Gaur Topaketak, saio berezia, Musakolako kiroldegian. Izen ponposo horretan zer sartzen ote da? Arizmendi ikastolako Gikaiko ikasleek gidatutako saioa, beraz, sorpresaren bat izango dugu.
Xabin irakaslea gure zain sarreran, kantxara sartu eta harrituta gelditu gara hango ikasle talde handia ikustean, mutil gazte kuadrilla, kirolari itxuraz… Saioa zertan izango den azaldu digute eta beroketari ekin diogu, hurrengoa zunba.
Ariketak, jolasak, ekintza arinak, baina gorputzeko atal ezberdinak erabiliaz, konturatu orduko izerditan. Espazioa eta ariketa aldatzean, gidariak ere beste batzuk dira. Guztiak adeitsu eta atsegin, laguntzeko, egin behar duguna eta zalantzak argitzeko prest. Eta gu hor, joko arauak arretaz betetzen, batzuetan zaila dirudiena, kasualitatez edo, lortu; eta zelako poza! Zunba, saski-baloia, boccia, bola-jokoa…
Konturatu orduko saioaren amaiera! Txalo beroak, eskertze adierazpenak, irribarretsu guztiak. Izan ere, gazte eta helduak elkarrekin lanean jarduteak hurbiltzen laguntzen du, beste egoera batean elkar ezagutzea, finean, aberasgarria guztiontzat. Hurrengo ikasturtean horrelako saioa errepikatu behar dugu, ozenki entzun da. Esker mila horrelako aukera eskaintzeagatik. Bejondeizuela!!