Hileko artxiboak: martxoa 2006

Su-etena

Iritsi zen askok eta askok itxarondako notizia. Gehienentzat pozgarri bihurtu zen eguneko berria izan zen atzo eguerdikoa. ETAk su eten bat abiatuko zuela martxoaren 24an.

Ikasle munduan notizia azkar zabaldu zen. Eta oro har ere nahiko azkar ibili zen jendea bata besteari esanaz zer gertatu zen. Telebistak eta internet egiten dutena gaur egun ez du konparaziorik orain dela hogeita bost urteko komunikabideekin.

Leku guztietan pil-pilean zegoen gai bat zen. Kalean beste aire desberdin bat arnasten dela ematen du. Orain ondorioak ateratzeko garaia baino, lana hasteko garaia dela uste dut. Ondorioak eta hausnarketak egiteko denbora soberan dago. Baina lana egin behar da, poliki eta ondo.

Arkeologia historikoan esaldi esanguratsu bat irakatsi zidaten. Datu guztiak bildu ondoren eta aztarnategian lana bukatutzat ematen denean, orduantxe hasten da benetako arkeologia.

Hori gertatu da, hala dirudi, bake prozesuarekin. Irlandan gertatu zen bezala, orain da momentua prozesua habian jartzeko. Eta herritar guztiok egon behar dugu zaku berdinean sartuta.

Espero dut atzokoa amaiera polit baten hasiera izango zela.

Eskerrik asko Goienkariari

Ostirala sorpresatzat hartu nuen nire iritzi artikulu bat Ostiraleko Goinekarian ikustean. Fernando Alonsori buruzko idatzia iritzi atalean azaldu zen. Banekien lehenagotik ere goiena.net-eko blog komunitatean idazten diren pasarte batzuk ostiralero agertzen den egunkarian agertzen zirela.

Ez nuen batere espero. Alde batetik idatzi egiten dut gustuko dudalako eta ez obligazio bat bezala, gainera Nire etxeko leihoa adrenalina soltatzeko tresna bezala erabiltzen dut batzutan. Eta beste alde batetik ez nuelako halako artikulu bat Goienkariko orrietan agertzea espero. Hori bai, beti amets egin dut nire izena orrialde horietan ikustea. Horregatik eskertu nahi diet Goienkarian jarduten duten guztiei artikulua plazaratzea. 19.000 aletan hamaika pertsonak nire artikulua irakurri ahal izatea nolako sentimenduak sortzen didan deskribaezina da.

Eskerrik asko guztioi!!! Idazten jarraituko dudala zin egiten dut, eta beti ahal dudan ondoen. Hurrengora arte!

Fernando Alonso

Atzo hasi zen Bat Formulako 2006ko denboraldiko munduko txapelketa. Urteak joan urteak etorri beti goiz jaiki behar ginen urteko lehenengo lasterketa ikusteko, Australian ospatzen baitzen. Baina aurten hori aldatu egin da, beste gauza asko bezala. Bahrein-eko basamortuan hasi zen ekitaldi berria. Eta a zer nolako denboraldia ikusiko dugun. Uste dut azken urteetako onenetakoa izango dela.

Atzo Fernando Alonsok eta Renault-ek erakustaldi bikaina eman zuten. Pilotuak bere abilezia erakutsiz gidatzerakoan eta taldeak estrategia bikain bat prestatuz garaipena eskura uzteko asturiarrari.

Larunbatean hasi zen benetako zirkua habian. Hor ikusi genuen denboraldi honetako nobedadeetako bat. Kalifikazio sistema. Hasieran korapilotsu samarra dirudiena baina ondo azalduta egonda erraz ulertzen dena. Lehenengo sorpresa ikusi genuen, Raikkonen lehenengo txandan kanpoan geldituta eta igandeko lasterketa azken postuan irten beharra ikustean bere burua. Eta Michael Schumacher alemaniarraren pole position-a lortu zuenean denok nahiko harrituta geratu ginen. Bere bizitzako 65. errekor berri bat ezarriz. Airton Senna brasildarra berdinduz.

Eta iritsi zen lasterketarako eguna. Alonso laugarren tokitik irteten zen, baina hori ez zen izan eragozpen lehenengo bihurgunetan kaisser-aren atzean jartzeko, bigarren postuan. Eta orduantxe hasi ziren estrategia planak lantzen. Pit stop-etan erabakiko zen dena.

Bigarren geldialdian Alonso eta Schumacher berdinduta irten ziren, baina alde ona lehenengoak hartu zuen. Hor egon zen asturiarraren garaipenaren gakoa. Hurrengo 18 biratan alemaniarra zuen atzetik baina hau ez zen Imola, kasu honetan biak berdin zihoazen.

Azkenean Fernando lehenengo, Michael bigarren eta Kimi harrigarri bat hirugarren. Ondorioak ateratzeko garaian ikusi daiteke aurtengo txapelketa ez dela izango birena bakarrik, eta kotxe fidagarrienak irabaziko duela ziurtatu genezake.

Ea datorren astean horrelako antzerako beste ikuskizun polit bat ikusteko aukera dugun. Pena mereziko du goiz jaikitzea igande batean.

