Hileko artxiboak: abendua 2006

Ostegunak gasteizen

Atzo goizean unibertsitateko kanpus osoan zehar Euskal Herriko unibertsitateen gida 07 banatu zuten. Nik ale bat hartu nuen eta testu grazioso eta sinpatiko bat idatzita zegoen Gasteizeko ostegunei buruz.

“Astelehena, eskola egunetan lehena. Askorentzat herritik ikasle pisura bueltatzeko eguna izan ohi da. Gehienetan asteburuko parrandatik indar berritu gabe, unibertsitatera bueltatzeko eguna, herriko abenturen berri kontatzeko eguna. Klasetik piper egiteko arrazoi sendoen eguna. Lo gura, nagia, alferkeria, azken finean astelehen galanta.

Asteartea, erritmoa hartzen hasi beharrak, eskolek, praktikek, bazkalosteko kafe tertuliak,… ez dute nagikerietako tarterik uzten. Atzo egin gabe utzi genituenak egiteko garaia iritsi da, gaur ez baitago balio duen aitzakiarik.

Asteazkena, gaur ez da ba zineman ikuslearen eguna? Aizu, begira zenezake egunkarian zein filma botatzen duten? Interesgarririk egonez gero, gure pisuan afaritxoren bat presta genezake eta ondoren filma ikustera joan. Zer iruditzen zaizu?

Osteguna, dagoeneko osteguna al da? Zer esango dugu ba: osteguna ikasleon gaua dela. Gaurkoak mila kontutarako parada eman ohi digu: Gasteizko zein Euskal Gerriko txoko ezberdinetako jendea ezagutzeko aukera ematen digu, sekula ahaztu ez ditugun lagunak egin, hiriko ikasle pisuetako menu ezberdinak dastatu, Gasteizko neguko gau hotzak berotzen lagunduko digun parranda egin, dantzatu, salto egin, besarkatu, musu eman, barre, negar, erori, altxatu,… azken finean GOZATU!

Ostirala……… bufh! Egun latza gero!… Eskerrak arratsaldean herrira bueltatzen naizen.”

Liburuen ehizan

Igande eguerdian Gasteizeko Boulevard merkatal gunean bazkaldu nuen nire gurasoekin. Horren ostean kafe bat hartu genuen eta ondoren dendetako erakuslehioak ikusten bira pare bat egin genion eraikinari.

Beheko pisuan geundela informazio gunean liburu batzuk zeudela ohartu nintzen. Orain dela hilabete batzuk idatzi nuen blog honetan bookcrossing-ari buruz. Ba nazioarteko mugimendu horren barruan jarri behar ditugu igandean ikusi nituen liburu horiek.

Azkenean ehizatu dut aske dagoen liburu bat. Orain interneten erregistratu behar dut eta irakurri ondoren berriro aske uzteko. Lau zeudenez nire aitak beste bat harrapatu zuen.

Piban, bizarra moztu!!!

Azken aldian askotan entzuten dudan agindu bat da. Baina nik ez diot kasu handirik egiten, belarri batetik sartu eta bestetik irteten zaizkidalako hiru hitz horiek.

Gauzarik gogorrena esan didatena Piban deitu beharrean Che deitzea edo galdetzea non utzi dudan eta zergatik haserretu nintzen Fidel Castrorekin. Baina niri bost, bizarra ez egitearren arrazoi indartsuak ditudalako.

2000. urtean kokatu behar gara. Zaletua nintzen Amerikar Estatu Batuetako izotz hockeyra. Jarraitzaile sutsua Colorado Avalanche taldekoa (Peter Forsberg, Joe Sakic, Patrick Roy… zelako oroitzapenak). Playoff-ak jokatzen hasi ziren eta finalera iritsi ziren, eta noski final ikusgarri batean ostean Stanley kopa altxatzea lortu zuten.

Han ohitura bat dago esaten duena play off garaian ez dela bizarra moztu behar. Partidu horietan gero eta bizar gehiago orduan eta indar gehiago dutelako jokalariek. Baina hori ez da soilik hockey-ean gertatzen, beisbolean ere berdin gertatzen da. Bestela datorren urtean apirila aldera fijatu play off-etan dauden jokalarietan eta gehienek bizarra, egun askotakoa edukiko dute.

