Udalatx mendiaren magalean, baserri giroko auzoa da Udala. Gustuko tokia guztiontzat, eta gaurkoan mendiko bidean gora joateko aukera egin dugu. Gorostiza auzoan gora, dragoiaz markatutakoari ekin diogu.
Ustekabea, burdinazko egitura bidean. Hurbildu eta zuloa, leizea dirudi; sakona. Besaideko zigilua bistan eta lurrari tinko lotua dago, animalia zein pertsonak jausialdietatik babesteko. Eskertzekoa.
Paisaiari begira, mendiak ezagutu, izendatu: Aloña, Kurtzetxiki, Kurtzebarri… zein gustura egon garen. Ariketa polita!
Dolinak zer diren azaldu digu Itsasok, kareharrizko mendietan sarri aurkitzen diren sakonerak. Kareharria (caliza), dolina, leizea (sima)… hiztegia, kontzeptuak eta bere ezaugarriak gogoratzea gustura hartu dugu.
Udalaitzen gailurrari begira… zein irudi ederra!
Zein gustura goazen aldapan behera! Lagunarte atsegina gaurkoa ere!
INFORMAZIO OSAGARRIA
«Udalatx eta bere artadia Udalatx kareharrizko mendi ikusgarria da, eta hango artadia, gerriko bat izango balitz bezala, harriari itsatsia dauka eta haren presentzia Garagartzako lursailetara ere hedatzen da, han baitaude arterik altuenak mendiaren diametro osoan, eta baita Bizkaiko lursailetan ere. Artadi hostotsu honek animalia propioak ditu: zapelatza, eskaiua, erregetxeko bekainzuria, kukua, urubia, hontza, urtxintxa, erbinudeak, basakatuak, azeriak, azkonarrak, basurdeak… eta ekosistema berezi bat sortzen du. Harrigarria badirudi ere, klima mediterraneoko animalia eta landare espezieen basoa da artadia, berez, klima horretako toki naturala da. Artadia Besaidetik Kanpanzarrera zabaltzen da, mendiaren ekialde, hegoalde eta hego mendebaldean, beti eguzkiari begira. Elorrio aldean, landaredia guztiz aldatzen da, eta belarra eta pagoa da nagusi, Santa Luziaren muinoan izan ezik. Ematen du antzinako garai batean hemen beste klima bat izan zela, zeren Arrasateko beste toki batzuetan ere, Bedoñan, Garagartzan, esaterako, artadiak baitaude. Gainera, 800metroko altuerara iristen da Udalatxeko artadia. Udalatxeko maldan, Larragainen, Gipuzkoan dagoen zuhaitz mota bakarra dago: abaritza du izena. Mediterraneoko kliman hazten den zuhaixka da eta inguru honetan altxor naturala da. Berez, Udalatxeko artadia gure herriko ezaugarrietako bat da eta Udalatx mendia berez, arrasatearrentzat eta inguruko herrientzat, bizitza birika bat da, akuifero handia izateaz gain. Eusko Jaurlaritzak izendatu zuen Interes naturalistikodun gune.
Udalatik Arrasaterantz errepidetik jaitsiz gero, Arteta (arte-eta) baserria dago eta pixka bat aurrerago, eskumako bidea hartuta, Garagartzako Arteaga (Arte-aga), zalantzarik gabe leku izenak artadiarekin lotuak.» (eskola agenda 2019-2020 arrasate)
https://www.arrasate.eus/eu/arrasate-herria/auzoak
https://eu.wikipedia.org/wiki/Udalatx