Gustatu zitzaidan : Alonsoren pozak adierazteko era, Nico Rosberg gidari alemaniarraren birarik azkarrena eta larunbateko kalifikazioa.

Ez zitzaidan gustatu : Gauza ugari. Ide, Coulthard, Toyota, Barrichello, Montoya, Massa… Batzuk ez dutelako kalitaterik Bat Formula bat gidatzeko eta beste batzuk ez zutelako eman beren maila onena. Publiko eza ere aipatzekoa da, argi ikusi zen gauza ugari diru kontua dela soilik. Telebistako errealizazioa zer esanik ez…

Anekdota bitxi bat : Bahrein-en irabazten duen pilotuak ondoren munduko txapeldun bihurtzen da. Bestela ikusi zer gertatu den azken bi urte hauetan 🙂

Xabierada 2006

Iragan larunbatean zerbait ezohikoa egitea tokatu zitzaidan. Oinez 55 kilometro egitea. Mendillorritik (Iruñea) Xabier-eraino. Goizeko zazpietan habiatu ginen eta hamabi ordu geroago Xabierreko gazteluaren aurrean geunden (tartean hamarretakoa eta bazkaria egin genuen).

Aitarekin eta Nafarroako lagun batzuekin joan nintzen. Koadrila polita elkartu ginen, hamabost lagun inguru. Edade eta lanbide desberdineko jendea zegoen. Gazteena ni hogei urterekin eta zaharrena 60 urtetatik gorakoa zen.

Gauzak aspaldi zeuden antolatuta. Gainera lehenengo urtea ez zenez, esperientzia bazegoen horrelako ekitaldi batean. Hamarretakoa ez genuen eraman beharrik izan, bi lagunek eramango baitzuten ibilbideko hitzartutako leku batera. Horrek asko lagundu zuen, horrela ez baikenuen pisurik eraman behar. Ni motxila gabe irten nintzen. Eta azkenean hori asko eskertzen da. Beste batzuek eraman zuten beraien motxila, baina azken finean xirak eta ura eramateko.

Ni bigarren gazteenarekin, 26urte inguru, egin nuen ibilbidearen lehenengo zatia, eta berak bai eramaten zuen ura. Aliatu bikaina bihurtu zitzaidan Irunberriraino. Buruan iritsi ginen.

Irunberrira iritsi baino lehenago aipatu dudan bezala hamarretakoa egin genuen. Ordubete inguru egon ginen geldi, baina zutik. Ez zegoen non jesarri bat. Eta ondoren aipatu dudan lehengo lagunarekin Irunberriraino.

Ordu biak aldera iritsi ginen. Harrezkero bagindoazen 40 kilometro baino gehiago eta zazpi ordu, horietatik sei oinez. Oraindik beste pare bat ordu eta erdi gelditzen zen.

Bazkaldu ostean berriro ekin genion martxari. Laurak eta erdi inguru ziren. Irunberriko fox-a zeharkatu genuen. Bizitzan ikusi dudan paisai ederrenetakoa. Oso polita iruditu zitzaidan, eta oinez ibiltzeko leku paregabea dela iruditzen zait. Gainera laua da eta antzinan trena igarotzen zen lekutik joaten da bat.

Hori zeharkatu ondoren Yesara bideratu ginen. Dagoeneko erromes ugari ikusten genuen gu bezala. Errepidea izan zen bigarren zatiko elementu nagusia. Hankentzako ez zena batere ona, asko berotzen baitziren eta belaunek asko sufritzen dutelako asfaltoan.

Portu txiki bat igo ondoren % 9ra, Xabier ikusi genuen lehenengoz. Bagekigun ordubete baino gehiago beharko genuela, baina erromesaldian goazen eta Gaztelua eskura zegoen.

Azkeneko kilometroetan asko sufritu harren burua oso alai nuen. Lortu nuen Xabierrera iristea. Zortzi ordu eta erdiren ostean, Xabierrera iritsi ginen.

Orain dela zazpi urte

Orduan hamahiru urte nituen. Xabierrera joatea ahalegindu nintzen, baina ezin izan nuen lortu. 30-35 bat kilometro egin nituen. Urte hura egin zigun euriarengatik gogoratzen dut. Mela-mela bukatu nengoen eta neraman xira ez zuen ura geldiarazteko gai izan.

Azkenean ezezkoa esan nion bideari. Baina aurtengoan baietz esan diot. Irabazi egingo niola, bera eta nire arteko borroka bat zen. Gogo handiarekin habiatu nintzen, eta gauza bat alde izan nuen, euririk ez zigula egin. Egin zuen, baina gu bazkaltzen ari ginen bitartean.

Bideak errespetatu zidan, eta nik errespetatu nion. Azkenean orain dela zazpi urtetatik nuen zorra kitatu dut. Xabierren bosgarren mendeurrenean.

Argazkirik ez, tamalez

Argazki kamara eraman bai, baina ez nuen burua argazkitarako. Tamalez ez nuen argazki bat bera ere ez atera. Sentitzen dut, baina burua gauza batean jarrita duzunean beste gauza guztiak alde batera uzten dituzu.

Ea datorren urtean berriro egiten dudan, eta orduan bai, argazkiak aterako ditut.