Etiketaren artxiboa: saninazioak2011

BERTSO MARATOIA

Portu Zaharreko ajearekin gauden arren, hona hemen gure eskolako Josu Landetak Algortako Bertso Maratoia buruz egindako kronika ederra!


Eguerdiko hamabiak eta erdiak aldera, Algortako Kasino plaza apurka -apurka betetzen doa, zer eta jaietako egun orotan eguerdiko ordu batean ospatu ohi den bertso saioa entzuteko. Egun honetan kartel ederra dugu (Andoni Egaña, Amets Arzallus eta herriko Xabi eta Fredi Paia: gai jartzailea Maite Berriozabal), eta jai egun nagusia izateaz gain horrek jende asko erakarri du plazara. Inguruko jendearen algara  eta alboko errepideko burrunbada gorabehera, bertsoak plazan zehar erraz zabaltzen dira, eta zale handienon artean egunean zehar asetzea kostatuko zaigun halako gose antzeko bat sortu dute.


 


Gose hori ase guran, hirurak aldera plaza bereko Pipers tabernan batu gara bazkari bat egiteko asmoz, mahai luze bi bakoitzean hogei bat lagun,  Andoni Egaña eta Amets Arzallus anfitrioi. Hasieran bazkarietako ohiko berba jarioa nagusitzen da,  eta gu bazkaltiarrok berbak jaurti eta harrapatu guran gabiltza, baina hori bai, platerean dugun janariari muzin egin barik. Berba jario aberatsa dabilkigu inondik ere, baina benetako berba jokoa gure anfitrioien eskutik etorriko da laster, harik eta Gibel (oraindik) Urdinak musika taldeak pieza pare batekin sarrera eman eta gure bertsolariek hor gaudenon  belarriei atsegina ematen hasi direnean. Bertan lekuko asko dugu, eta beroietako batzuk bertsotan aipatzeak saioari tonu umoretsua eman dio.


 


Bazkaria bukatu da bere postrea eta guzti, baina guretzat hori aperitiboa baino ez da izan.Izan ere plater nagusiak etortzear daude, eta gure sabelak oraindik leku handia du bertso eta dantza sorta irentsi eta pilatu ahal izateko. Gibel Urdinek kalejira ezin alaiagoan garamatzate, eta lehen geltokia Katilu taberna dugu. Inguruan jende askorik ez dago, baina gurekin daramagun multzoak kalearen zati garrantzitsu bat betetzen du. Bertsozaleok bertan  gustura, kaleko lehen saioa arretaz segitzen  dugu, eta ingurukoon artean bertsolariek bertsotan lehen irudi barregarriak aipatzeko aukerarik ez dute galduko. Hala da ze, jendearen arreta handitu egingo da. Aspertzeko aukerarik ez.


 


Bigarren geltokia The End tabernan. Oraingoan, guk daramagun jende multzoaz gain, bertako bezeroen arreta aberasgarri suertatuko zaigu. Tenperatura gora eta gora doa eten barik, eta bero hori Lainoan (orain tabernak Unai izena du antza) mantentzen da, eta aipamenak leihoetara zabaltzen dira. Handik Sustraira goaz, eta hori leku garrantzitsu eta estrategiko bezain txikia da: batetik lekuak publiko zabalaren aukera eskaintzen digu, baina bestetik kaletar ezaxolatiekin halako nahasmen bat sortuko zaigu, bai fisikoki bai algara aldetik. Edozelan ere askotxo dabil arretaz, eta agerraldiak merezi izan du.


 


               


 


Ondoren Txiki eta Otaegi Plazaren txanda, lehenengoz Ajurian bigarrenez La Plazan, eta saioak hemen lortu du bere tenperaturarik altuena, jendearen multzorik handiena, jaietako gogoaren atsegin handiena. Oraingoan dantzak izango ditugu bertsoen atari, eta herri lanek zigortutako plazan erromeria bat ospatu da aspaldiko partez, erromeria gure jende multzoaz gain inguruko tabernako zein auzokoen arreta erakartzen duena. Bertso saioa hasi eta eguzkiak utzi egingo gaitu gaua bere eremua aldarrikatzera datorren bitartean. Edozelan ere, gure arteko beroak bertan dirau, eta bero horrek Ereatxuko geltokira lagunduko gaitu, modu apalagoan bada ere.


