Arratsalde bero honetan Jarindora joateko aukera egin dugu. Iaz, mendi horretara joatea erronka bat izan zen, gaur aldiz, toki ezaguna. Bidean itzal ederrak, pago motzak, zaharrak izan arren, zutik, askotariko formak, lurra orbelaz estalia… toki magikoa.
Pagoak, izeiak, pinuak… arbolapea bukatzean, abelburuak agertu dira, behiak eta behorrak; lasai, hausnarrean batzuk, larrean besteak. Gure presentziaz arduratu gabe.
Mendi gainean gurutzerik ez, zutabe geodesikoa eta buzoi gorria, besterik ez. Panoramaz gozatzen dugun bitartean, haizea harrotu eta freskatu. Eta gaur, ohiko argazkia egiteko prest gaudela, sorpresa: Mari Josek ikurrina atera du. Gustura denak, eta irrintzika. Hori festa, neskak!
Beherantz bizi-bizi autobusaren ordua heltzear dago eta. Jertseak soberan, haizea baretu eta tenperaturak gora. Gaurko irteera ere, atsegina. Bejondeigula, lagunok!