Etiketaren artxiboa: ekaitzsamaniego

ABRA BIGARRENGOZ ETXERA

Larunbatean jokatu zen Abra Saria eta bigarrengoz geratu da txapela gurean. 2004an Xabi Payak eskuratu zuen txapela, eta larunbatean, berriz, Jone Uriak irabazi zuen, bere lan dotorearen ondorioz.


                       Jone Uria kantuan


Saio azkarra eta polita izan zen. Gaiak aktualitatekoak izan ziren, gazteekin zerikusia zutenak. Zortziko nagusiko lanean, entzun ziren alerik onenak. Nahiz eta batzuk gai serioak izan, bertsolariek umore puntua jartzen jakin zuten.


Zortziko nagusian, honako gaia jarri zieten Ane Labaka eta Jone Uriari: Elkarrekin afaldu duzue jatetxe batean. Kontua eskatu, ordu erdi pasa eta zerbitzaria ez da ageri. Lehen bertsoan, hauxe bota zuen Anek: gure dirurik ez dute behar / ta alde egin dezagun. Jonek, aldiz, aipatu zuen barrako zaharrak gonbidatu zituela, Aneren eskotea ikusita. Horrelakoekin krisia bukatu duela esan zuen Anek, baina Jonek ilusioa kendu zion esanez, kartera prestatzeko zerbitzaria kontuarekin zetorrela.


Zortziko txikiko lanak, lehen puntuak erantzun eta bakarkako lanak entzun ondoren, epaileek Ane Labaka eta Jone Uria buruz-burukora pasatzea erabaki zuten.


Buruz-burukoan sei motzean ofizioa bat abestu zuten, kartzelan sentsazio bat sentiarazi publikoari eta bakarkakoan hiru bertso. Abestu beharreko sentsazioa asperdura izan zen. Hau izan zen bi bertsolariek abestu zituzten bertsoak asperdura sortzeko:


                  Ane Labaka eta Jone Uria


Ane Labaka


Eguraldia desberdina da
berdin uda, berdin negu.
Saiatu ezkero gure bizitzan
zerbait lortu dezakegu.
Nere amonak mezetara joan
ta egiten du erregu,
ta politikak gure herrian
sortzen dute nahiko ernegu,
bide hontatik segi ezkero
denok lo hartuko degu.


Jone Uria


Nahiz eta saioa badoan
bere pausuan aurrera,
egin beharko dizuet
nik kartzelatik harrera.
Pazientea izango naiz
hori da nire jarrera,
denborak ez du axola
behintzat nire arabera.
Beraz, denbora badoa
bertso erdia betea da,
oraindik asko falta da,
baina hainbeste ez, keba
notizia berri bat dut,
zuek denontzat gainera
bakarka botako ditut
beste hiru habanera.


Epaileen erabakiz, Jone Uria txapeldun atera zen. Hementxe sailkapena:


                   Jone Uria Trinoren eskutik txapela jasotzen


1. Jone Uria
2. Ane Labaka
3. Amaia Iturriotz
4. Peio Ormazabal
5. Saioa Alkaiza
6. Ekaitz Samaniego


Eskerrak eman behar dizkiegu Ukberri.net agerkariari eta Zumarraga-Urretxuko bertso-eskolak egindako jarraipenagatik. Izenetan klikatuz gero; kronika, audioak eta bideoak ikusi ditzakezue.


             Bertsolariak, epaileak, idazkariak eta antolatzaileak

ABRA SARIA 2010

2010a indartsu hasi zitzaigun Santa Agedari koplatzen, baina oraingoan beste proposamen batekin gatozkizue.


Larunbatean, hilak 27, Abra Sariaren IX.edizioa jokatuko da Algortako Villamonte Kultur Etxean. ALBEk hainbat ekitaldi antolatzen ditu, baina garrantzia ematen diegu gazteei, eta horregatik sortu zen Abra Saria.


     


Aurten parte hartuko duten bertsolariek, eskarmentu handia daukate herrialdeetako eta Euskal Herriko eskolartekoetan, eta ziur gaude, zeresana emango dutela gerora. Hauek dira aurten parte hartuko duten bertsolariak:


Peio Ormazabal – Arrigorriaga (Bizkaia)
Amaia Iturriotz – Urretxu (Gipuzkoa)
Saioa Alkaiza – Antsoain (Nafarroa)
Ekaitz Samaniego – Gasteiz (Araba)
Ane Labaka – Lasarte (Gipuzkoa)
Jone Uria – Algorta (Bizkaia)


Epaile lanetan, honakoak arituko dira:


Martin Aramendi
IƱaki Aurrekoetxea
Eneko Bidegain
Asier Ibaibarriaga


Eta gai-emaile lanetan, Miren Loizaga arituko da.


Gogoratu zita: otsailak 27, 19:00etan, Algortako Villamonte Kultur Etxean. Zapaturarte!