Eguraldi iragarpenak kaxkarrak eta plan aldaketa. Gaur, Bergaratik, Mekolalderantz, trenbide zaharretik. Gustura denak, arin arin; eta Osintxuraino joaten bagara? Proposamen berriari baiezkoa!Ederto. Zalantzarik gabe, aurrera! Bidean bagoaz, gozatuz: baserri ederrak, naturaren berdetasunaz, artelanez, paisaiaz…
Bagenuen gure lagunaren jaioterrira etortzeko gogoa, heldu gara ba! Zubi ederra, eta beste bi artelan, horma-irudi galantak, biak. Osintxu bake-bakean, inor ez kalean, isiltasuna nagusi. Garai baten auzoa bizia zen, gaur ez. Arratsaldeko ordua, giro ilunak… ere eragina izango dute, seguru. Benetako giroa ezagutzeko, beste egun baten bueltatu beharko, alajaina.
Gogoz sendo, hurrengo proposamenari ere baiezkoa. Eta Soraluzera jarraituko bagenu? Aurpegi argiak, oinak arinak, guztiak gogotsu! Herri bitxia, Soraluze; Placencia de las Armas garai baten. Arma industria garrantzitsua, herri estua, luzea, malkartsua… Eta bizi-bizia.
Heldu ala, txokolate goxoa hartzeko aukerari, ezin muzinik egin. Turismoa, gerorako!
Aparkalekua duen zubia, hor ere, horma-irudiak: euskarari aipamena batean, eta emakume langileei omenaldia bestean. Udaletxea, plazak, aldapak, eskailerak… Ez da erraza izango etxetik atera eta paseatzera irtetea, baina hori sarritan egiten duenak kirolari sendoa izango da, entrenatzeko paraje egokia, zalantzarik gabe.
Eskaileretan gora egin, eta txundituta utzi gaitu eliz atariak. Hori edertasuna, egur landuak, zutabeak, habeak… Horrelakorik ikusi gabeak gara gehienak! Hau ikusteagatik, besterik ez bada ere, Soraluzera etortzea merezi.