Biterin elkartu, La Palma eta Sevillako kontu batzuk entzun, eta Olandiorantz abiatu gara. Ibiltzeko giro atsegina.
Mendiko bideetan eragin nabarmena dute ibilgailu handien gurpilek, argi ibiltzea komeni lokatzetan ez sartzeko. Sasiek ere, bere lana egiten dute, eta gaurko bidean ibiltzeko oztopo izan ditugun horiek, ederto garbituko lituzkete ahuntz pare batek. Ea hurrengoan, gatozenerako, hona hurbiltzen diren!
Isurieta edo Izurieta, bietara ikusten da, Aretxabaletako auzoa. San Pedro elizaren arduradunak, serorak/amakasiak, atea zabaldu eta zenbait azalpen eman dizkigu.
Milagrosek elizaren ardura dauka, eta zenbait datu eman digu: COVID-a dela batetik, abade eskasia bestetik, aspalditxotik ez da bertan elizkizunik egin; Isurietako Amabirgina Arrasateko San Isidro elizara eraman zuten eta hemen dagoena kopia bat omen da. Bertako abadeak 2000 pezetaren truke Zerrajerari saldu omen zion irudia, San Isidro elizarako.
Kristoren irudia, aldiz, Arrasateko parrokiakoa da, biltegian gordeta zegoena; aldarea, bitxia, egurrezkoa eta forma trapezoidala du, aitorleku baten atal bat omen da. Ate ondoan dagoen aitorlekua, berriz, Bergaratik ekarritakoa. Ederra hori ere!
Martzelino Ugaldek beste azalpen batzuk eman dizkigu; hor dagoen Jesusen irudia berezia omen da: gorputza osoa du, jantziaren azpitik biluzik eta horrelakoak 20 besterik ez dagoela. Berak Soriako eliza baten berdina ikusi, eta bertako abadearekin hitz eginda izan zuen horren berri. Amabirjinaren irudiari dagokionez, garai baten irudiari kapa jartzen zioten, eta ondo gelditzeko, belaunak moztu omen zizkioten. Moda aldatu zenean, kapa kentzerakoan, belaunak gehitu egin behar; beraz, Isurietako Amabirjinak protesia daukala esan genezake!
Martzelino Arrasaten jaiotakoa, 1936n, Maalako errebalean; bere txikitako pasadizoak kontatu dizkigu eta… bai bizimodu latza ume garaian! Hunkituta utzi gaitu.
Milagros eta Marzelinori esker, zenbat gauzen berri izan dugun! Oso bisita atsegina eta interesgarria izan da, eta eskertzekoa egin diguten harrera.
Etxerako bidea hartzean, hor mimosa arbolaren loreak lehertzear. Han goian, berriz, Galarzako dorretxea eta eliza, irudi dotorea. Abia gaitezen, ba Arrasaterantz, pausu bizi-biziaz freskura hotz bihurtu baino lehen.
INFORMAZIO OSAGARRIA