

III LILABIDE, ENTRENAMENDUAK (2026-03-04 eta 05)
LILABIDEren ataritan entrenamendua garrantzitsua da: ibilbidea ezagutu eta denbora, abiadura, neurtzeko. Jakina da, Donostiako LILATOIAn antzera, 5 kilometroko distantzia izango dela, eta denbora ordu bete; beraz, helburua betetzeko, pausu bizia egin beharko da. Ibilbidea, Arrasateko auzo eta kaleen artetik. San Isidrotik helmugara errepidetik joango garela azaldu digu Idoiak, eta hidratazioaren garrantzia azpimarratu.





San Isidro parean, hidratazioa unea, garrantzitsua BETI. Hidratazioa, eta larunbaterako pautak arretaz entzun ditugu. Lehen entrenamenduaren ostean, badakigu arretaz joan behar dugula, pausu bizia egin eta ipuinak kontatzea, geroko uztea komeni dela. Jajajaja!!





III LILABIDE, MARTXOAK 7 (2026-03-07)
Eta eguna heldu da. Dena prest: San Isidron, parte-hartzaileentzat orniketa banatzeko taldea, kaxak, poltsak…, zunba egiteko musika eta monitorea ere bai, zunba zaleak hurbiltzen, laino ilunak ere, guregana… Giroa freskoa, zunba eta bost kilometroko ibilaldia egiteko, egokia. Aukeran nahiago genukeen beste bat, kalea jendez beteko duena, baina hau da gaur daukaguna. Beraz, giro ilunari aurpegi argia erakutsi.

10:30etan zunba egiten hasteko prest: musika, monitorea eta… adin guztietako emakumeak hurbildu eta lehen pausuak ematen hasi. Koreografiak martxan, giharrak astindu… benetako beroketa! Neskatilak ere, gure inguruan, ausart. Hiru belaunaldi, amama, ama, eta bilobak globoak aulkiari lotzen. Hori edertasuna!!






Batukadaren lehen danbor hotsekin zunbaren amaiera, eta martxarako prest. Oinezkoa egiteko denok gertu.




















Ibilaldiaren ostean, Emakume artisau eta ekoizleen azokara!!




- Musika, dantza eta giro ona izan dira Lilabide martxa feministaren osagai nagusiak. Lilabide martxa feministaren baitan, ehun bat lagun elkartu dira gaur goizean Biteri plazan emakumeen ahalduntzea bultzatzeko. Hirugarren urtea da Sasoibidek Lilabidea antolatzen duela adin guztietako emakumeen arteko sare bat sortzeko. Ohiko oinezko txangoa hasi baino lehen zumba saioa, eta ondoren, batukadaren doinuek girotu dute Biteri. (Goiena)
- Lilabide ibilaldiak Martxoak 8ko egitarauaren erritmoa biziagotu du. (Mondraberri)
- Las mujeres ‘tomarán’ las calles con el III Lilabide y la feria de artesanas y productoras. (Diario Vasco)
- Sasoibide convoca la III Lilabide para llenar la calle de reivindicación y deporte. (Noticias de Gipuzkoa)
INFORMAZIO OSAGARRIA
https://mondraberri.eus/lilabidek-martxoak-8ko-egitarauaren-erritmoa-bizitu-du/
sasoibide+: ANTONIÑA, SABURDI, MONTERRON (2026-03-11)
Arratsalde petrala gaurkoa. Baina umorearekin, azkenean, etxean gelditzea baino, pasieran lagunekin HOBETO. Halajaina!







SAN BALERIO, SALTURRI BASERRIA (2026-03-12)
Udaberriko goiz dotorea, eguzki izpiak indartsu, San Baleriora hurbiltzerakoan jada txamarrak soberan… Gaurizen atzuei erreparatu diegu: Meatzerreka auzoan lehen etxea, La Mina, Angelines umetan hor bizi izan omen zen. Altzaurti (Altzaurruti) baserria ere identifikatu dugu.
Salturri baserrian geldialdi berezia, denon artean zenbait datu gogoratu ditugu, horien artean: Baserri zaharrenetariko bat Salturri da. Leiho bikoitz bat du eta arku zorrotzek Erdi Aroko eraikuntza dela adierazten dute (Baserrisarea.com). Mendi-mazelaren erdialdean dago, eta lurraren desnibela aprobetxatuz, XVI. mendearen hasierako ohiko arkitekturaren aztarna nabarmenak ditu: XVI. mendearen hasierako arkitektura tipikoaren ezaugarri bereizgarriak: aparailu gotikoa duten hormak, arku zorrotz samarreko bi ate dobelatu, arku zorrotzeko bi leiho txiki, itsututako leihate biki bat, txaranbeldutako hiru gezi-leiho estu eta abar (Zaharberri.gipuzkoakultura.net). Etxe honetan jaio zen Juan Bautista de Barrutia y Pérez de Umendia (XVII. mendean), Armadako kapitain adoretsua Cartagena de Indiasen. Erdi Aroko egitura mantentzen duen baserriak leiho eta arku zorrotzak ditu. Harrizko eraikin sendoan bizi zen burdin hobien ugazaba (Arrasate.eus).














