sorpresa!!

Gaurko helmuga, gehienentzat ezezaguna zen. Autobusean sartu, eta erantzunik gabeko galderak: nora goaz, Gipuzkoa aldera? Bizkairantz? Nafarroara, agian?

Misterioa, Oiartzunera heltzerakoan argitu da. Talde bat geologia museora, Luberrira. Bestea berriz, Arditurriko meategira.

Aiako Harria Parke Naturaleko sarbideetako batean, mendigunearen baldintza geologikoen pean kokatzen da Arditurriko meatze gunea. Erabateko meatze-paisaia eskaintzen du, oraindik ikusgai baitira hala nola zerura irekitako harrobiak, esterilen zabortegiak, plano inklinatu eta lur-berdinketak, meatze-sarrerak, ustiapen garaiko eraikinak eta baita garai batean minerala Pasaiako portura eramateko erabiltzen zen trenbide zaharraren bidea ere, gaur egun bidegorri bilakatua. Lur azpian berriz gizakiaren eragina handiagoa da; hainbat kilometro galeria aurkitzen baitira bertan, meatzaritza-lana eta erauzketarako gune ezberdinen sarea osatuz.

Duela 2.000 urte ezkeroztik ia jarraian ustiatuak izan diren meazulo bakarrenetakoak dira Arditurrikoak. Orain ia 20 urtez utzita egon den ingurua berreskuratu da, Real Compañía Asturiana de Minas delakoak 1984ean meategien ustiapena bertan behera utzi zuenetik hain zuzen. (oarsoaldeaturismoa.eus)

Meazulo Handira sartu gara, kaskoak jantzi eta gida mutilaren atzetik. Sekulakoa aurrean dugun espazioa, sakonera lau pisu, gure gainetik beste horrenbeste. Behean, ur putzuak, kolore urdin harrigarria. Erromatarrek egindako galeriak beste garaikoengandik berezitu ditugu, forma-kolorea; eskaileretan behera, mearen bihotzeraino heldu gara. Hango koloreak, minerala, arroken itxura… Arditurriko Capilla Sixtinan gaudela sentitu dugu. Esperientzi berezia gaurkoa. Gipuzkoan, Aiako Harrien magalean horrelakorik zegoenik ezin imajinatu. Erromatarrek bai jakin, aberastasuna non aurkitu, harranopola!

Arditurrin ura ugari, tenperatura freskoa, eta eguerdiko ordu honetan tripa-zorriak dantzan. Intxisuak izan omen ziren meategia zulatu zutenek, ba geu Intxisu jatetxera, Oiartzunen. Goxo-goxo hartu gaituzte eta asetu ere bai.

Azken sorpresa, bazkalosteko paseoa Hondarribiara, itsasertzera. Eguzkiak lainoak zulatu eta epelean gozatu dugu. Ibilaldi lasaia, barkuak, Bidasoaren beste aldeko paisaia, mendiak… Bukaera ederra egun berezi honi. Bikaina!

INFORMAZIO OSAGARRIA

https://www.oarsoaldeaturismoa.eus/eu/ezagutu-oarsoaldea/gure-museoak/luberri.html

https://www.arditurri.com/

https://www.arditurribideberdea.eus/eu/arditurri-meatze-gunea/#

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *