuen errege egunean. Iaz familiarekin pasa nuen eguna eta bazkaldu guztiok batera egin genuen, luxu handiarekin. Orain dela bi urte Lizarra aldera hurbildu nintzen han errege bezperako gabean sortzen den giroa erakarrita.


 


Aurten aitarekin bizikleta hartu eta Urkulura joatea erabaki nuen. Eguraldiak, urtarrilean eta neguan egonda, harrigarria badirudi ere oso ona zen. Eguzkiak alde guztietatik joten zuen eta hain pozik nengoen manga motzean joatea erabaki nuela. Erabakia gainera ondo hartutakoa manga luzeak ez nituelako faltan bota.


 


Urkulu izugarri aldatu da. Lehen pista soilik zen eta edonor ibili zitekeen (edonorekin esan nahi dut edozein motordun ibilgailu) eta oinezkoentzako eta motorgabeko ibilgailuentzako egin dutenetik inguruak asko irabazi du. Orain Urkuluz gozatzeko aukera handia dugu eta horrelako guneak aprobetxatu egin behar dira.


 


Beste alde batetik jende ugari hurbildu zen urtegira. Batez ere umeak beraien jostailu berriak erabiltzera, eta hauekin nola ez gurasoak. Esandakoa, giro berezia errege egunean Urkulun eguerdi aldera.

Fotologa daukat

Azkenean ni ere animatu naiz. Lagunak berotu
didate burua eta azkenean ezin izan diot eutsi tentazioari. Mugitzen naizen
lagun batzuen artean modan jarri da fotologa egitearena.

Zerbait desberdina egitearren blogosferan eta
euskal blogosfera bultzatzearren fotolog bat sortu dut Fotolog web orriaren
bitartez.

Egun bat, argazki bat eta komentarioa. Ea zelan joaten den, proiektu
berri honekin pozik nago eta ea nahi bezain ondo joaten den. Besterik gabe blog
honetatik animatzen zaituztet Pibanen fotologa bisitatzera.

Done Jakue bidea 2007 (V)

5.
etapa. Carrion de los Condes – Leon. 100 km.

4h 46
min. 21,2 km/h. Irailak 21, ostirala.

Azkar gauzatutako etapa, gehienbat ibilbideak
zituen zuzengune lau amaigabeetan haizea alde izan nuelako.

Goiz goizetik izan nuen eguraldi bikainaz
gozatzeko aukera. Irten baino lehenago ondo gosaldu nuen eta ondoren
Larrionetik hurrengo herrira abiatu nintzen, 15 kilometrora kokatua zegoena. Zati
hori izan zen agian eguneko zailtasunik handiena, batez ere gorputza ez nuelako
bero. Bestela egun guztian zehar ez nuen aparteko arazorik izan.

Aipatzeko bi ezbehar bakarrik. Lehenengoa erle
batek ziztada bat eman zidala ezkerreko belarrian eta ondorioz ziztu bizian
joan behar izan genuela gertuen zegoen farmaziara amoniako pixka bat erostera. Eta
bigarren arazoa Leonetik bost kilometrora, hiriaren sarreran, zulatu bat izan
nuela atzeko gurpilean. Zorionez bi atzerapen txiki horiek konpontzea lortu
nuen.

Leonera iritsi nintzenean ez nuen aparteko
arazorik izan aterpetxea bilatzeko. Eta nolako aterpetxea. Young international
aterpetxe sareen barruan aurkitzen da Leongoa. Denetarik dauka: internet,
prentsa, dutxa beroak, telebista gela, garbigailu eta sikagailuak… Hori guztia
hiru euroren truke. Gainera e zuen ordurik ezartzen ateak ixterakoan eta
goizeko hamarrak arte egon zitekeen bertan.

Arratsalde gehiena igaro nuen bertan
deskantsatzen. Bost egun nindoan bizikletari eman eta eman, eta ordurako nekea
nabaritzen hasi zen. Vuelta Espainiako etapa ikusteko aukera izan nuen eta
interneten email batzuk bidaltzeko ere. Azken orduan katedrala eta hirigunea
bisitatzera hurbildu nintzen ondoren inguruan afaltzeko eta poliki-poliki
aterpetxe ingurura bueltatzeko.

Pasio luze baina polit baten ostean lortu nuen aterpetxera iristea. Hurrengo
egunerako gauzak prestatuta utzi eta hamaikak aldera oheratu nintzen.

Urte berri on!!!

Urte berri on guztioi!!!

Aurtengo urtea inoiz baino hobeto hasi dut.
Hasteko 31ko arratsaldean Oñatiko San Silvestrean parte hartu nuen, hemen
aipatu bezala.
Azkenean koinatuak ez zuen parte hartu baina nire aitak bai. Nahiko
denbora polita irten zitzaidan, 33 min eta 45 segundo inguru. 03:58ra
kilometroa. Aitak ere ondo bukatu zuen, azkenengo kilometroan lagundu nion eta
uste zuena baino denbora hobeagoa egin zuen. Horren ondoren afaria eta festa,
egun ona zalantza izpirik gabe.

Orain hemen nago ordenagailu aurrean zuei
idazten urte berria zoriontzeko eta aurtengo proposamenak ea berriro ere
errealitate egiten ditudan.

Hori da guztia, zorionak urte berriarengatik
eta ondo bukatu oporrak (oporrak zaudetenoi oraindik) eta lanera itzuli
zaretenoi animuak eman besterik ezin dut egin.