Istorio bera aplikatzen diot nire buruari eta denboraldiak goi puntu desberdinak dituenez (hiruzpalau eduki dezaket) eta batean nagoelako (Santurtzi-Bilbo, Gasteizeko maratoi erdia…) momentuz bizar hau ikusi beharko duzue kaletik gora eta behera. Bizarraren amaieraren data: abenduaren 31a arratsaldeko seiak eta gero. San Silvestre 2006 ixa 2007 amaitu ostean.

Donostiarra edo Bilbotarra

Orain dela gutxi gure irakasle batek kontatu zigun bere ikasle garaiko anekdota bat. Bere ikasle garaian, Gasteizen ari zela historia ikasten, piropotzat hartu behar izan zuen esatea ez zuela ematen Donostiakoa, bera hangoa izanda noski.

Badirudi Gasteizen Donostiarrak ez daudela ondo ikusiak eta Bilbotarrak fama hobeagoa dutela gipuzkoarrek baino, mito hori gutxienez airean nabaritzen da.

Orain dela urtebete irakasle berdinak kurtsoko lehenengo klasean gure burua aurkezteko esan zigun banan banan. Batek esan zuen Altzakoa zela eta irakasleak galdetu zion ea hori Donostia zen. Ikasleak baietz baina… Eta irakasleak onartu behar izan zuen ahaztua zuela Donostiako kolonialismoaren asuntoa, hau da, Donostiarra baino lehenago Donostiako auzo batekoa dela bat.

Onek guztiak pentsatzera ekarri dit gipuzkoar asko ez garela sentitzen identifikatuta gure kapitalarekin eta Bizkaian berriz guztiz kontrakoa gertatzen dela. Alde batetik han gertutasun handiagoa dute, apenaz dago muga naturalik herri batetik bestera (beti ere Bilboko metropoliari buruz hitz egitean) eta hemen mugak askozaz garbiagoak dira.

Pentsatzen dut globalizazioaren fenomenoarekin eta hiriak eta herriak handitzen doazen heinean mugak desagertu egingo direla eta lehen herriak eta hiriak zirenak gero auzoak bilakatuko direla, eta auzoak zirenak kaleak eta horrela zirkulu bizioso amaigabe batean sartuko garelakoan nago.

Sustatu.com: bost urte sarean

Atzo arratsaldean sustatu.com-eko arduradunek jai bat antolatu zuten oraindik inauguratu ez den Arrasateko kultur etxe berrian. Bere bost urteak sarean ospatzeko.

Horretarako hitzaldi ziklo oso labur bat antolatu zuten. Ed Freyfogle eta Iban Zaldua (2006ko Euskadi literatur saria) gonbidatu zituzten teknologia berriei buruz beraien pertzepzioa emateko. Ondoren Sustaturen sortzaileetako batek, Luistxo Fernandez, eta Goienako irudiko zuzendariak, Iban Arantzabal, beren ikuspuntua eman zuten blogosferari buruz eta Sustatuk izan duen paperari buruz mintzatu ziren. Bukatzeko bideo interesgarri bat prestatu zuten sustatuko bost urteak errepasatuz (Egunkariaren itxiera, Joxe Aranzabalen gaixotasunari buruzko artikuluen agerpena…) eta zer nolako eragina izan zuen ondoren sortuko zen Euskal globosferan.

Amaitzeko ekitaldia webguneak sortutako lehiaketako sariak eman zituzten. Blog ugari aurkeztu ziren eta irabazlea (…) izan zen. Ondoren zozketa bidez bi ipod nano eman zituzten eta hori guztiaren ondoren pintxoak jatera pasatu ginen han geunden denok.

Jende ugari ezagutzeko aukera izan nuen (Joxe Aranzabal, Imanos Soriano, Inaxio Arregi…), beraien blogak sarrituan irakurtzen ditut baina pertsonalki agurtzeko ez dut aukerarik izan. Eta harrigarria badirudi ere etorkizun hurbil baterako proiektu bat atera zen: Blog + Beers +… (kar, kar, kar).

