Etiketa honen artxiboa: ohiturak

Hamaika kilometroa

Kafea


Hori da normalean izaten dudan ohitura lasterketen aurretik. Dortsala jaso ondoren lasterketa herriko tabernaren batean kafe hutsa eta bero bat artesa. Ondoan beti, noski, ur botila batekin. Kafeak sortzen duen deshidratazioa konpentsatu egin behar baita ura hartuz.

Oraindik ez daukat garbi maratoiaren egunean kafea hartuko dudan, hori nire prestatzaileari komentatu behar diot. Baina ikusten dut nire burua Anoeta estadioko ondoko hotelean, guraso eta lagun batzuez inguraturik goizeko zazpiretan kafe bat hartzen. Benetan irudi polita da burura etortzen zaidana eta espero gauzatzea.

Bederatzi kilometroa

Goma zuria, goma gorria

Apirilaren 13an
Arrigorriagan izan nintzen Euskadiko duatloi distantzia luzeko txapelketa
jokatzen. Bertan nire kategorian hirugarren sailkatu nintzen eta han korrikako
bigarren zatian, bi bira eman behar ziren parke bat, bi goma eman zizkidaten
buelta bakoitzeko. Bata gorria eta bestea zuria. Harrezkero ez ditut kendu eta
egin ditudan lasterketa guztietan eta eguneroko bizitzan denbora guztian
gainean eramaten ditut.

Ez dakit nire paranoia bat izango den ala bitxikeria bat soilik baina
harrezkero suerte handia izan dut eraman dudan bizitzan eta ez ditut kendu. Eta
denbora asko igaroko da kendu arte. Beraz jakin ezazue maratoia goma horiekin
egingo ditudala eskumuturrean eta gorria eta zuria Athletic taldeko koloreak
izan arren horrek gutxien axola zaidana da. Behin baino gehiagotan esan
didatelako talde horretako koloreak direla eta nik urdina eta zuria eraman
beharko nituela, baina horrek, berriro diot, gutxien axola zait.

Piban, bizarra moztu!!!

Azken aldian askotan entzuten dudan agindu bat da. Baina nik ez diot kasu handirik egiten, belarri batetik sartu eta bestetik irteten zaizkidalako hiru hitz horiek.

Gauzarik gogorrena esan didatena Piban deitu beharrean Che deitzea edo galdetzea non utzi dudan eta zergatik haserretu nintzen Fidel Castrorekin. Baina niri bost, bizarra ez egitearren arrazoi indartsuak ditudalako.

2000. urtean kokatu behar gara. Zaletua nintzen Amerikar Estatu Batuetako izotz hockeyra. Jarraitzaile sutsua Colorado Avalanche taldekoa (Peter Forsberg, Joe Sakic, Patrick Roy… zelako oroitzapenak). Playoff-ak jokatzen hasi ziren eta finalera iritsi ziren, eta noski final ikusgarri batean ostean Stanley kopa altxatzea lortu zuten.

Han ohitura bat dago esaten duena play off garaian ez dela bizarra moztu behar. Partidu horietan gero eta bizar gehiago orduan eta indar gehiago dutelako jokalariek. Baina hori ez da soilik hockey-ean gertatzen, beisbolean ere berdin gertatzen da. Bestela datorren urtean apirila aldera fijatu play off-etan dauden jokalarietan eta gehienek bizarra, egun askotakoa edukiko dute.

Istorio bera aplikatzen diot nire buruari eta denboraldiak goi puntu desberdinak dituenez (hiruzpalau eduki dezaket) eta batean nagoelako (Santurtzi-Bilbo, Gasteizeko maratoi erdia…) momentuz bizar hau ikusi beharko duzue kaletik gora eta behera. Bizarraren amaieraren data: abenduaren 31a arratsaldeko seiak eta gero. San Silvestre 2006 ixa 2007 amaitu ostean.