Salturritik behera, lokatzetan labanduz pasa gara, aurreko euriteak bere eragina izan dute eta. Azken parajeetan dolina eder baten aurrean, Itsasoren azalpen interesgarria; Lurberriko bunkerraren ondotik ere pasatu gara, hau berau, Arrasate Zientzia Elkarteak berreskuratua. Jada paseoari bukaera emateko, gaur Arrasaten aipatuena den tortilla pintxoa dastatzera hurbildu gara. Gasteizen bigarren saria irabazita, gustura etorri da Asier Antia, Ezkiña tabernakoa.
INFORMAZIO OSAGARRIA
https://zaharberri.gipuzkoakultura.net/datos.php?id=120
https://www.baserrisarea.com/7322/448-salturri-baserria
https://arrasatezientzia.eus/eu/lurberriko-bunkerra-murumendi-eta-udalaxera-begira/
sasoibide+: Bainu-etxe, Urkuluko bira, Bedoña (2026-03-18)
Gaurko eguraldia ikusgarria, ibilbidea gozatzeko modukoa. Parajeaz gain, gurean dagoen tradizio bateaz ere disfrutatzeko asmotan goaz. Karnabal ostean, Garizuman, karapaixoa elementu berezia da. Amapontekoek beraien besoetakoari oparitzen dioten ogi berezia da. Ogi horrek hiruki forma du, hiru arraultza eta txorizoaz osatuta, baina Aramaion sagarra ere jartzen zaio, gurea gaurkoan sagarduna da. Ederra gaurko merienda, ogiak ogia baina pastela dirudi, zelako goxoa!! Bukaeran, aho batez, datorren urterako txorizoaren ordez sagarrak jartzea eskatuko dugula erabaki dugu. Hori arrakasta!





INFORMAZIO OSAGARRIA
https://www.turismodebagoiena.eus/eu/karapaixoa-debagoieneko-opila
https://academiavascadegastronomia.com/karapaixo/
Erromanizazio aurreko ohitura dela diote adituek, udaberriari ongietorria egiteko funtzioa du. Bere bi osagai nagusiek esanahia dute: ogiak emankortasuna adierazten du, eta, arrautzak, bizi berria. Batez ere Leintz bailarak eta Oñatik gordetzen duten ohitura da. (Turismodebagoiena.eus)
sasoibide+: KURTZETXIKI (2026-03-25)
Arratsalde bustia, baina hala ere, Kurtzetxikiruntz. Bidean, pinudia botata, lurra mugituta eta azken aldiko euriteen ondoren, lokatza izugarria aurkitu dugu. Lurra buztintsua zapatiletan itsasi, hanketan gero eta pisu handiagoa… Kosta zaigu handik ateratzea. Zenbat kilo hartu dituzte gure zapatilek. Lanak izan ditugu gero lokatzok oinetatik kentzen, enee! Aurretik jakin izan bagenu, goruntzkoan beste bide bat aukeratuko genuen, zalantza barik!!





ARRASATEKO BEGIRATOKIA (2026-03-26)
Gaurko haize fina, negu-negukoa dirudi. Aterkia ere, zabaldu eta itxi ibili gara. Tarteka giroa argitu du. Udaberriko giroa. Martxo bukaeran, zozomikote* egunetan sarritan sortzen den eguraldi petrala gaur. Arrasateko begiratokira heltzean, aldaketa nabaria, aurrekotik baino ikuspegi garbiago, pinu batzuk botata, begi aurrean inongo trabarik ez. Begiratoki ederra.











Itzultzean, lehengo Fagor eraikinean obrak nabariak dira, beste lantoki bat jartzeko egokitze lanak hasita. Eta ondokoan mendien perfila sumatzen da. Dekorazio xumea, gustuz egindakoa.
INFORMAZIO OSAGARRIA*
- Zozomikoteak hitza Gipuzkoan eta Nafarroan erabiltzen da eta sasoi zehatz bat adierazten du, martxoaren azken bizpahiru egunak eta apirileko lehenak. Eguraldi ‘txarra’ egiten omen du sasoi horretan. https://www.ikasbil.eus/eu/dokutekako-fitxa?articleId=16142477
- https://eu.wikipedia.org/wiki/Zozomikoteak
- https://www.youtube.com/watch?v=TzeARgp4ljc
- https://kontukontari.eus/2025/02/24/zozomikoteak/