Izugarri gustatu zitzaidan ekitaldia. Gustura egon nintzen, hitzaldiak entrentenigarriak izan ziren eta pintxoak eta ardoa oso onak zeuden. Besterik gabe Zorionak sustatu eta ea hemendik bost urtera horrelako beste festa bat antolatzen duzuen.

Durangoko Azoka 2006

Ostegun arratsaldean Durangoko azokan izan
nintzen. Bigarren urtez joan nahiz eta aurten ere primeran pasatu dut.
Lehenengo aldiz kotxez joateko aukera izan dut, eta esan beharra daukat herrira
gerturatu alazbat, nabaria dela azokaren eragina.

Sarreran trafikoa handia zegoen eta edozein
lekutan aparkatzearekin konformatu behar izan nuen. Ez nuenez dirurik aske gune
urdinetik aldentzea erabaki nuen eta hilerrian aparkatzeko erabakia hartu nuen.
Ordu batzuetara nire lasaitua hartu nuen jakinda herriko poliziak isunak jarri zizkiela
gaizki aparkatu zutenei eta ez zutela infrakzio bat bera ere barkatu.

Azoka urtero haziz baino, egonkortzen doala
esan daiteke. Sentsazio ez da jendea denbora pasa doala azokara, euskal kultura
ikustera baizik: nobedadeak, idatzi dena, gehien entzuten dena…

Erosketa helburu batzuekin joan nintzen, baina
argi dagoen bakarra da liluratuta bukatzen duzula hainbeste eskaintzaren
aurrean eta dirua oso azkar joaten dela eskuetatik. Berria-ko estilo liburua,
Iban Zalduaren Etorkizuna eta Boltxe aldizkariko zenbaki batzuk erosi nituen.

Gainera Durangora hurbiltzen ari nintzela
Euskadi Gaztea entzuten Ibaizabal ikastolakoek egutegi bereziak saltzen zutela
aditu nuen (azken aldian modan dauden egutegi biluzi horietako bat),eta
badirudi ez zutela zorte handirik izan salmentekin. Horregatik eta badakidalako
zer den gaizki pasatzea proiektu bat aurrera ateratzeko, nire laguntza eman
nien halako bat erosiz.

Datorren urtean berriro itzuliko naiz, uste
dut ohitura hartuko dudala urteko zubi honetan kanpora joan beharrean Durangora
hurbiltzeko.

Nire dobleekin solasean

Garaiko euskal literatura eta unibertsaleko
irakasleak hiru hitzaldi antolatu ditu. Horietako bat azaroaren 9an eduki
genuen. Iban Zaldua, azkenengo Euskadi literatur saria, etorri zitzaigun bere
bizitzari buruz hitz egitera.

Esan beharra daukat Iban Espainiako ekonomiako
historia asignatura irakasten didala. Oso zaila egiten zait ipuin idazle bezala
ikustea, oso profesionala baita bere klasetan eta ez zaiolako idazle ildoa
ikusten. Onartu beharra daukat bere Si Sabino viviria eta ipuin batzuk
irakurrita ditudala, eta ez daude batere gaizki.

Iban goiz hartan, irakurle eta idazle on bat
bezala, bere erosketa karroarekin etorri zitzaigun liburuz beteta eta irakurle
bizitza eta idazle bizitza nondik nora joan ziren azaltzako gogo handiekin.

Azaltzen hasi zitzaigun literatura arlo
ezberdinak deskubritzen zihoan bitartean horiei buruz idazten zituela. Bide
paralelo berdinak egin zituen irakurle eta idazle bezala. Horretarako Borges-en
testu bat irakurri zigun, situazio hori nolabait azaltzeko: Borges eta ni
(Ipuin hautatuak, Ibaizabal, 1998).

Bere hasierak komikiekin izan zen, ume guztiak
bezala. Eta bere lehenengo literatur saiakerak genero honetan izan zen, Super
hombre pertsonaia sortuz.

Horrela ordubete baino egin genuen berarekin
solasean. Idazle fantastikotik, politikora, errealistara eta euskal idazle
izatera arte nolako literatura irakurri zuen azaldu zigun.

Benetan hitzaldi ezin hobea ikusteko aukera
izan genuen azaroaren 9ko goiz hartan.