sasoibide+: Aramaio – Andra Mari (2025-11-5)
Egun haizetsua gaurkoa, zuhaitzak eta bazterrak biziki astindu ditu. Berriz ere izango da, orbela txoko guztietan. Goizeko laino gorriek iragarri moduan, ilundu aurretik, arratsaldean, euritan. Eta, abesti ezagunak dioenaren antzera, geu ere, euritan dantzan! Umorea beti gurekin.






Idoiaren argazkiek gaurko ibilbidearen edertasuna islatzen dute. Aramaioko irteerak beti gustura uzten gaitu, alajaina!
UR BIDEAK, ESKORIATZA (2025-11-6)
Makina bat ura sortzen da Eskoriatzako mendietan, ur bereziak ere hainbat iturrietan. Gaurko ibilbidean horietako zenbait ikusi eta urak dastatu ere egin dugu. Hurrengorako beste batzuk.









Eskoriatzako auzo edo elizateetan ibili gara gaurkoan, Bolibar, Eraña, Lete… Hirigunea ez da handia baina bere hedapenak beste dimentsio batzuk ditu. Ezezaguna gehienontzat. Pagaldaiko amabirgina…


Zaldi talde dotore eta lasaiak. Animali elegantea, zalantza barik!





Uraren eta iturrien inguruan, ibilbide polita egin dugu, Lorearen gidaritzapean gustura, nola ez?


Eskoriatzako hiri gunerantz, kanposantu ondotik pasatzean, Benlliurek, eskultore handiak, marmolez egindako monumentuaren edertasunez mintzatu gara… Eta kukutxo bat egitera sartu gara. Eguratsak marmolari ez dio mesederik egiten, baina hala ere, garbi mantentzen den horretan, edertasuna ageri agerian.
BIXI BIZI TAILERRA: ORIENTING (2025-11-12)
Egia esan, gaurko tailerraren izenarekin ez geunden oso lasai. Zer ote da hori, zer da egin beharko duguna; orienting, orientazio itxura du baina… Galdetu ere egin dugu, baina… Eta han, gure bi irakaslek ORIENTING kirol bat dela esan digute, txapelketak egiten direla, liga dagoela. Hor gure harridura. Kirol bat!! Jarraian, iparrorratza aurkeztu digute, eta horrekin batera mapa bat. Ene! Orain zer? Ba, binakako lana, Monterronen planoan adierazitako tokietan testiguak aurkitu behar ditugula, eta bertan dagoen enigma fitxa baten jaso.







Batzuk aurkitu ditugu, besteak kostata. Ikastolako haurrak, parkean zeudenak, ere galdezka, zer galdu duzue ba? Lagundu nahian!! Mapa-planoen interpretazioaz gain, begi bizkorra, eta taldeko lanarekin gaurko erronka borobildu dugu. Atsegina izan da, eta irakasleen esku-hartzea ere, arrakastarako lagungarria. Gaurtik aurrera, gu ere orienting zaleak!
sasoibide+: ASUELATIK BEDOÑARA (2025-11-12)
Ospitaletik Asuelara, ur tragoxka bat hartu eta aldapan gora jarraitu dugu. Magalbe (Malbe) baserriaren horma jausien ondotik pasa, eta Alejandro Iturbe Arana, Malbe ezinenez ezaguna zenaren historia eta pasadizoren batzuk gogoratu ditugu, 1888an jaio zen. Beste zenbaiten datu artean, ezaguna da «ur eta larre libreak» exijitu zituela.











Gaurkoak bitxikeria ere izan du, gure lagun Eloisak, Salamankatik zuzenean ekarri digun hornazo berezia. Itxura ederra, mahai bueltan hari begira, bere estetikaz gozatzen. Eta horren ondoren, on egin dagigun esanez dastatzeari ekin diogu. Sekulakoa! Zer gehiago adierazi? Gure eskerrik beroenak Eloisari, eta izan gaitezela berriz ere horrelakoa errepikatzeko. Bejondeizula, lagun!!
INFORMAZIO OSAGARRIA
https://goiena.eus/arrasate/1543510055881-malbe-ri-buruzkoak-zazpigarren-zikloa-ixteko
https://en.wikipedia.org/wiki/Hornazo
MIRABALLES (2025-11-13)
Miraballes aldera joateko Olandiotik gora abiatu gara. Bertako urbanizazioa bukatu da, obrak luzaro iraun dutenak amaituta, estetika eta erosotasunean alde handia dago. Bejondeiela diseinatu eta gauzatzen parte izan duten guztiei. Laboraleko zentralera igotzeko eskailerak ere berriztu dituztela ikusi, eta haiei ekin diegu, cardio pixka bat egiteko. Erraz gainditu ditugu, beraz, denak gustura.












Sasoibidekoentzat, Miraballes baserria eta ingurua oso gustukoak dira. Bertan gaudela, memoriari astindutxo bat eman, eta gogoratu ditugu Esther eta Juan Marik etxearen inguruko esandakoak: orain 500 urte eraikitakoa dela; bi izen dituela Miraballes eta Billabañes, jabegoa Artazubiagako Bañeztarrena zela adierazgarri bigarrena. Beraz, garai hartan ere kokapen berezia zuen, estrategikoa zalantzarik gabe. Inguru honetako pasiera beti izaten da erosoa eta atsegina. Berriz ere bueltatuko gara, bai horixe!