 


Ereatxun bukaturik, azkenez ez dugu Mamarroraino heltzeko astirik, ezen oraindik aurretik beste geltoki batzuk geratzen zaizkigun. Oraingoan herriaren zati handi bat gurutzatu behar izango dugun arren, Gibel Urdinek zeharkaldia erraztuko digute bere musikaz gozaturik, bere martxaz kutsaturik. Konturatu orduko Kateara heldu gara, bertan Galtzagorri eta Patxeko 2 tabernen arteko gunean pausaturik. Jendea batzeko leku ederra dugu hemen, bai eta gora eta behera igarotzen direnen arreta erakartzeko aukera ere, eta ezaugarri biez ederto aprobetxatzen gara. Gauak eremu osoa hartu du beretzat, baina horrek mehatxu baino aukera izango da guretzat: iluntasunak ez du bertako beroa hain erraz galduko, eta gainera ordura arte izan ez dugun anonimatua erantsiko digu. Gauden egoeran hori estimatu egiten dugu.


 


Beheraxeago komitera sartu gara, eta hori da barruan ariko garen leku bakarra. Halako batean taberna bete dugu, eta musika piezen martxak luze barik izerditan paratzen gaitu. Gero gure anfitrioien saioak patxada apur bat eman digu. Hala ere, denok nekatuta gaude dagoeneko, eta bertsolariak zeresanik ez. Hala da ze, agurrak kanpoan botatzea deliberatu dute. Gaueko hamabiak pasata jende gutxixeago geratzen gara, eta oturuntza erraldoi horren betekada nabaria delarik batzuk hormatxoan besteok errepide bazterrean eseri gara. Oraindik postrerako lekurik badugu. Bertsolariak agurra botatzen dabiltzala,  gure eskolako bertsolari batzuk kantuan hasi dira saioa luzatu guran. Haiek agurra eta guk egurra.


 


Azkenez betekada itzela dugu, baina egurra emateko gogo horrek oraindik Billamonte aldean espuela egitea ekarriko digu: Gibel (jada ez hain) Urdinek aldapa behera pieza bat joz, jende multzo txiki bat daramate gure gaurko azken porturaino.  Bertan dauden herriko ilustre batzuen astrapalaz gain, orain moteltasuna da nagusi; gure nekea nabaria denez, gure anfitrioek giroa pizteko ahal dutena egiten dute. Hantxe gaudenok pizteko indarrik ez dagoela  ematen ez duen arren, azkenean miraria gertatzen da Xabi Paia Pello Joxepe erritmodundoinu batez inprobisatzen hasten denean. Orain anfitrioez gain, eskolako hainbat ere bagabiltza bertsolari lanean. Bukaera hurbil dago, eta hamaika barre eta txantxa eginik azken agurren txandan, Amets Arzalluzek gure ibilbidean nabaria den zerbait bota digu: maratoiak 42 kilometro eta 42 bertsolari izan ditu. Eta atzamarrekin konta ezin daitezkeen geltoki (plater) kopurua ere bai.


Goizeko hiruretan maratoiari amaiera ofiziala ematen zaio, eta diotenez ordutegiari dagokionez markak hautsi ditugu. Alabaina, kantitateaz gain kalitateaz ere berba egin behar dugu, ezen nekeak eta irentsitako lurrinen efektuak gainbeheran sartu bagaituzte ere jendearen artean aho zapore ezin hobea geratu baita.  Giroa ederra izan da, eta harrezkeroztik Algorta ere apur bat ederragoa da. Hurrengo urtean gure kaleak berben eta doinuen harribitxiz beteko ahal ditugu berriz.