San Andresen, tailagintzarako dagoen eraikinean sartu-irten bat. Harrera atsegina egin digute bertan entrenituta zeudenek; han tankera ezberdinetako egurrak, lan tresnak, makineria eta artisau lanak behatzeko aukera izan dugu. Espero ez genituenak Ikusi ditugu eta gustatu ere bai. Hemen badago zaletasuna eta makina bat esku abilak ere, bai horixe!
INFORMAZIO OSAGARRIA
https://blogak.goiena.eus/sasoibide/2021/05/27/sasoibide-miraballes-billabanes/
NOTICIAS DE GIPUZKOA (2025-11-15)


XI. KATXALIN ELKARTASUNAREN MARTXA (2025-11-16)
5.000 pertsona inguruk arrosaz tindatu dituzte Donostiako kaleak gaur Katxalin Elkartasun XI. Ibilaldian, bularreko minbizia eta ginekologikoa duten emakumeei laguntzeko marea arrosa tradizionalean. 4,5 kilometroko ibilbideak, geroz eta emakume gazteagoak eta baita gizonak ere kaltetzen dituen gaitzari ikusgarritasuna ematea izan du helburu, ikerketa bultzatzeko beharra azpimarratzeaz gain.
Bildutako diru guztia BioGipuzkoa Institutuko Bularreko Minbizia Ikertzeko Taldeari emango zaio. (https://www.donostitik.com)


Eta Elkartasun Martxa horretan, sasoibideko lagunek ere parte hartu dute. Bejondeiela!
sasoibide+: BERGARATIK UGARRIXARA (Antzuola) (2025-11-19)
Giro ilun eta busti honi aurre egiteko zer hobe ibilbide berri bati ekitea baino? Bagoaz ba, Bergarara. Bertan, Toño eta Mila gure lagunak zain, bidean gidari lanak egiteko prest. Euria egin arren, inguruaren edertasuna apreziatu dugu. Antzuolako Galartza auzoan ibili gara, eta Ugarrixa merenderoraino heldu. Errepidean gora jarraituz gero Elosu auzora, baina guk beherantz egin dugu ilunduko ote digun beldur.




















Ibilbide polita gaurkoa, baina bere edertasunaz gozatzeko euria eta lainoak ez dira lagun onenak izaten, beraz, eguraldi argiagoaz itzuli beharko dugu. Eta horretarako, gure bi lagun gidari horiekin kontatzen dugu. Zuek gertu bazaudete, jakina!
ARRASATE, ZUBILLAGA (Oñati) (2025-11-20)
Atzokoa bustia bazen, gaurkoak ere, haren enbiririk ez. Biterin elkartutakoak, aterkia hartuta Zubillagarantz abiatu gara. Erritmo biziaz, eta kontu kontari nahiko bidea egin dugula adostu arte. Orduan, gira eta buelta, Arrasatera. Gure buruetan hartuko dugun salda bero-bero hori, gure oinentzako motorrik onena, alajaina!






sasoibide+: BEDOÑATIK ORORA (2025-11-26)











IRTEERA BEREZIA: ATAUN, IBILBIDE MITOLOGIKOA, ERROTA, MUSEOA (2025-11-27)
Gipuzkoako herririk luzeenera, Atauna heldu gara, 14 kilometroko herri luze horretan hiru auzo: San Martin, San Gregorio eta Aia. Gaurkoan, San Martinetik San Gregoriora mugitu gara, ibilbide mitologikotik. Otsoaren markak erakutsi digu bidea, Agauntza ibairen ertzetik, eta gure gidaren azalpenek asetu dute gure jakin-mina. Jentilen Etorrera, jentilbaratza, lamiak, sorginak eta katuak, Mari Jainkosa, galtza gorri langileak, Basajauna, karobia… eta horien inguruko zenbait historioak ere gustura entzun ditugu. Horiek guztiak Barandiaranek jasotakoak, euskaldunen altxor etnografiko immateriala osatzen dute, hain zuzen.













Sara etxera hurbildu gara, On Joxemigel Barandiaranen etxera, eta guk berak egiten zuen pasiera bera egin dugu: etxeko ataritik ibaian beste aldean dagoen sarrerako ateraino, bere oroimenez egin ere.





Garai bateko industria gunera hurbilduaz bat, ura energi iturri nagusia zela nabarmentzen da. Uraren indarraz zerrategia eta errota martxan jartzen ziren, izan ere, oso modu eraginkorrean. Harrituta utzi gaitu mekanismo guztiak lanean ikusteak eta haien prezisioak. Punta-puntako teknologia, zalantzarik gabe. Hori guztia antolatzeko, ez zuten buru makalak, ez horixe!






Museoan, On Joxe Migelen bizitza oparoa adierazten duen bideoa ikusteko aukera. Gaztainaz osatutako aulkiek gure gorputzeko mugimenduaz sortzen duten musika bitxiak, geldi-geldi egotera bultzatu gaitu, halajaina!!





Beasainen bapo bazkaldu ostean, Udaletxea eta Igartza jauregiaren inguruak ezagutu ditugu. Herrian gora eta behera ibiltzeko astia ere izan dugu, ikusitakoaz, komerzioa indartsu dagoela iruditu zaigu. Eta horrekin, bukatutzat ematen dugu irteera berezia.



Gaurkoa eta beste zenbait ere gauzatzeko, Arrasateko Udalaren laguntza jasotzea eskertzekoa da.
INFORMAZIO OSAGARRIA

